Ekialde Ertaineko indarkeriaren gorakada kritikatu du EAJ-PNVko eurodiputatuak, Europari diplomazia eta batasuna eskatuz

Herri Irratian egin dioten elkarrizketan, EAJ-PNVko eurodiputatuak deitoratu egin ditu AEBK eta Israelek aldebakartasunez Iranen kontra eginiko erasoa eta Irango erregimen “zapaltzaileak” inguru horretako herrialdeen kontra eman duen erantzuna. “Dagoeneko ezin dugu munduko ordenaz hitz egin, nagusitu dena munduko desordena delako”

Ekialde Ertaineko indarkeriaren gorakada kritikatu du EAJ-PNVko eurodiputatuak, Europari diplomazia eta batasuna eskatuz  03Martxoak
MartxoaK 03 |
Europako Legebiltzarra
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak gaur, asteartearekin, AEBk eta Israelek Iranen kontra eta aldebakartasun osoz hasi dituzten erasoak deitoratu ditu eta, zentzu berean, Irango erregimenak Golkoko hainbat herrialderen kontra eman duen erantzuna ere, desegonkortasun foku berri bat ireki baitute erregioan eta mundu osoan. “Kezka handiz ikusten dugu Iranen eta ,oro har, Ekialde Ertainean gertatzen ari den guztia, AEBk bere aldetik eta aldebakartasunez egin duen erasoa, Ordezkarien Ganberatik igaro gabe eta Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilua baztertuz; bai eta Iranek eman duen erantzuna ere, Europar Batasunaren lurraldea erasotuz Zipren, Erresuma Batuaren basearen kontra. Oso kezkatuta gaude egoera honekin, indarkeriaren gorakadarekin eta munduko desordena nagusitu dela ikusita, dagoeneko ezin baitugu ordena mundialaz hitz egin, munduko desordenaz baizik”, ohartarazi du Herri Irratian egin dioten elkarrizketan.

Agirregotiak berdin kritikatu ditu Washingtoneko gobernutik eginiko erasoak, nazioarteko komunitatearekin kontatu gabe egin direlako, eta Teherango erregimen “zapaltzaile” eta “teokratikoaren” aldetik eman den erantzuna, urteak baitaramatza bere biztanleria erreprimitzen. “Ez dugu bat ere gustuko eta salatu egiten dugu. Batzuk ari dira etengabe giza eskubideak bortxatzen eta beste batzuk erregimen bat aldatzen saiatu dira, nazioarteko segurtasun organismoekin kontatu gabe eta horrek ekarriko dituen ondorioak zein diren jakin gabe”, ohartarazi du.

Elkarrizketa berean aipatu ditu eskualde horretan beste gerra bat pizteak ekarriko lituzkeen ondorioak, Ormuzko itsasartea ixtean hornikuntza kateetan ekarriko lituzkeenak, prezioen gorakadarekin, itsasarte horretatik igarotzen baita munduko petrolioaren %20 . “Itsasontziek ibilbide berriak bilatu behar dituztenean eta ibilbide horiek luzatzen direnean, horrek eragin zuzena du kosteetan eta, ondorioz, nabaritu egiten da (produktuen azken prezioan). Azkenean hiritargoa da horren guztiaren ondorioak ordaintzen dituena, bere poltsikotik ordaindu ere”, ohartarazi du esparru estrategikoan ere autonomia estrategikoa eta burujabetza bilatu beharra dagoela nabarmenduz.

EAJ-PNVko ordezkariak era berean aipatu nahi izan du Europar Batasunaren baitan dauden ahotsen artean ematen den kakofonia, eta batuta erantzuteko beharra aldarrikatu du. “Mezu argia, aspalditik defendatu izan dugunarekin lerrokatuta, hau da, erantzun bakar eta irmoa, lerrokatuta eta sinkronizatua, Europako gure liderren aldetik, gauza guztien gainetik jarriz diplomazia, balio demokratikoak eta irrelebantziara eramango ez gaituen jarduna”, erreklamatu du.

Asteazkenean bertan, Renew Europe taldeko ordezkariek, EAJ-PNV Euro ganberan talde horren barruan dagoelarik, Antonio Costa Europako Kontseiluko presidentea hartuko dute eta eurodiputatu jeltzaleak espero du egoeraren eta Europaren erantzunaren berri ematea. “Emango digun informazioaren zain nago. Ematen du gatazka honek espero baino luzeago joko duela. Atzo esan zen laupabost asteko kontua izango dela. Gaur bertan baztertu egin da lehen aurreikuspen hori, eta ematen du luzeago joko duela. Ez dut uste berehala konpon daitekeen zerbait denik”, deitoratu du.

Interesatu Zaitez