EAJ-PNVren zeregina aldarrikatu du Aitor Estebanek "Euskadi fidagarri" bat eraikitzeko orduan

NEFek gaur eskaini duen gosari informatiboan, EBBren presidenteak alderdi jeltzalearen lidergoa azpimarratu du, herritarren kezka nagusiei erantzuteko tresna gisa, ondorio modura Herri “egonkor, moderatu eta erakargarria” ekarri baitu

EAJ-PNVren zeregina aldarrikatu du Aitor Estebanek 27Otsailak
OtsailaK 27 |
Kongresua

PARTEKATU

Aitor Esteban EAJ-PNVen Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak EAJ-PNVren zeregina aldarrikatu du gaur egun Euskadi den "Herri fidagarria" eraikitzeko lanean. “EAJk ahalegin guztiak egingo ditu Herri fidagarria eraikitzen jarraitzeko. Euskadi jarraitzeko”, esan du. Era berean, alderdi jeltzalearen lidergoa azpimarratu du, demokrazia ezarri zenez geroztik euskal herritarren kezka nagusiei erantzuteko tresna gisa, hala nola osasuna, hezkuntza, etxebizitza edo segurtasuna. "EAJk zeregin garrantzitsua izan du Herri egonkor eta moderatua eraikitzeko, punta puntako industria erakargarriarekin, Estatu mailan lehen tokian dauden eta Europako bataz bestearen gainetik dauden osasun eta hezkuntzan egin duen inbertsioarekin. Bizitza proiektua bertan egiteko moduko Herri fidagarria, bere kultura zaintzen eta babesten duena. Herri fidagarria. Eta horretara dedikatuko gara aurrerantzean ere”. Halaber, PSErekin harremana "oso ona" dela esan du. “Akordioak ez dira medioetan horrenbeste agertzen, baina erakundeetako funtzionamendua bikaina da”, esan du.

Nueva Economia Forumek antolatuta gaur Bilbon eman den gosari informatiboan 250 pertsona inguru bertaratu dira, eta Estebani galdetu nahi izan diote Espainiako Gobernuak desklasifikatu berri dituen 23-Fko dokumentuez, eta erantzun du Espainiako gobernuak “zelofanezko marketinarekin” bilduta aurkeztu duela operazioa. Hala ere, nabarmendu du desklasifikatze horrek argi erakusten duela Estatuak dokumentu erreserbatuak desklasifikatzeko ahalmena  baduela. Nolanahi ere, EBBren presidenteak berretsi du Frankisten 1968ko Sekretu Ofizialen Legea erreformatu egin behar dela: "Euskal Taldean 10 urte daramatzagu lanean Sekretuen Lege berri bat egon dadin. Oso bakarrik sentitu izan gara horretan. Oso arraro begiratzen ziguten. Baina bada garaia Espainiako gobernuak zuzenketak aurkezteko epea desblokea dezan eta Kongresuan erreformari bide eman diezaion”.

Estebanek zuhurtasunez hitz egin nahi izan du Gernikako Estatutua erreformatzeko negoziazioei dagokienez, baina  azpimarratu du “hiru alderdien aldetik borondate argia dagoela akordio bat adosteko lanean jarraitzeko”. Estebanek begi onez ikusi du Kongresuak aste honetan tramitera onartu izana Euskal Taldeak Autonomia Estatutuen aurkako konstituzio-kontrakotasuneko aurretiazko errekurtsoa indargabetzeko egindako proposamena, eta Auzitegi Konstituzionalera jo nahi izanez gero, herritarrek berretsi ahal izatea: "Ezin da aldez aurreko errekurtsorik egon, ez du inolako zentzurik", esan du, eta ekimena epe laburrean izapidetzeko eskatu du.

Azkenik, eta Europari begira, jeltzaleen presidenteak esan duenez “egiaren ordua da": "Jokoan dago Europa garrantzirik gabeko bilakatzea edo ez, orain arteko oparotasunari eustea ala ez. Gehiago esango dut, bere eredu demokratikoari eustea ala ez”. Era berean, Euskadik Europa berri honetan toki propioa izatearen garrantzia azpimarratu du, eta gaineratu du EAJ-PNV "tematuta" dagoela horretan, Oihane Agirregoitia europarlamentari jeltzaleak Europako Parlamentuan egiten duen lan intentsuak eta Estebanek berak Bruselara egin berri duen bisitak erakusten duten bezala. Europara eraman zuen bilera-agenda trinkoari esker, euskal industria eta ekonomia arloko kezka nagusiak helarazi zituen, eta euskararentzat aldarrikatu zuen  Europan “dagokion tokia”. “Une honetan eraikitzen ari da Europa berri hori. Era gure enpresei eta gure gizarteari eragiten die. Euskadiren zeregina bilatu behar dugu Europa berri horretan”.

 

Interesatu Zaitez