Eusko Legebiltzarrak EAJ-PNV eta PSE-EEren testua onartu du kontrako botorik gabe, Espainiako gobernuari horretarako adierazpen espresu bat egin dezala eskatzeko
26Otsailak EAJ-PNVk gaur goizean Eusko Legebiltzarrean lortutako akordio historikoa ospatzen du, Estatuak Vitoria-Gasteizko martxoaren 3ko sarraskian izan zuen papera aitortu dezan. Erreklamazio historikoa da, eta beste urrats bat dakar memoria demokratikoaren eta sarraskiaren biktimen, haien senideen eta Vitoria-Gasteiz hiriaren aitortzaren bidean.
Izan ere, Eusko Legebiltzarrako Osoko Bilkurak gaur goizean jeltzaleek eta sozialistek adostutako zuzenketari oniritzia eman dio. Ekimenak, gainera, oposizioko inoren aurkako botorik gabe egin du aurrera. Onartutako zuzenketak Espainiako gobernuari eskatzen dio, adierazpen espresu baten bidez, Estatuaren papera aitortzeko eta Arias Navarro buru zuen Gobernuaren jardun neurrigabea gaitzesteko; halaber, memoria demokratikoaren esparruan egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeen printzipioak indartzea eskatzen du.
EAJ-PNVko Justizia eta Memoriaren arduradun den Xabier Barandiaran legebiltzarkideak nabarmendu du gaur Eusko Legebiltzarrean emandako aurrerapausoa, memoria demokratikoaren ikuspegitik “jauzi berri bat” ematea ahalbidetzen duela, eta azpimarratu du onartutako ebazpenak “argi uzten” duela “Estatuak bere papera izan zuela” martxoaren 3an. Barandiaranek, halaber, garrantzitsutzat jo du Alderdi Sozialistarekin akordioa lortu izana, eta azpimarratu du Legebiltzarrak “ahalegina egin behar” duela etorkizunari begira eta ikuspegi demokratikotik herri hobe bat eraikitzeko. “Guztion artean, eskutik helduta eta joko-zelai komun bat ezarriz, modu partekatuan aurrera egitea da kontua”, gaineratu du.
Jeltzaleen talde parlamentarioak uste du, halaber, memoria demokratikoaren arloan lehentasuna izan behar dutela gertakari bidegabe eta ilegitimoen gaitzespenak, egiak, erreparazioak eta biktimen aitortzak. Era berean, EAJ-PNVk azpimarratu du garrantzitsua izan dela PSE-EErekin adostasuna lehenestea, une oro jeltzaleen posizio historikoari eutsiz. “Bereziki esanguratsua da akordio hau Alderdi Sozialistarekin lortu izana, gaur egun Estatuan gobernatzen duen alderdia baita. Uste dugu akordio honek urrats bat gehiago hurbiltzen gaituela Estatuak martxoaren 3an izan zuen papera adierazpen espresu baten bidez bere gain har dezan”.
Onartutako zuzenketak, halaber, Kongresuan ordezkaritza duten indar politikoei eskatzen die akordioa lor dezatela Sekretu Ofizialen Legearen erreforma desblokeatzeko —EAJ-PNVren aspaldiko aldarrikapena— eta martxoaren 3ko gertakariei buruz dauden dokumentuen desklasifikazioa errazteko.