Ostegun honetan onartuko den proiektuak 849.889 euroko aurrekontua izango du.
24Otsailak Urnietak futbol-zelai guztiz berritua izango du datorren denboraldian, Jorge Segurado alkateak proiektua aurkezteko gaur eguerdian egindako prentsaurrekoan aurreratu duenez.
Udalak ostegun honetan onartuko du kirolgunea berritzeko proiektua, "urnietarrek kirola egiteko instalazio aproposak izan ditzaten", adierazi du alkateak. Seguradok azaldu duenez, "dozenaka haur eta gaztek egiten dute futbola Urnietan, eta oso garrantzitsua da baliabide onak izatea. Ilusioz beteta gaude hobekuntza garrantzitsu hori aurrera eramateko, herritarrak izango baitira onuradunak". Proiektu handia da, eta 849.889 euroko aurrekontua du.
Hobekuntza garrantzitsuak
Alkateak azpimarratu duenez, "futbol-zelaiaren belar artifizialaren aldaketa, berotze-espazio berri baten sorrera eta gaur egun agerian dagoen harmailaren estalketa" izango dira gauzatuko diren esku-hartze nagusiak.
Futbol zelaia inguratzen duen atletismo pista berritzeari ere aipamen berezia egin dio: "egungo lurra egoera txarrean dago, eta esku-hartze honekin egoera ezin hobean utziko dugu". Horrez gain, esan du erabilgarri dauden lau kaleetako bat kenduko dela "futbol-zelaiaren eta atletismo-pistaren artean segurtasun-zabalera handiagoa izateko", eta, horretarako, belar artifizialez estaliko dela ezabatutako kalea. Pista berriak kolore urdin erakargarria izango du.
Hobekuntzen ezaugarriak
Futbol zelai nagusiko belar artifizialari dagokionez, belarra guztiz aldatuko da, "azken belaunaldiko belar artifiziala instalatuz". Horren inguruan nabarmendu duenez, "belarra birziklatzeko metodo berritzaile bat erabiliko da, udaletik ezartzen ari garen politika berdeekin bateratuta", eta horri esker, tratamendu sanitario baten ondoren materialak berrerabili ahal izango dira.
Berotze-espazio berriak belar artifiziala izango du eta 482,7m2-ko azalera izango du "kirol-instalazioaren espazioa handituz eta bestelako erabilerak ahalbidetuz. Beroketa edo entrenamendu pertsonalizatuetarako erabili ahal izango da".
Agerian dagoen harmailak metalezko eta sandwich paneleko egitura bat izango du. "Estalkiak, harmailez gain, futbol-zelaiaren irteera-sarrera ere estaliko du, bi harmailak lotuz. Horrela, UKEk ireki duen tabernarekin azkenaldian garrantzia hartu duen espazioa babestuta geratuko da", adierazi du Seguradok.
Hobekuntza horiez gain, ureztatze-sistema aldatuko da, eta porteriak eta aulkiak ordeztuko dira.
Proiektua gauzatzeko epeak
Proiektua onartu ondoren, obra lizitaziora aterako da, lanak maiatzaren amaieran has daitezen; izan ere, "zelaia denboraldi berriari hasiera emateko prest egotea nahi dugu", esan du Seguradok. "Espero dezagun dena normaltasunez eta ezustekorik gabe garatzea, eta horrela izatea".
Talde-lana UKErekin
Proiektu hori gauzatzeko UKErekin egindako talde-lana ere balorean jarri du Seguradok: "Elkarrekin lan egin dugu proiektua guztion gustukoa izan zedin, eta oso eskertuta gaude lan-dinamika onagatik eta eskaini diguten lankidetzagatik".
Ilusioa zelai berrian lanean hasteko
Iagoba Ezama UKE-ko presidenteak bere aldetik, esker oneko hitzak izan ditu Udalarentzat, herriaren eta futbol taldeen beharrak ikusi eta irtenbide bat emateagatik: “300 lagun inguru gaude klubean gaur egun, futbol eskolatik hasi eta senior taldeetaraino eta garrantzitsua da instalazioak egoera onean izatea kirol jarduera behar bezala garatzeko”.
Ezamak gaineratu du, egingo den hobekuntzak are eta urnietar gehiago kirola egitera animatzeko balio izatea espero duela: “Ea lortzen dugun oraindik pausoa eman ez duten edo zalantzan dauden gaztetxoak futbolean jokatzen hastera animatzea. Baita, beste talde batzuetan lehiatzen ari diren etxeko jokalariak Urnietara itzul daitezen laguntzea ere, horrela gure taldeak indartuz eta herriko sentimendua sendotuz”.
Udala proiektua onartzear denean, ilusioz beterik daudela adierazi du presidenteak: “obra egiteko eta taldeak instalazio berrian lanean hasteko gogo handiarekin gaude. Zelai berria, harmailak estalita partidak ikustera doazen pertsonentzat, taberna ere estalita, korrika egiten duten pertsonek pista berrian egiteko aukera... hobekuntza handia da eta oso garrantzitsua izango da guretzat".
Kirol instalazioen berrikuntza osoa
Esku-hartze garrantzitsu hori azken urteetan egindakoei gehituz, Urnietak kirol-instalazio erabat berrituak eta kalitatezkoak izango ditu: "2022an kiroldegi berria ireki genuen jauzi kualitatibo bat emanez; skate park bat eta pump track bat ere jarri ditugu; frontoian hobekuntzak egin ditugu, kirol-espazioen argiztapena aldatu dugu; eta laster Kalisteniako parke bat jarriko dugu eta kirol-espazio berri bat egingo dugu Etxeberri plazan". Horrekin guztiarekin, Seguradok baieztatu du punta-puntako instalazioak ditugula.