PNVk ezker abertzaleari leporatu dio enpresarekiko mesfidantza ereitea, eta 110 lanpostu eta Errenteriaren etorkizun industriala babesteko benetako batasuna exijitu du
23Otsailak Errenteriako EAJ-PNV Udal Taldeak kezka sakona adierazi nahi du Papresak publikoki iragarri duen Enplegu Erregulazioko Espedientea (EEE) dela eta. Izan ere, neurri horrek plantako 110 langileri eragingo lieke.
Elixabete Murua bozeramaileak adierazi du: “gure kezkarik nagusiena langileen eta haien familien egoera da, hain zuzen ere, ziurgabetasun eta kezka handiko egoeran daude lan-etorkizunari dagokionez”. Hori dela eta, EAJ-PNVtik gure elkartasun, hurbiltasun eta babes osoa helarazi nahi diegu, eta, aldi berean, haien eskubideak, ongizatea eta enplegua mantentzeko konpromiso irmoa berresten dugu.
Uste dugu, langileen onerako, enpleguaren onerako eta gure udalerriaren etorkizun industrialaren onerako, ezinbestekoa dela enpresaren, ordezkaritza sindikalaren eta inplikatutako erakunde guztien arteko elkarrizketa eta lankidetza bide guztiak aktibatzea; besteak beste, Eusko Jaurlaritza eta Errenteriako Udala. Alde batetik, jarduera industriala mantentzeko eta, bestetik, erabaki horrek lan esparruan izan dezakeen eragina ahalik eta gehien minimizatzeko. “Errenteriak ezin du enplegu industriala galdu, ezta bere produkzio ehuna ahuldu ere”, adierazi du Muruak.
EH Bilduren inkoherentzia eta demagogia Papresaren auzian
EAJ-PNVtik EH Bilduren inkoherentzia eta demagogia salatu nahi dugu. Errenteriako Papresak bizi duen egoerari dagokionez agerikoa baita. “Errenterian ondo dakigu Papresak hamarkadetan zer ekarri duen: familia askorentzat enplegu industrial egonkorra, jarduera ekonomikoa eta eskualdean errotzea”, azaldu du Elixabete Muruak.
Hala eta guztiz ere, urteetan zehar EH Bilduk etengabeko jarrera kritikoa mantendu du enpresaren jarduera industrialarekin. Bozeramaile jeltzalearen iritziz, “haien ekoizpen-eredua zalantzan jarri dute, eta arreta jarduerak sortzen dituen eraginetan eta eragozpenetan jarri dute, hau da: zaratan, usainean edo trafikoan. Are gehiago, modernizazio eta garapenera bideratutako ekimenen aurrean mesfidati agertu dira. Horren harira, EH Bilduk uztaileko osoko bilkuran posizionamendu horrekin alineatutako mozio baten alde egin zuen”.
Dena den, orain, ziurgabetasunak langileen familiak eta udalerri osoa kolpatzen dituen une honetan, tokiko industriaren inguruan mesfidantza giroa behin eta berriz elikatu dutenek enpleguaren defendatzaile gisa aldarrikatzen dute haien burua, eta “100 familia baino gehiagoren egoeraz kezkatuta” daudela esan. Ez da serioa. “Ezin da enpresa estrategiko baten etorkizunaren inguruan etengabe zalantza erein, eta ondoren jarrera horren ekarritako eraginagatik damutu”, salatu du Muruak.
EAJ-PNVtik beti defendatu dugu garapen industriala, jasangarritasuna eta kalitatezko enplegua bateragarri egiteko beharra. Errenteriak industria sendoa, modernoa eta lehiakorra behar du, eta horrek erantzukizun politikoa, egonkortasuna eta enpresei eraldaketa prozesuetan laguntzeko apustu argia eskatzen du, ez berriz oztopoak jartzea.
Gainera, EAJ-PNVk ez du partekatzen EH Bilduk Gipuzkoan aurreikusita zegoen paperaren tratamendurako eta balorizaziorako aurreikusita zegoen instalazio nagusietako bat gelditzeagatik eginiko ospakizuna. Izan ere, instalazio horrek Papresari urtean gutxi gorabehera 6 milioi euroko kostu gehigarria bere gain ez hartzea ahalbidetu lioke, eta bere hondakinak Zaragozara eraman behar izatea ekidingo.
Errenteriaren etorkizun industrialaren alde benetan lan egiteko unea da, seriotasunez eta zorroztasunez, ez eta langileen kezkaz baliatzea oportunismo politikoa egiteko. Errenteriako EAJ-PNVtik, Elixabete Muruak berretsi du “industriarekin, kalitatezko enpleguarekin eta, batez ere, gaur egoera hau kezka handiz bizi duten pertsonekin dugun konpromisoa”. Horregatik,“lanean jarraituko dugu, udal esparrutik eta beste erakundeekin koordinatuta, gure udalerriaren etorkizun ekonomiko eta soziala defendatzeko”, amaitu du.