Lazkaoko EAJ-PNVk herriaren garbitasuna eta elkarbizitza zaintzearen garrantzia azpimarratu du

Talde jeltzaleak espazio publikoaren erabilera arduratsua eskatu du, adierazpen askatasuna eta ondasun publiko zein pribatuen errespetua bateragarriak direla azpimarratuz

Lazkaoko EAJ-PNVk herriaren garbitasuna eta elkarbizitza zaintzearen garrantzia azpimarratu du 20Otsailak
OtsailaK 20 |
LAZKAO

PARTEKATU

Lazkaoko EAJ-PNVk herriko espazio publikoaren zaintzaren inguruko kezka helarazi nahi izan die lazkaotarrei, azken asteetan pankarten, panfletoen eta pintaden ugaritzea antzeman ondoren. Talde jeltzalearen ustez, egoera horrek herritarren artean ondoeza sortzen du eta Lazkaoren irudiari zein hiri inguruneari kalte egiten dio .

Alderdi jeltzaleak herri garbi, zaindu eta segurua aldarrikatu du, elkarbizitza eta errespetua oinarri dituena. “Adierazpen askatasuna funtsezko eskubidea da, betiere ondasun publikoak eta pribatuak errespetatuz eta guztion espazio publikoa modu ordenatuan erabiliz”, adierazi dute EAJ-PNVko ordezkariek.

Ildo horretan, Lazkaoko EAJ-PNVk Udalak dagoeneko kartelak jartzeko panel espezifikoak jarrita dituela gogorarazten du, eta ezin direla eraikinetako paretak edo auzo-elkarteen hormak erabili. Talde jeltzalearen esanetan, “panel gehiago behar badira, hori planteatzeko bide egokiak badaude, baina ezin da onartu kartelak edo pintadak edozein tokitan egitea”.

Talde jeltzaleak jokabide desordenatu horiek garbiketa-kostuak handitzen dituztela azpimarratu du, eta gastu horiek, azken finean, herritar guztiek ordaintzen dituztela. “Herriaren zaintza guztion ardura da, eta Lazkaok berezkoa duen eta merezi duen irudia zaintzea ezinbestekoa da”, nabarmendu dute.

Amaitzeko, Lazkaoko EAJ-PNVk herritar guztiei dei egin die erantzukizunez jokatzeko eta espazio publikoa errespetatzeko, elkarbizitza, zaintza eta errespetua oinarri dituen Lazkao baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsiz.

Interesatu Zaitez