Bozeramaile jeltzaleak ezkutu soziala zabaltzeko akordioa eta berrerortze anizkunaren legearen erreforma nabarmendu ditu Euskal Taldeak Madrilen egin ohi duen lanaren adibide gisa, eta adierazi du proposatzaile izaten jarraituko duela egungo legealdiak iraun bitartean
Maribel Vaquerok, Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, gaur defendatu du talde jeltzaleak Madrilen Gobernuarekin eta hango beste talde parlamentarioekin eginiko negoziaketetan mahai gainean jartzen dituen alternatibek muturreko jarreretara jotzeko joera saihestea bilatzen dutela. “Zentraltasunaren eta moderazioaren bermatzaile da EAJ-PNV”, eta printzipio horiekin heltzen dio EAJ-PNV-k lan esparru guztietan. Eta Madrilen, hain zuzen ere, Euskadiren interesen defentsan gidatutako lan diskretuak, parlamentuko errealitatea zein den jabetuta, “azken aste honetan lortu ditugunak moduko emaitzak jasotzera eramaten gaitu” adierazi du.
Hala hitz egin du Pedro Sánchezen Gobernuarekin ezkutu soziala zabaltzeko adostu den akordioaz, alderdi guztiekin aldez aurretik ez negoziatzeagatik pentsioen dekretua beste laguntza sozial batzuk bertan behera geratu zirela ikusita, fitxa mugitu behar izan baitu eta Euskal Taldearen eskariak kontuan hartu. “Gure proposamena dogmatismo ideologikoetatik urrun dago, benetako arazoei erantzuten die eta laguntza ematen die zuzenean ez dagokien zama bat beren gain hartzera derrigortuta egon diren jabe txikiei eta zaurgarritasun egoeran dauden edo erortzeko arriskuan egon daitezkeenei”.
Era berean azaldu du Euskal Taldeak Madrilen egin ohi duen lanaren beste adibidea dela datorren astean bertan Kongresuan berriz eztabaidatuko den berrerortze anizkunaren legea, argi ikusi baita egiten dituen proposamenek muturreko jarrerak saihesten eta proiektuak ahalik eta adostasunik handienarekin lortzen laguntzen dutela.
“Segurtasunaz eta etxebizitzaz arduratuta dagoen hiritargoa dugu, eta azken hilabeteotan proposamen hauekin biokin lortu ditugun akordioek (berrerortze anizkunaren legea eta ezkutu sozialaren dekretua) proposamen moderatuekin erantzuten diete ardura horiei. Vaquerok gaineratu du alderdi jeltzaleak alternatibak eskaintzeko eta "zentralitatean" kokatzeko duen gaitasuna, "EAJ eta euskal hiritargoaren gehienak bertan baitaude", eta alderdi jeltzalea dogmatismo ideologikoetatik urrun dagoela.
Kritikak parlamentuko muturretatik iristen zaizkigunean, Podemosek azken egunotan eginikoak edo PPk behin eta berriz egindakoek bezala, erakusten digute gu erdiko bidetik goazela. Horixe da gure bidea, estremismoetatik ihes egin nahi dugu eta politikan elkarrizketa posible dela eta akordioak lortzeko modua dela erakutsi nahi dugu. Proposamenak egiten jarraituko dugu Madrilen", gaineratu du.