Osakidetza eta EAEko osasun-ikerketako institutuak minbiziaren arreta integraleko bikaintasunaren Europako akreditazioa lortzeko hautagai izendatu dituzte
04Otsailak Minbiziaren aurkako Munduko Egunean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak iragarri du Osakidetza eta EAEko osasun-ikerketako institutuak minbiziaren arreta integraleko bikaintasunezko osasun-sistemaren Europako akreditazioa lortzeko hautagai izendatu dituztela.
Aintzatespen hori Europa osoan kalitate goreneko arreta onkologikoa eskainiko duten erreferentziazko zentroen sare bat sortzera bideratutako European Network of Comprehensive Cancer Centres (EUnetCCC) izeneko Europako proiektuaren parte da. Helburua da 2028rako Europan minbizia duten pertsonen % 90ek tratamendu aurreratuak, ekitatiboak eta pazientea ardatz dutenak jaso ahal izatea, non bizi diren kontuan hartu gabe.
Bikaintasunaren eta pertsonak ardatz dituen arretaren aldeko apustua
Akreditazio horren estandarrak bat datoz 2030eko Euskadiko Onkologia Plan Integralarekin, hots, gure Erkidegoan minbiziaren aurkako borroka gidatzen duen ibilbide-orriarekin. Haren inplementazioak indartu egiten du Osakidetzak eta Osasun Sailak arreta koordinatuagoa, hurbilagoa eta kalitatezkoa eskaintzeko hartu duten konpromisoa.
Testuinguru horretan, bularreko minbizia ardatz duen lehen lantalde bat sortu da dagoeneko, eta eredua izango da beste minbizi mota batzuetan (hala nola haurren minbizian, kolon eta ondestekoan, biriketakoan edo prostatakoan) antzeko laguntza-ibilbideak diseinatzeko. Ibilbide horien helburua da prozesuaren fase bakoitzean etengabeko laguntza bermatzea, diziplina anitzeko taldeekin eta pertsonen premia errealak ardatz izango dituen arretarekin.
Baheketa-programetan egindako aurrerapenak
Detekzio goiztiarreko programak Onkologia Planaren funtsezko piezak dira. 2026. urtean, Osakidetzak zabaldu eta hobetu egingo ditu baheketak. Aurten Euskadin minbiziaren detekzio goiztiarraren esparruan izango diren berritasun nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira:
Euskadiko Onkologia Plan Integrala 2030
Osasun Sailak eta Osakidetzak pazienteen elkarteekin batera landu duten eta Europarekin eta Euskadiko Osasun Itunarekin bat datorren Onkologia Planak minbizia duten pertsonen biziraupena eta bizi-kalitatea hobetzeko 142 ekintza biltzen ditu. Hiru ardatz nagusi ditu: prebentzioa, detekzio goiztiarra eta arreta pertsonalizatua. Gainera, ikerketa, berrikuntza eta teknologien (hala nola adimen artifizialaren) erabilera bultzatzen ditu baheketa- eta diagnostiko-programak optimizatzeko.
Horrekin guztiarekin, Europan erreferentziazkoa den, pertsonak ardatz dituen eta ebidentzia zientifikoan oinarrituta eta minbiziarekin bizi direnei bizitza hobea bermatzera bideratuta dagoen arreta onkologikoarekin duen konpromisoa indartuko du Euskadik.
Iturria: Irekia