Estefanía Beltrán de Herediak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako arduradunari galdetu dio ea zer irizpide tekniko-epidemiologikok mugatu duten txertaketa Gipuzkoara soilik
EAJ-PNVren Senatuko bozeramaile Estefanía Beltrán de Herediak dermatosi nodular kutsakorragatiko txertaketa Euskadi osora zabaltzeko eskatu dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroari. Gaurko Gobernuaren kontrol-saioan, Beltran de Herediak Luis Planasi ohartarazi dio txertaketa Gipuzkoako ustiategietara mugatzeko erabakiak "ez duela suebaki epidemiologikorik bermatzen, eta babes sentsazio faltsua ere sor dezakeela, kutsatzeko arriskua areagotuz".
Bozeramaile abertzaleak azaldu duenez, mugikortasunak eta EAEko hiru lurraldeetako ustiategien arteko harremanak zaildu egiten du txertatutako abereen eta immunizatu gabekoen arteko kontaktua saihestea, eta horrek kutsatzeko arriskua dakar. "Ustiategi batetik bestera gizentzeko ateratzen diren txahalak, mendiko larre komunalen aprobetxamendu partekatua... Euskadiko abeltzaintza estentsiboaren ereduaren ezaugarri dira", zehaztu du.
Beltran de Herediak Luis Planas ministroari esan dio behien sektorea "kezkatuta eta nahasita" dagoela zalantzan jarri duen neurri horren eraginkortasunagatik. "Sektoreak ziurtasunak, segurtasuna eta babesa behar ditu", horrelako osasun-mehatxuei aurre egiteko, "baina ministerioak, egoera larri honen aurrean, ziurgabetasuna eta babesgabetasuna sortzen ari zaie; erabakia berriz aztertzeko garaiz zaudete", esan dio ministroari.
Euskal administrazioek ere zalantzan jarri dute txertaketa "mugatua eta berme gutxikoa", eta Arabara eta Bizkaira zabaltzea eskatu dute, baina ministerioak "sektoreari entzungor egiten eta Eusko Jaurlaritzaren proposamenei begiak ixten” jarraitzen du. Izan ere, Lakuak kostuetan laguntzeko eskaintza egin zuela ikusita, "uste dugu ezezkoa ez dela arrazoi ekonomikoen ondorio, eta txosten teknikoek bermatu eta bermatuko dutelakoan gaude; orain arte Eusko Jaurlaritzarekin partekatu ez diren txostenak”. Hori dela eta, erabakia "zehazki zein irizpide tekniko epidemiologikok" oinarritzen duten jakitea eskatu du, eta ministroak erantzun du "zuhurtziazko arrazoiak" direla, "zientifikoak eta albaitaritzakoak", eta gaineratu du “hortik aurrera Europako Batzordearen erregelamendu exekutibo batek bermatu behar duela, gaixotasun horren berritasuna dela eta".