Joseba Díez Antxustegik txalotu egin du Zupiria sailburuak delituak egiten dituzten pertsonen jatorriari buruzko datuak argitaratzeko izan duen ausardia

Bozeramaile jeltzaleak ohartarazi du: “Herritarren konfiantza berreskuratu nahi badugu, ezin dugu informazioa ezkutatu”.

Joseba Díez Antxustegik txalotu egin du Zupiria sailburuak delituak egiten dituzten pertsonen jatorriari buruzko datuak argitaratzeko izan duen ausardia 04Abenduak
AbenduaK 04 |
Eusko Legebiltzarra

PARTEKATU

Joseba Díez Antxustegik, EAJ-PNVren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, goizean babestu du Segurtasun Sailak delituak egiten dituzten pertsonen jatorriari buruzko datua prentsa-oharretan txertatzeko hartu duen erabakia. Era berean, ordezkari jeltzaleak azpimarratu du Zupiria sailburuak erabaki hori hartzean erakutsitako ausardia. Izan ere, urrats hori beste autonomia-erkidego batzuk ere egiten ari dira, hala nola Katalunia. “Erantzukizuna bere gain hartzen duen eta erabakiak hartzen dituen Sailburu eta Gobernu bat dugu”, azaldu du.

Goizean Eusko Legebiltzarrean egin den Osoko Bilkuran, Díez Antxustegik gardentasuna defendatu du desinformazioari eta interesatutako gezurrei aurre egiteko funtsezko tresna gisa. “Fake news-ei aurre egiteko, herritarren aurrean zenbait datu ezkutatzea da bururatzen zaizuen ideiarik onena?”, galdetu die oposizioko taldeei. “Herritarren konfiantza berreskuratu nahi badugu, ezin dugu informazioa ezkutatzearen alde egin”, azpimarratu du.

Bozeramaile jeltzaleak gogorarazi du datu horiek jada alderdi politikoen esku daudela eta Europako beste herrialde batzuetan normaltasunez argitaratzen direla. Azpimarratu duenez, informazio hori baliagarria da prebentzio-politikak diseinatzeko, eta hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren segurtasun-jardueren azken helburua.

Díez Antxustegik nabarmendu du segurtasuna funtsezko gaia dela edozein gizarte demokratikotan, eta “okerra litzatekeela” Euskadiko auzo jakin batzuetan gertatzen diren egoerez arduratuta dauden herritarrak ideologia jakin bati lotzea. “Legebiltzarra kalean, fabrikan eta auzoetan kezka eragiten duten gaiez hitz egiteko leku izan behar da. Ezin diegu herritarrei bizkar eman, ezta eztabaidak zentsuratu ere. Eta ezin ditugu diskurtso jakin batzuk muturrekoen eta populisten esku utzi, gutxieneko etikaren jabe ez direnen esku. Oso arriskutsua da hori”, ohartarazi du EAJ-PNVko bozeramaileak.

Interesatu Zaitez