Vaquero: "Sánchezen Gobernuak estatu plurinazionala defendatzen badu, hizkuntza eskubideak babesten dituen legeari baietza eman beharko lioke"

Euskal Taldearen bozeramaile Maribel Vaquerok euskara eta beste hizkuntza ofizialen aldeko lege organikoaren proposamena defendatu du

Vaquero: 03Abenduak
AbenduaK 03 |
Kongresua

PARTEKATU

“Lege honekin hizkuntza eskubideak bermatuak izan daitezela lortu nahi dugu. Dokumentazioaz aparte, eskatzen duguna ere bada Estatuko administrazioan eta Justizian sortzen diren bakante horiek betetzean hizkuntza eskakizunak bete daitezela. Hau da, euskaldun guztiok daukagun aukera eta eskubidea gure hizkuntzan artatuak izateko eta tratatuak izateko, eskubide hori baliatu ahal izateko”, defendatu du Maribel Vaquerok, Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaileak, Euskararen Nazioarteko Egunean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.

Vaqueroren esanetan, joan den astean beste talde parlamentario batzuekin batera aurkeztutako ekimen hau, Eleaniztasuna eta Herritarren Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Lege Organikoaren Proposamena, Espainiako Gobernuak babestu beharko luke: “Sánchezen Gobernuak estatu plurinazionala defendatzen badu, aniztasuna dagoen Estatu horretan sinesten badu, hizkuntza eskubideak babesten dituen legeari baietza eman beharko lioke”.

Legegintzaldiaren egoerari dagokionez, bozeramaile jeltzaleak esan du positiboa dela presidenteak  onartzea, beste talde batzuekin alderatuta, ez betetzeak eman direla; baina oraingoz EAJren eta Sanchezen arteko inbestidura ituna betetzen ari dela esan du, nahiz eta gauza batzuk falta diren: "Ezin dezakegu esan ezer bete ez denik, izan dira betetze maila ezberdinak. Transferentzienak gelditzen zaizkigu bidean, eta ikusiko dugu urtea amaitu baino lehen betetzen diren ala ez. Atzetik arituko gara". “Une oro dauzkagu kontaktuak gobernuarekin. Zailtasunak mahai gainean jartzen dituzte (Ministroek), baina kontrakoa esaten ez den bitartean guk aurrera egingo dugu", gaineratu du.

PPren jarrerari dagokionez, Vaquerok leporatu dio PP beti dabilela “bere joko horretan, bere ezintasuna inori leporatzen". Eta  gogorarazi dio bere jokabide horrek ez diola emaitza onik ematen: "Bere estrategia horrek ez dio botere handiagoa ematen; ahuldu besterik ez du egiten, eta  botere hori Vox taldera igarotzen da".

Legegintzaldia "agonia puntu batean sartuta dagoela” esan du berriro bozeramaile jeltzaleak, baina legegintzaldiaren jarraipena Sanchezen eskuetan dagoela onartu du, nahiz eta “eguneroko albisteak  gustatzen ez zaizkigun”. Ildo beretik esan du Espainiako gobernu hau ez litzatekeela zaindu behar “datorrena okerragoa izango den beldurragatik”: “Guk gure ibilbidea egin behar dugu, Euskadiren aldeko politika egingo dugu beti, alderdi abertzalea gara, baina ezin gara mehatxu-jo horietan sartu".

 

Interesatu Zaitez