Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena Euskararen Nazioarteko Egunean

Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena Euskararen Nazioarteko Egunean 03Abenduak
AbenduaK 03 |
EBB

PARTEKATU

Abenduaren 3a egun berezia da beti. Gure nortasunaren ikurraren eguna da. Batzen eta bereizten gaituen horren eguna. Euskara Euskal Herriaren berezko hizkuntza bait da, sentimendu nazionalen edo atxikipen ideologikoen gainetik.

Euskara Europako hizkuntzarik zaharrena da, bai, baina batez ere etorkizuna duen hizkuntza da. Euskara ofiziala izango da Europan lehenago edo geroago eta Euskadin, Madrilen eta Bruselan gogor eta tinko jarraituko dugu lanean lehenbailehen lortzeko.

Garaipen asko, aurrerapauso handiak egin ditu euskarak azken hamarkadetan. Gaur bidegurutze batean gaude. Globalizazioaren eta adimen artifizialaren mundu honetan jauzi kualitatibo bat eman behar du gure hizkuntzak. Egunero biziberritzen jarraitu behar dugu bere erabilera esparru guztietan bermatzeko.

Gure hizkuntza, zoritxarrez, erasotzeko erabiltzen den aitzakia ere bada. Batzuek ez dute onartzen gure lurraldean ofiziala izatea eta milaka eta milaka lagunek, egunero, lan egiteko, ikasteko, jolasteko, eztabaidatzeko edo maitatzeko erabiltzea. Mezu bat euskaraz entzun eta “pim pam pum” bururatzen zaie gure hizkuntzarekiko gorrotoa azalaraziz.

Bestaldetik, prozesu publikoetan euskara babestea eta segurtasun juridikoa bermatzea proposatu ditugula jakina da. Euskararen erabileraz izandako epaiek sortu duten kezka egoeraren aurrean, Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko eta euskaldunen eskubideak bermatzeko Lege Proposamena Eusko Legebiltzarrean onartuko dugulakoan gaude, adostasuna lortzeko gaitasuna eta borondatea dugulako.

Gaur euskararekiko engaiamendua berresten dugu. Gure hizkuntza. Batzen eta bereizten gaituena. Zugan, nigan, gugan. Euskararen Nazioarteko Egun zoriontsua!

Interesatu Zaitez