Oihane Agirregoitiaren eurodiputatuak Europako Batzordeak aurkeztutako ekitaldi eskuordetuaren aurka bozkatu du gaur, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak lurralde okupatuari buruz emandako epaia errespetatzen ez duela iritzita
26Azaroak Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko eurodiputatuak atzera bota du gaur bertan, asteazkenarekin, Europako Parlamentuaren osoko bilkuran egindako bozketan, Europako Batzordeak Mendebaldeko Saharatik datozen fruta eta barazkien jatorrizko etiketak aldatzeko proposatutako ekitaldi eskuordetua, aldaketak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2024ko epaia errespetatzen ez duela iritzita. Epai horrek ezartzen duenez, jatorrizko etiketetan argi eta garbi bereizi behar dira Mendebaldeko Saharatik datozen produktuak eta Marokotik datozenak.
Oztopo hori saihesteko eta saharar lurraldea ez aipatzeko, Europako Batzordeak jatorrizko herrialdearen ordez bi izen administratibo jarri nahi ditu -- "El Aaiún-Sakía El-Hamra" eta "Dakhla Oued Ed-Dahab" -- etiketan saharar jatorria aipatzea saihestuz. Agirregoitiaren ustez, argudio horrek Europako kontsumitzaileak nahas ditzake beste herrialde batzuetan antzeko izendapen geografikoak daudelako. Europako Batzordeak eta Marokok "gardentasunik" gabe negoziatu zuten Elkartze Akordio Euromediterraneoaren esparruan, eta ez ditu errespetatzen Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiak.
"Europako Batzordeak proposatzen duenak EBko Auzitegiaren epaia urratzen du, eta bete egin behar du. Europako justiziak argi eta garbi esan baitzuen Mendebaldeko Sahara Marokotik bereizitako eta bestelako lurraldea dela, eta ezin dela merkataritza-akordio batean sartu saharar herriaren baimenik gabe. Mendebaldeko Saharatik datozen produktuak horrela ez zehazten uzten badugu, saharar herriari bizkarra emango diogu ", adierazi du
EAJ-PNVko eurodiputatuak urriaren hasieran galdera sorta bat bidali zion Europako Batzordeari, EBk eta Marokok lortutako akordioaren eta produktuen etiketen inguruan, baina oraindik ez du erantzunik jaso. Ordezkari jeltzaleak galdetu zuen ea Europako Batzordeak saharar herriaren baimena lortu zuen urriaren 6an iragarritako behin-behineko akordiorako, eta ea nortzuk izan ziren kontsultatutako alderdiak. Agirregoitiak gaurko bilkura baliatu nahi izan du EAJ-PNVk saharar herriari eta bere etorkizuna libreki erabakitzeko duen eskubideari emandako babesa nabarmentzeko.