Europako Alderdi Demokratak urtero egin ohi duen Kongresuan, gaur, BECen, euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa erabiliz egin duen diskurtsoan eta ekitaldira gonbidatutako 20 ordezkaritzen aurrean, hauen artean Pradales Lehendakaria eta Oihane Agirregoitia europarlamentari jeltzalea, EAJ-PNVren EBBko presidenteak “erdigune politikoa” aldarrikatu du polarizazioa eta muturreko ideiak nagusi diren testuinguruan
21Azaroak “Harreman zuzenagoa behar dugu europar erakundeekin. Nazio bat gara, eta espazio propioa aldarrikatzen dugu Estaturik gabeko nazioentzat, erregioez bestelakoa. Europak estatuen barneko aniztasuna aitortu, onartu behar du, errealitate giza-politikoak egokitu. Bere hasierako printzipioei men egingo balie ezin luke bere hizkuntza ondarea baztertu, ezta Euskadi bezelako nazio-eskaerei entzungor egin. Europa indartsua izango da, baldin eta bakar egiten duen hori babesteko gai bada”. Hauxe izan da Europako Alderdi Demokrataren Kongresuan Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak bidali duen mezu nagusia, gaur bertan PDEren presidenteorde izendatua izan delarik.
BECen egin da 20 herrialdetatik etorri diren 20 alderdi politikoko 76 ordezkari batu dituen ekitaldia. Estebanek europazaletasun sakona adieraziz hitz egin du gaur, EAJ-PNVren berezko izaerarekin bat etorriz. “Herri zaharra da gurea, baina sekula ere ez iraganari begira geratu den Herria. Bizirauten jakin izan dugu, unean uneko egoerara moldatuz eta aurrera eginez. Eta, izpiritu hori berori da gaur Europari eskaini nahi dioguna. Horregatik, tamainaz txikia baina duintasunez erraldoia den nazio honetatik esan nahi dugu Europak aniztasun gehiago behar duela, eta ez gutxiago; hizkuntza gehiago, eta ez gutxiago; herri aitortu gehiago, eta ez gutxiago”. Lau hizkuntza erabiliz egin du gainera: euskara, ingelesa, frantsesa eta alemaniarra, euskara Europar Batasuneko hizkuntza ofizialtzat aitortua izatea exijituz.
EBBren presidenteak muturreko ideiek eta mezu polarizatuek aspaldi honetan hartu duten indarra aipatu nahi izan du, eta erdigune politikoaren garrantzia aldarrikatu du: “Gaur egun iraultzailea, disruptiboa, ausarta, berria… erdigunea aldarrikatzea da! Nork esango zuen! Oreka aldarrikatzea; elkarrizketa; egonkortasuna; akordioak; irtenbide errazak baino, konponbide konplikatuak. Eta, hori dena, erdigunea da, gu geu gara. Erdigunea erantzukizuna da. Herri bat apurtu beharrean, zutik mantentzeko erabakiak hartzen diren espazioa da”.
Ekitaldian aurkezle lanak egin ditu Aitana Agirrek, Europako Parlamenturako EAJ-PNVk osatu zuen zerrendako kidea. Irekierako beste hizlariak izan dira Imanol Pradales Lehendakaria eta Oihane Agirregoitia europarlamentari jeltzalea.
Imanol Pradales Lehendakariak azpimarratu du Europa lankidetza berezirako eredua dela, munduan parerik ez duena, lehiakortasuna, giza eskubideak eta bizitza kalitatea uztartzen baititu. Imanol Pradalesen aburuz, aurreko mendeko inertziekin apurtu beharko lukeen eredua da, horiek ez baitiote egungo munduari erantzuten. Ildo beretik esan du Batasunak bere sorrerako izpirituari eutsi beharko liokeela, non humanismoa eta pertsonen duintasuna erdigunea diren.
Testuinguru horretan, Imanol Pradalesek europar lidergo berri bat erreklamatu du, estatuen ikuskera zaharrak gainditu eta Estaturik gabeko Nazioek eskaintzen dituzten gaitasun guztiak baliatuko dituztenak, horien artean Euskadi. “Europako marko finantzario berriaren erabaki-gunea soilik hiriburuetara transferitzearen kontra gaude”, esan ondoren gaineratu duenez “maila anitzeko benetako gobernantza behar da, termino politikoetan eta finantzarioetan koerabakia ahalbidetuko duena” gehiengoen sistema arin batetarantz joateko, aurrera egin ahal dutenek egin dezaten, aurka daudenen betorik gabe.
Azkenik, Lehendakariak bultzada politiko berri bat ematea proposatu du, inoizko Europa erabakitzaile eta batuena lortzera begira, neo-inperialismoen gorakadari aurre eginez, ahots bakar eta sendoarekin ekin diezaion. “Egiteko ordua da, eta ekintzak lehentasun argiak eta erabakimena eskatzen ditu”, amaitu du.
Bestalde, Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak ohartarazi du bizi dugun aldaketa sakonen uneaz, "egonkortasuna, elkarrekiko errespetua eta aurreikusteko gaitasuna" bermatzeko diseinatutako arauekin zalantzan jarri den nazioarteko eszenan. Errealitate berri horren aurrean, zentroko alderdien papera aldarrikatu du, izan ere, "zarata garaian moderazioa ausardia ekintza bat da, polarizazio garaian elkarrizketa eraldaketarako tresna bat da, eta ziurgabetasun garaian adostasunak bilatzea lidergo indartsu eta demokratiko baten froga da". Agirregoitiak, halaber, zentrotik "argitasuna, erantzukizuna eta itxaropena" eskaintzeko deia egin du. "Ez gaitzatela nahastu ekidistantzien kontu horrekin. Guk ondo dakigu zentralitatea eta koherentzia zer diren. Proiektu bat da, Europa eta mundua ulertzeko modu bat eta etorkizun hobe baten aldeko apustua ", defendatu du.
Halaber, gaurko bilkuran bi eztabaida-mahai eratu dira gazteen egoeraz eta demokrazien arteko nazioarteko lankidetza handiago eta hobe baten beharraz, eta bi hitzaldi eskaini dira Thierry Breton eta Paolo Benantiren eskutik. Azkenik, adierazpen bat onartu da, zeinaren bidez Europako Alderdi Demokrata osatzen duten talde politikoek “aniztasunarekiko, berdintasunarekiko eta bizitza politikoan inklusioa sustatzearekiko konpromiso sendoa” berretsi baitute.
Aitor Estebanen hitzaldia, Europako Alderdi Demokrataren kongresuan
Imanol Pradales Lehendakariaren hitzaldia, Europako Alderdi Demokrataren kongresuan
Oihane Agirregoitiaren hitzaldia, Europako Alderdi Demokrataren kongresoan
Ordezkaritza inklusiboari buruzko Europako Demokraten Adierazpena