Oihane Agirregoitiak EB-Mercosur Akordioaren gakoak eta aukerak aztertu ditu Sabino Arana Fundazioan

EAJ-PNV alderdiaren ordezkaritzan diharduen europarlamentariak azpimarratu duenez, "alianza burutsuak egin behar ditugu, gure industriarako aukera berriak sortzeko xedez"

Oihane Agirregoitiak EB-Mercosur Akordioaren gakoak eta aukerak aztertu ditu Sabino Arana Fundazioan 17Azaroak
AzaroaK 17 |
Europako Legebiltzarra

PARTEKATU

Oihane Agirregoitia EAJ-PNV alderdiaren izeneko europarlamentariak hitzaldia eskaini du astelehen honetan Sabino Arana Fundazioan. Bertan, Europar Batasunaren eta Mercosurren arteko elkartze-akordioaren gakoak, aukerak eta erronkak azaldu ditu. Izan ere, akordio hori munduko merkataritza-itun handienetakoa da eta tresna estrategikoa da Europako eta Euskadiko ekonomiaren etorkizunean.

Agirregoitiak gogorarazi duenez, 25 urteko negoziazioen ondoren, EBk eta Mercosurreko herrialdeek (Brasil, Argentina, Uruguai eta Paraguai) akordio politiko berria ondu zuten 2024ko abenduan, eta Europako Batzordeak iragan irailean aurkeztu zituen onarpen formalaren prozesuari heltzen dioten testuak. Elkarrizketa politikoa, lankidetza eta merkataritza uztartzen dituen itunak 750 milioi lagunetik gorako eremu ekonomikoa sortuko du, eta munduko eskualde arteko merkataritza libreko eremurik handiena izango da.

Europako Parlamentuko kideak azpimarratu duenez, akordioak aukerak eskaintzen ditu «merkatuak dibertsifikatzeko, hornidura-kateak indartzeko, lehengai kritikoak eskuratzeko eta gure industriaren lehiakortasuna hobetzeko», eta, aldi berean, berme indartuak dakartza iraunkortasunaren, Europako estandarren babesaren eta nekazaritzako elikagaien sektorerako babesaren arloan.

Ildo horretan, gogorarazi du testuak erantzun azkarreko tresnak arautzen dituela –besteak beste, muga-zergen abantailak aldi baterako etetea edo muga-zergak handitzea– Mercosurretik egindako inportazioek Europako ekoizleei kalte egiten badiete, bai eta etengabeko zaintza, aldebiko batzordeak eta eztabaidak ebazteko prozedurak ere. 350 jatorri-deituraren babesa ere nabarmendu du, horien artean Idiazabal gaztarena edo Nafarroako patxaranarena.

Agirregoitiak aitortu du akordioak kezka sortu duela nekazaritzako eta abeltzaintzako sektoreetan, bereziki Frantzian, Irlandan edo Polonian, baina berretsi du "beldurrak legitimoak" direla eta "laguntza-neurriak erabiliz" uxatu behar direla, EBren aliantzak ehuntzeko gaitasuna geldiarazi barik, tentsio geopolitikoek, hornidura-kateetako disrupzioek eta protekzionismo global gero eta handiagoak behartutako nazioarteko testuinguru batean.

Beste alde batetik, gogorarazi du Mercosur garrantzi handiko bazkide ekonomikoa dela (270 milioi kontsumitzaile baino gehiago ditu, eta EBra 84.000 milioi eurotik gorako esportazioak egiten ditu), eta Euskadik lotura historiko, kultural eta ekonomiko sakonak dituela munduko lurralde horrekin, gure industria bertan finaktuta dagoela eta ehun euskal etxe baino gehiago daudelarik.

Segurutik, "negoziatu den akordioa ez da hobezina izango, baina aukera berriak ireki ditzake funtsezko sektoreetarako, hala nola automobilgintza, makina-erreminta, elektronika, energia edo siderurgia", adierazi du. "Aliantza burutsuak egin behar ditugu gure industriarako aukera berriak sortzeko asmoz, enplegu berriei heldu eta sortzeko, gure ongizatearen bermea den nekazaritzako elikagaien sektorea ahaztu barik, eta akordioak erabiliz gure balioak eta estandarrak hedatzeko. Euskadik munduari begiratu behar dio beti, eta horretan jarraitu behar du".

Epeei dagokienez, Agirregoitiak ohartarazi du onarpena ez dagoela guztiz bermatuta. Akordioaren alderdi komertzialak gehiengo kualifikatua behar du Kontseiluan, eta gehiengo soila Europako Parlamentuan, baina erakunde horietan erresistentzia politikoak daude. Hala eta guztiz ere, eurodiputatuak aldeztu du Europak aurrera egin behar duela merkataritza dibertsifikatzeko estrategia globalean: "Oparotasuna, enplegua, trantsizio energetikoa eta Europako autonomia estrategikoa merkataritza-harreman sendo eta orekatuei oratzeko eta haiek zabaltzeko gaitasunari loturik daude".

Interesatu Zaitez