Oihane Agirregoitia: "Espainiako trantsizioa isiltasun itun onartezin baten gainean eraiki zen"

Europako Parlamentuko Memoria Demokratikoko taldeak, EAJ-PNV taldekide duelarik, bere hamargarren urteurrena bete du Francisco Franco diktaduraren 50. urteurrenean memoria eta justiziari buruzko jardunaldiak antolatuz

Oihane Agirregoitia: 11Azaroak
AzaroaK 11 |
Europako Legebiltzarra

PARTEKATU

“Espainiako trantsizioa isiltasun itun onartezin baten gainean eraiki zen, eta egia, justizia eta erreparazioa bermatzen jarraituko duen ahotsa izaten jarraituko dugu. 50 urte igaro dira Francoren heriotzatik; baina gaur, inoiz baino gehiago, bere figura presente dugu totalitarismoek, muturreko mugimenduek, demokraziak jasaten dituen erasoek eta muturreko eskuinak inoizko indarrik handiena berreskuratu dutelako horma hauen artean”, ohartarazi du gaur, asteartearekin, EAJ-PNVko eurodiputatu Oihane Agirregoitiak  diktadorearen heriotzaren 50. urteurrena eta Europako Parlamentuko Memoria Demokratiko Taldearen 10. urteurrena bete direla “Frankismoa Franco gabe: legatu autoritarioa, inpunitatea eta ahanztura” izenburupean Euroganberan egin den jardunaldian.

Ekitaldian izan dira  Izaskun Bilbao eurodiputatu jeltzale ohi eta ekimena abiarazi zuen taldeko kidea eta  Ion Cambra EBBren burukide eta giza eskubide eta elkarbizitza gaietarako ordezkaria.  Hala,hitzaldian jorratu dituzte Espainiar estatuko legegintza markoa eta diktadoreak utzi zuen legatu autoritarioak ekarri dituen erronkak. Halaber, askotariko alderdi politiko eta elkarteen ordezkariek, biktimen senideek eta aktibistek memoria aktiboaren inguruko ikuskera azaldu dute egun historiaren inguruan egiten den berrikusketari eta iragana ahazteari aurre egiteko. Hizlarien artean nabarmendu dira Maider Maraña kulturaren zuzenbidearen ikertzailea eta Iosu Chueca Euskal Herriko Unibertsitateko historia garaikidearen irakaslea.

“Talde hau eredugarria izan da aniztasunaren, elkartasunaren, enpatiaren  aldeko eta faxismoaren kontrako borrokan”, esan du Agirregoitiak, talde honek behar diren salaketak jartzeko  orduan daukan zeregina aitortuz, hala nola  1976ko martxoaren 3an Vitoria-Gaseizen egin zen sarraskia, non greba orokor batean poliziak  bost langile erail baitzituen; 1978ko Sanferminak edo Vox-ek  faxismoa zuritzeko berrikitan egin duen ahalegina, iragan uztailean  Cuelgamurosen  erakusketa bat antolatuz.

“Totalitarismoaren gorakadaren, mundu osoan ikusten dugun polarizazio politiko eta sozialaren eta inguruan ikusten dugun indarkeriaren aurrean, demokrazia gehiago eta elkartasun gehiago”, esan du jeltzaleak. “Euzko Alderdi Jeltzalean argi eta ozen esaten dugu ezinbesteko dugula elkarbizitzaren alde lan egitea, baina atzekoari begiratuz eta iraganetik ikasiz, berriz ere gertatu ez dadin. Egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidez, gainera, gure herriak aurrera egin dezan. Bere askatasuna  eta demokrazia defendatzearren borrokatu den nazioaren ondorengoak gara  eta benetako bakerik ez da izango egiarik, justiziarik eta erreparaziorik gabe. Lan egiten  eta Gerra Zibilean eta Frankismoaren krimenen biktimen ahotsa izaten jarraituko dugu”, amaitu du.

Jardunaldian  izan dira ehun bat parte hartzaile, eta amaiera emateko aurkeztu da “Spain is different memoria demokratikoaren aldeko borrokaren 10 urte Europako Parlamentuan” izenburuko argitalpena Europako Parlamentuko memoria historikoko lehengo kideekin egin den mahai inguruan, horien artean Izaskun Bilbao jeltzalea. Ekitaldia amaitu da elkarte memorialisten ordezkariekin egin den mahai inguruarekin.

 

 

 

 

Interesatu Zaitez