Lehendakaria, Imanol Pradales: “ofizialtasunaren partida ez da bulegoetan bakarrik jokatzen. Motibazioaren eta gizarte-aktibazioaren esparruan ere jokatzen da”
05Azaroak Imanol Pradales Lehendakaria Euskal Kirol Federazioetako presidenteekin elkartu da gaur Euskalduna Jauregian, Euskal Selekzioen Ofizialtasunerako Agenda aurkezteko. Batzarraren helburua Agenda partekatzea izan da, eta presidenteei jakinaraztea Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen duela "gizarteari entzuteko, euskal kirol-federazioei entzuteko eta haien aurrean hartutako konpromisoa lankidetzan betetzeko".
Lehendakariak adierazi duenez, "ofizialtasuna ez da kontu administratibo hutsa. Garenaren normalizazioan aurrerapauso bat da: nortasun propioa duen herrialdea, kirol ibilbide aitortua duena eta bereizten gaituen sentimendu kolektiboa duena. Bat gatoz ideia honekin: kirolak aparteko gaitasuna du herrialde bat ordezkatzeko eta komunitate-sentimendu bat sendotzeko. Gure selekzioen, kirolarien, teknikarien eta epaileen bidez, munduari erakusten diogu nolakoak garen: lehiatzeko, lan egiteko, lankidetzan aritzeko eta errespetatzeko gure modua”.
Pradalesek adierazi duenez, "ofizialtasunaren partida ez da bulegoetan bakarrik jokatzen. Motibazioaren eta gizarte-aktibazioaren esparruan ere jokatzen da. Pista, kantxa, bulego eta zelai ugaritan lehiatzen da. Eta kamiseta izerditu behar dugu. Gure gobernu-programan konpromiso argia ezarri genuen kirola nazioartekotzeko eta selekzio nazionalak bultzatzeko".
Lan batzarrean, Lehendakariarekin batera, Ibone Bengoetxea, lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, eta Gorka Iturriaga, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaria izan dira.
Lehendakariordeak azpimarratu duenez, Federazio bakoitzarekin modu pertsonalizatu batean lan egingo dute Agenda honen baitan: “Bakoitzaren neurrira eta beharretara egokitutako laguntza eman nahi diegu Federazioei. Datozen hilabeteetan hasiko gara lehen batzarrekin eta helburua izango da bakoitzaren egoeraren ezagutzea, lehen eskutik, eta hori aztertzea: beharrizanak, zalantzak, aurrerapausoak emateko estrategiak zehaztu….”.
Zentzu honetan, Bengoetxeak jakinarazi du nazioarteko testuingurua eta egoera juridikoa eguneratzeko azterketa-txostena eskatu dutela jada Jaurlaritzatik: “Egungo testuingurua ezagutzea gakoa da ofizialtasunerako Agendaren oinarriak ahalik eta zehatzenak izateko”.
Lan batzarrean ere hitza hartu dute euren esperientzia eta iritzia partekatzeko: Euskal Kirol Federazioen Batasuneko presidenteak, Angel Gurrutxagak; ofizialtasuna jada lortu duen Euskal Pilota federazioko presidenteak, Joxe Mari Mitxelenak, eta modalitate edo alor batzuetan ofizialtasuna lortu duten Euskal Selekzioetako federazioetako ordezkariek: Igor Duñabeitiak, Herri Kirolen federazioko jarduneko presidenteak; Olatz Alkortak, Kanoe federazioko Zuzendari Teknikoak; Mario Goffard-ek, Padel federazioko presidente-ordeak; Bartolome Torralbal, Boxeo Federazioko presidenteak; eta Zigor Egiak, Mendizale federazioko presidenteordeakLehendakaria, Imanol Pradales: “ofizialtasunaren partida ez da bulegoetan bakarrik jokatzen. Motibazioaren eta gizarte-aktibazioaren esparruan ere jokatzen da".
Iturria: Irekia