EAJ-PNVren EBBren adierazpena Nazio Batuen Erakundeak Mendebaldeko Sahararen inguruan egin duen 2797 ebazpenaren aurrean

EAJ-PNVren EBBren adierazpena Nazio Batuen Erakundeak Mendebaldeko Sahararen inguruan egin duen 2797 ebazpenaren aurrean 03Azaroak
AzaroaK 03 |
EBB

PARTEKATU

Nazio Batuen Erakundeak Mendebaldeko Sahararen orainaren eta etorkizunaren inguruan ezagutzera eman duen 2797 ebazpenaren edukia ezagutzeak eragin dion kezka adierazi nahi du EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak. Jeltzaleen burutza ez dator bat asteburuan hartu den erabakiarekin, eta adierazi nahi du erabaki horrek planteatzen duela Marokoren jarrerarekin bat egitea, egun Mendebaldeko Sahara okupatuta daukan estatuaren posizioarekin, alegia.

Era berean, EAJ-PNVk kezka handia agertu du sahararren giza eskubideak sistematikoki urratzen direla ikusita. Nazio Batuetako Giza Eskubideen Kontseiluko kide izateak nahitaez ekarri beharko luke arlo horretan aski ezagunak diren estandarrak aplikatzeko erantzukizuna aintzat hartzea.

Hartu den erabakia ikusita, EAJ-PNVk beste behin ere egiaztatu ahal izan du interes geoestrategikoak jartzen direla Afrikako azken deskolonizazio-prozesuari amaiera emateko bake zuzen eta iraunkorra lortzeko ahaleginen gainetik, hain zuzen ere,  ‘Martxa berdea’ izenekotik 50 urte bete direla.

EAJ-PNVk defendatzen du herriek beren etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubidea dutela eta berriz nabarmendu nahi du saharar herriak ere eskubide berbera duela. Hala, jeltzaleen aberri burutzak deitoratzen du ez dela ahalegin diplomatiko nahikorik egin Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidea egikaritzea ahalbidetzeko, eta kritikatzen du Espainiar estatuak bere sasoian eta Nazio Batuen Erakundeak une honetan aitortza horretan atzerako pausua eman dutela, saharar herriak bere borondatea askatasunez adierazteko aukerarik gabe jarraitzen baitu.

Interesatu Zaitez