Oñatiko EAJ-PNVk babesa adierazi dio Tokixan Elkartearen proiektuari, baina gardentasuna eskatu du San Martin Fundazioaren lurren lagapenean

“Tokixan Elkarteak aurkeztutako agroekologia proiektua interesgarria da, baina akordioaren helburuak San Martin Fundazioaren estatutuekin nola lerrokatzen diren argitzea eskatzen dugu”, azpimarratu dute jeltzaleek.

Oñatiko EAJ-PNVk babesa adierazi dio Tokixan Elkartearen proiektuari, baina gardentasuna eskatu du San Martin Fundazioaren lurren lagapenean 29Urriak
UrriaK 29 |
Berria

PARTEKATU

Oñatiko EAJ-PNVren udal taldeak Tokixan Elkarteak San Martin Fundazioaren bi lursail erabiltzeko aurkeztutako proiektua babestu du, tokiko garapenerako duen balioa eta agroekologiaren aldeko apustua nabarmenduz. Hala ere, adierazi du kezkatuta dagoela akordioaren alderdi batzuk ez direlako “argiak”, eta galdetu du nola lerrokatzen diren lagapenaren helburuak San Martin Fundazioaren estatutuetan jasotakoarekin.

"Proiektua interesgarria da. Zubillagan eta Usakon agroekologiaren eta lurren aprobetxamenduaren alde egitea eta Erguina Etxeberri baserria egokitzea gure historia eta kultura errespetatzen dituen proposamena da, eta balio erantsi handia du oñatiarrentzat. Gainera, horrelako ekimenek garapen jasangarria indartzen dute, ingurumenarekiko errespetua sustatzen dute eta tokiko ekonomia babesten dute, bertako produktuak baloratuz eta tokiko ekoizleak babestuz", azpimarratu du Amaia Erostarbe Oñatiko bozeramaile jeltzaleak.

Proiektuari babesa eman dion arren, EAJ-PNVk galdera batzuk egin ditu San Martin Fundazioaren bileran: "Proiektuari ematen diogun babesa irmoa da, baina ezin dugu alde batera utzi oraindik argibideak behar dituzten puntuak daudela. Jakin nahi genuke lagapen horren truke San Martin Fundazioak konpentsazioren bat jasoko duen. Tokixan Elkarteak errentaren bat ordainduko dio San Martin Fundazioari? Adibidez, hilean 100 euroko errenta ezarriko balitz, diru horrekin gurpil aulki elektriko bat erosi ahal izango litzateke San Martin egoitzako erabiltzaileentzat, gaur egun gabeziak baitaude bertan”.

"San Martin Fundazioaren estatutuak oso argiak dira: sortutako baliabideak eta onurak egoera ahulenean dauden herritarren beharrak asetzeko erabili behar dira, adinagatik edo inguruabar pertsonalengatik. Eta galdera nagusia da: Nola egokitzen da helburu hau proposatutako lagapen akordioan? Non dago jasota helburu hori proposamenean? Ez dugu aipamenik ikusten alkateak aurkeztutako dokumentazioan, ezta txosten teknikoan ere".

EAJ-PNVrentzat, proiektua baliotsua da, baina alderdi horiek argitzeko beharra azpimarratzen dute. "Lagapenak gardena izan behar du, alde bakoitzarentzako diren ordainak definituak egon behar dira, eta, garrantzitsuena, San Martin Fundazioak bere helburu sozialak betetzen jarraituko duela bermatu behar da. Beraz, definitu, San Martin Fundazioaren ondarea nola erabiliko den eta San Martin egoitzako erabiltzaileentzat zer onura erreal sortuko dituen onartutako baldintzetan egoitzarentzat inolako ordainik ez duen lagapenak", amaitu du Amaia Erostarbek.

Interesatu Zaitez