EAJ-PNVko eurodiputatuak balioetsi egin ditu Europako Parlamentuko Arrantza batzordeak antolatuta eta erronkak aztertzeko eta etorkizunerako estrategiak definitzeko, Iparraldera bidali den misioak ekarri dituen ondorioak
29Urriak ”Europako Parlamentuaren Arrantza batzordeak bidali duen misioaren barruan egin ditugun bilera guztiak oso positiboak izan dira, sektorearekin batera ikusten ditugun erronkak identifikatzen eta lantzen laguntzen digutelako, Hegoaldean zein Iparraldean: laguntzak ematea, ontzidia modernizatzea, belaunaldien erreleboa edo lehia desleiala, besteak beste. Mugaren alde bietan erronka berberak ditugu, eta denon indarrak batu behar ditugu horiek lantzeko eta Bruselan defendatzeko”. Horixe da gaur, asteazkenarekin, Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko eurodiputatuak utzi duen mezua Europako Parlamentuaren arrantza batzordeak Ziburu, Donibane Lohizune eta Baigorrira bidali zuen misioaz hitz eginez.
Eurodiputatu jeltzaleak gaur nabarmendu nahi izan du Euskadirentzat arrantza sektorea babesteak eta erabakiak hartu aurretik beren ardurak ezagutzeak daukan garrantzia: ”Oso egoera kritikoan gaude, non 2027rako urte anitzerako aurrekontu berria negoziatu beharko den, eta abiapuntu gisa daukagun proposamena ez da onargarria. Programak bateratzen ditu eta dotazioa nabarmen murrizten du. Indarrak batu behar ditugu eta gainerako indar politikoen eskutik lan egin, egoera hau aldatzeko eta finantzaketa nahikoa bermatzeko”, aldarrikatu du.
Misioak iraun duen aldi honetan eurodiputatua eta gainerako ordezkariak Ziburuko arrain lonja bisitatu dute eta tokiko eta eskualdeko agintariekin batzartu dira, bai eta arrantzarako kontseilu erregionaleko kideekin eta Iparraldeko zein Gipuzkoa eta Bizkaiko Kofradietako kideekin ere, Arrantza Politikak beren jardueran duen eragina ebaluatzeko.
Denek azpimarratu dute belaunaldien erreleboa bermatzeak daukan garrantzia, bai eta lanbidea balioesteko beharra ere “belaunaldien arteko transmisiorik ez dagoelako eta itsatsontzi batzuek arrantzatzeari uzten diotelako erreleborik ez dagoelako”, azaldu du Agirregoitiak. Era berean azpimarratu du emakumeak arrantzan izan duen eta duen zeregina. Halaber, sektoreak ontzidia modernizatu beharra aldarrikatu du, egungo beharretara moldatzeko, burokrazia eta lan zama administratiboa sinplifikatzeko, hainbat konturen inguruan sentitzen duten segurtasunik eza juridikoari aurre egiteko eta erabakiak hartzeko orduan datu eta argudio zientifiko “sendoak” aztertzeko, “ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen artean behar den oreka” ahaztu gabe . Baxurako ontzidiarentzako arrantza-kuoten banaketari dagokionez, arrantzaleen iritzia da funtzionatzen ari direla eta espezieak babesten ari direla, baina iritzi politikoetan oinarritutako erabakiak hartzearen ondorioez ere ohartarazi dute, eta ez irizpen zientifikoetan oinarritutakoak.
Arrantza batzordearen ordezkaritzaren misioa asteazken honetan amaitu da, Baigorriko arrain-haztegi batean bisita eginez eta akuikulturaren sektoreko ordezkariekin bilerak eginez. Bilera horietan hirugarren herrialdeetara jarduera deslokalizatzeko arriskuaz, "lehia leiala bermatzeko" beharraz eta produktuen trazabilitatea bermatuko duten neurriak "merkataritza akordioetan sartzeko" beharraz hitz egin diete. "Produktuen etiketatzea oso garrantzitsua da jaten dugunaren jatorria ezagutzeko, eta arrantza-politika komunak trazabilitate hori bermatu behar du kontsumitzen ditugun arrantza-produktu guztietan, akuikulturakoak barne", baloratu du Agirregoitiak.