Eneko Goia alkate ohiaren eskutik jaso du aginte makila, “gure belaunaldiak duen erronkaren isla, hain zuzen ere, esker onez, harro, umil, ilusio eta ardura handiz hartzen dudan erronka”
Donostiak alkate berria du gaur eguerdiaz geroztik. 2023-ko hauteskundeetan zerrenda bozkatuena izan zen EAJ-PNV alderdiaren hautagai Jon Insausti Maisterrena donostiarra. Urriaren 16an alkate izateari utzi zion Eneko Goiaren eskutik jaso du aginte makila. Alkate bezala egin duen lehen hitzartzean, Jon Insaustik esan du, “aginte makila harro eta umil” hartzen duela.”Gure belaunaldia prestatuena dela diote. Orain lekukoa pasa digute eta hori erakusten ausartu egingo gara”.
Horren harian, Insaustik adierazi du, erronka hau “gure belaunaldiak duen erronka bat bezala” hartzen duela, “esker onez, harro, umil, ilusio eta ardura handiz”. Eta honakoa azpimarratu du: “Gure proiektuak Donostia barrurantz eraldatzea dela, pertsonak helburu. Donostia donostiarrontzat”. Horiek horrela, segidakoa gaineratu du: “Lehentasunak argi ditugu: etxebizitza gehiago, segurtasun gehiago, kalitatezko enplegu gehiago eta eguneroko bizitza hobetu”.
Era berean, Donostiako alkateak esan du, “aro berri baten aurrean” gaudela, “baina ez gara zerotik abiatzen. Hiri honekin amets egin zutenen ahaleginari esker ari gara aurrera egiten. Bere nortasuna zainduz, auzoetara zabaldu eta mundura ireki zutenei esker”. Hortaz, Jon Insaustik azpimarra jarri du “pertsonen komunitate bat” garela, “hain zuzen ere, zaindu, babestu, hobetu eta hazten lagundu nahi dudan pertsonen komunitatea. Donostia da bizi izan dudana Parte Zaharrean jaio nintzenetik, eta egun bizi naizen Altza auzotik”.
5 K metodoa
Donostiako alkate berria kirolzalea da eta korrika egitea du gustuko – azaroan bere hamargarren Behobia – Donostia egingo du –. Eta zaletasun hori baliatu du Murakami aipatzeko eta honakoa esateko: “Niretzat korrika egitea ariketa fisikoa egitea izateaz gain metafora bat ere bada. Egunero nire burua gainditzeko aitzakia da. Horregatik Udal Korporazioa osatzen dugun lantalde guztiarekin batera 5 K metodoa landu nahiko nuke: Komunitatea (donostiarron zerbitzura dagoen taldea); Konpromisoa (pertsonekiko eta hiriarekiko); Kultura (garena eta hazten laguntzen gaituena); Kirola (gure gorputza eta adimena zaintzen laguntzen gaituena); eta Kilometro 0 (Donostia donostiarrontzat).
Horrenbestez, Jon Insaustik adierazi du “Donostia gure proiektua” dela. “Aurrera egin nahi duen belaunaldi baten proiektua ordezkatzen dugu, bere behar, nahia, indarrak eta sortzeko gaitasunarekin. Gure belaunaldiaren esperientzia eta indarra dugu, konfiantza eta ilusioa barrura begira egin beharreko aldaketa horren alde lan egiteko, donostiarrontzat hobea izago den Donostia lortzeko”.
Halaber, aurretik karguan egon eta bere maisu izan den Eneko Goiari eskerrak eman dizkioi, “hiri ikuspegi eta proiektu honen sustatzailea izan delako eta Donostiaren ongizatearen alde bere onena eman duelako”, baita bere familiari, “etxean guztiok dugun sukaldeko mahai horren sostengu izateagatik. Mahai horretan beti ondoan izan babesa eta indarra ematen izan dudan familiari, donostiar ona izatea zer den erakusteagatik”.
Azkenik, Donostiako alkate Jon Insausti Maisterrenak segidako mezua bidali nahi izan die “Donostiako sukaldeko mahai guztietara: tope saiatuko naiz. Kontatu nirekin. Huauxe naiz ni, donostiar guztion alkate berria. Jon, Alkatea”.
Bi zinegotzi berri
Jon Insausti Donostiako alkate izendatu aurretik, Tomas Pascuak (PP) eta Idoia Graciak (EAJ-PNV) zinegotzi kargua hartu dute. Pascua eta Gracia Jorge Mota eta Eneko Goiaren ordez sartu dira korporazioan. Behin kredentzialak aurkeztuta, zinegotzi karguak hartu dituzte eta euren eserlekuetan eseri dira, hiriko alkatearen aukeraketan parte hartzeko.
Iturria: Donostiako Udala