17.536.412 euroko aurrekontua Urretxu eraikitzen jarraitzeko

Aurrekontu-proposamen honek aurreikusten du abian jartzea, besteak beste, Aldiribi Kiroldegiko proiektua, Mundo Mejorreko aparkaleku berriko obra edo Lilibaso kalearen eta Udal igerilekuaren arteko lotura. Helburu bat du: kudeaketa orekatu eta eraginkorra bermatzea, pertsonentzako Urretxu bat eraikitzen jarraitzeko.

17.536.412 euroko aurrekontua Urretxu eraikitzen jarraitzeko 28Urriak
UrriaK 28 |
URRETXU

PARTEKATU

Gobernu taldeak urriko osoko bilkuran onartu zuen 2026rako aurrekontu proposamena. Proposamena 17,5 milioi eurokoa da, eta orain arte ezarri diren oinarrietan sakontzen jarraitzen du: gizarte-zerbitzuak eta jasangarritasuna indartzea – aurrekontua bat dator Agenda2030en Garapen Jasangarrirako Helburuekin- eta tokiko azpiegiturak hobetzen jarraitzea, «herritarren egunerokoan eragiten duten proiektu eta zerbitzu estrategikoak landuz».

Proposamena egungo testuinguru ekonomikora egokituta dago, eta gastuen kontrol eta eraginkortasun handiagoa bermatzen du. Azterketa eta ahalegin ekonomiko hori, ordea, oinarri sendoen gainean egin da: pertsonen ongizatea eta baliabide publikoen kudeaketa arduratsua lehenetsiz. Urretxu inklusiboagoa eta eskuragarriagoa izateko bidean, EAJ-PNVren eta PSE-EEren udal gobernuak tinko eusten dio pertsonentzako Urretxu bat eraikitzearen aldeko konpromisoari.

Inbertsio zikloaren jarraipena:

Jon Luqui alkateak adierazi duenez, azken urteotan, Urretxuko Udala «aldaketa garrantzitsuak abiarazten ari da, herria eta herritarrak etorkizunerako prestatzeko, bai hirigintzari dagokionean, baita gizarteari dagokionena ere. Epe ertain eta luzera inbertsio eta obra estrategiko ugari gauzatzen ari dira, eta horrek Urretxu biziagoa, inklusiboagoa, iraunkorragoa eta bizigarriagoa eraikitzeko oinarriak finkatzen ditu. Urrian amaituko dira azaroan irekiko den den Aspaceko Zentro Integraleko lanak. Eta azaroan amaituko da, halaber, Pagoeta Gune Soziokulturalean igogailua jartzeko obra, biak ere 2025eko aurrekontuaren kargura finantzatuak.

Bestalde, azaroan beste jarduera garrantzitsu batzuk jarriko dira abian,
2026ko udaberrian amaituko dira, hala nola eguneko zentroa eraberritu eta handitzeko lanak (385.000 euro), udal-rokodromoa eraikitzeko lizitazioak (350.000 euro) eta San Martin parke estaliaren ondoan komun publiko bat jartzeko lizitazioak (80.000 euro).

Eraikinak eta espazioak eraldatzea:

Aldiribi kiroldegi berria: 5.000.000 euro. 2026an hasiko dira 2 urteko iraupena izango duen kiroldegi berriko lanak, eta guztira 7 milioi eurotik gorako kostua izango du.

Pagoeta Gune Soziokulturala: 50.000 euro. Espazioa suteen kontrako araudira egokitu da, airea berritzeko sistema jarri da eta irisgarritasuna bermatzeko igogailua jarri da, orain argiztapena, soinua, etab. jarriko dira Pagoetan.

Santa Barbara Aterpetxea: 150.000 euro. 2026ko urritik aurrera, taberna berrituko da eta jangela handitu, hala, instalazioak egungo beharretara eta inguruaren ezaugarrietara moldatuko da.

 Kulturetxeko aislamendua hobetzea: 36.000 euro leihoak berritzen jarraitzeko.

2026an zehar, eragile publiko eta pribatuekin lankidetza estuan jarraituko dugu; izan ere, aurrekontuko gastuen atalean eraginik izango ez badute ere, diru-sarreren atalean duten pisua nabaria da. Gainzabal, Labeaga, Ipeñarrieta… inguruan eraikiko diren 200 etxebizitza berriak, Urretxuko Ekiola S.Coop. energia-kooperatiba martxan jartzea, tokiko sei enpresa egiten ari diren inbertsio garrantzitsuak eta…2026ko udazkenean amaituko den SMARTLOG, berrikuntza- eta talentu-zentroa, NEST izenekoa.


Era berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak dagoeneko esleitu du 600 metro karratuko egiturarekin Gainzuri ikastetxe publikoaren kirol-eremua estaltzeko obra. Obra horren kostua 700.000 eurotik gorakoa da, eta 2019-2023 Hezkuntza Azpiegituren Planean sartu zen, Urretxuko Udalak eskatuta, eta berehala gauzatzea espero da.

Irisgarritasuna eta trafikoa hobetzeko obrak:

Lilibaso kalea udal igerilekuekin lotzea: 200.000€. Gainzabalen eraikiko diren etxebizitzetako urbanizazio obrak urte amaieran hasiko direla kontuan hartuta, diru kopuru bat bideratu da kale hori luzatzera, Urretxuko goialdeko auzoei herritik irteteko beste aukera bat emateko, udal igerilekuetako parkinetik.

• Mundo Mejor Auzoko aparkaleku berria: 300.000 €. Udalak aparkaleku publiko bat eraikiko du, 30 plaza baino gehiagokoa, inguru horretako aparkaleku faltari erantzuteko.

Bide publikoak hobetzeko lanak: 175.000 €. Udalak auzoak eta irisgarritasuna hobetzeko lanekin jarraituko du, klaeen espaloien eta landa-bideen egoera hobetzeko.

Gizarte zerbitzuei eta gazte eta haurren arloari bultzada berri bat.

Badakigu espazio publikoen eta azpiegituren eraldaketak ez direla obra soilak, Urretxuko bizilagunen eguneroko bizitza hobetzea dugu helburu, badakigu «hori ez dela nahikoa». Herria ez da bakarrik espaloiak konponduz eta eraikinak eraikiz hobetzen; ikusten ez diren eremuetan ere eragin behar da, herritarren bizi baldintzak hobetzeko. Hori dela eta, gizarte-zerbitzuetan diru gehien inbertitzen duen Gipuzkoako udalerrietako bat izaten jarraitzen dugu: 347,78 euro biztanle bakoitzeko 2026an.

Horregatik, aurtengo aurrekontuetan hainbat neurri hartu ditugu, besteak beste:

● Tokiko Zaintza Ekosistema: Tokiko Zaintza Ekosistemaren aldeko apustuarekin jarraitzen dugu, Urretxuko gizarte-zerbitzuen ardatz estrategikoa eta egituratzailea dena, bereziki adinekoei eta zainketei dagokienean.

● Zaintza lanak hobetzea: Udala zaintzaileen baldintzak hobetzen ari da, bai Eguneko Zentroan lan egiten dutenenak, zerbitzu hori 1.250.000 euroko aurrekontuarekin hornituz, 36 plaza izatetik 45 izatera pasatuz, bai Etxez etxeko Arreta Zerbitzuakoenak ere (90.000 euro).

● Haurrak eta Gazteak: Urretxuko, 2022tik «Haurtzaro eta Gazteria plana» du, dagoeneko berritze fasean dagoena eta esparru horretako proiektu eta jarduera guztien ardatza dena: Urretxuko Gaztebidean nerabe zerbitzua, Harrera eremua, Piztu Gazte Mahaia, Sormonak, Erasmus+ eta alemaniarekin trukea… (210.000 euro)

Era berean, euskara eta hezkuntza arloetako buru den Alex González zinegotziak azpimarratu zuen gobernu taldeko kide denetik egon diren lan ildo eta laguntza berdinak mantenduko direla. Gainera, hiru hilean behin Aroz Aroko euskara jarduerak hobetu eta indartuko dira. Berritasun gisa, aurrekontu honetan hiru partida berri aurkeztu zituen, guztira 20.5000 euroko kostua dutenak:

● 3.000 euskararen erabileraren inguruko kale neurketa egiteko.
● 7.500 euro AROA plan estrategikorako: Urretxu eta Zumarragako udalen euskara plan estrategiko berria.
● 10.000 euro Urretxuko eta Zumarragako ikasleekin hizkutza asertibitatea, hizkuntza kontzientzia eta hizkuntza portaera ekologikoak lantzeko proiektu integral baterako, bi udalerrietako hiru ikastetxeekin elkarlanean.

Urretxuko Udalaren historiako aurrekonturik handiena.

Urretxuko Udalak inoizko aurrekonturik handiena onartu zuen, 2015ean onartutakoa (8.193.418 euro) bikoizten duen aurrekontua, hain zuzen ere. 17.536.412 euroko aurrekontu honek kudeaketa publiko sendo eta eraginkorra bermatzen du. «Egonkortasun ekonomikoak eta kudeaketa arduratsuak aukera eman diote Urretxuri jauzi ekonomiko hori emateko oinarri sendoak ezartzeko. Gogor lan egin dugu honaino iristeko. Udal gobernura iritsi ginen urtean, 2015ean, aurrekontua 8 milioi eurotan likidatu zen. 2025eko likidazioan 5 milioi gerakin hornitu genituen. Egoera fidagarri honek, gainera, gobernu taldeari Aldiribiko obra handian murgiltzeko aukera ematen dio, guk zuzenean edo gurekin elkarlanean ari diren erakunde publiko edo pribatuek Urretxuko herritarrentzat garrantzitsuak eta beharrezkoak iruditzen zaizkigun beste inbertsio batzuk egiteari utzi gabe 7 milioi eurotik gorakoa izango dena».

Interesatu Zaitez