Talde jeltzaleak 2026. urteari begira Ordenantza Fiskala berrikusteko prozesuaren baitan EH Bilduri luzatutako proposamena da kontribuzioa izoztearena; beste alde batetik, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga berrikusteko ere 3 proposamen berri luzatu dizkio Udal Gobernuari, tartean gazteen emantzipazioan laguntzeko neurri bat
24Urriak 2026an aplikatuko den Ordenantza Fiskala hobetzeko hainbat proposamen egin dizkio EAJ-PNVko Udal Taldeak EH Bilduko Udal Gobernuari, Tolosa eta tolosarron bizitza kalitatea hobetu asmoz.
ONDASUN HIGIEZINEN GAINEKO ZERGA (OHZ) – KONTRIBUZIOA
Tolosan aplikatzen den Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), Gipuzkoako beste herri askotan aplikatzen dena baino haundiagoa da, eta egoera orekatuago bat bilatze aldera, berau izoztea eta 2026rako igoerarik ez aplikatzea proposatu du talde jeltzaleak herritarren mesedetarako.
Proposamen hau egiteko beste arrazoi bat zera da, Tolosako Udalak dituen aurrezkiak gaur-gaurkoz inbertitzeko duen ezintasuna, planifikatzen diren eta benetan exekutatzen diren inbertsioen arteko aldea nabarmena baita; iaz inbetsioen exekuzio maila %26a izan zen bakarrik.
ERAIKUNTZA, INSTALAZIOAK ETA OBREN GAINEKO ZERGA (EIOZ)
Zerga hau hobetzeko hiru proposamen berri luzatu dizkio talde jeltzaleak Udal Gobernuari:
HOBARIAK APLIKATZEA 36 URTETIK BEHERAKO GAZTEEN KASUAN HAIEN ETXEBIZITZAN OBRAK EGITEN DITUZTENEAN: haien etxebizitzan obrak egiten dituzten 36 urtetatik beherako gazteentzat hobariak aplikatzea eskatu du talde jeltzaleak. Proposamena, hobari hau zerga ordaindu behar duen gaztearen errentaren araberakoa izatea proposatzen da; errenta haundiagoa dutenek hobari txikiagoa jasoko lukete eta errenta txikiagoa dutenek aldiz haundiagoa. Etxebizitza arazoa dela eta, emantzipaziorako pizgarri gehigarri bezela irudikatzen da.
EUSKO JAURLARITZAKO OSASUN ETA HEZKUNTZA SAILAREN INBERTSIOAK HOBARITZEA: osasungintza eta hezkuntza oinarrizko zerbitzuak dira gure ongizate sisteman. EAJ-PNVko Udal Taldeak, Osasun Sailak eta Hezkuntza Sailak Tolosan egiten dituzten obra guztietan EIOZn hobari maximoa aplikatzea proposatzen du hemendik aurrera. Kontuan izan behar dugu, une honetan, Hezkuntza Sailak Gipuzkoako herri ezberdinetan egiten dituen obren kasuan, Tolosako Udala dela zerga hau kobratzen dion bakarra, oinarrizko helburu soziala duten obrak izan arren.
Azkenik, Alde Zaharrean, Euskal Herri plazan (eta ingurunea) eta Santa Klarako eremuan egindako oin berriko eraikinen obrek ere hobari maximoa izatea proposatu du talde jeltzaleak. Helburua bikoitza da: alde batetik, eremu hauen birgaitzearen aldeko apustua indartzea, eta beste alde batetik, etxebizitzen amaierako prezioan eragin ahal izatea.
Herritarren beharrei erantzuten dion Ordenantza Fiskal baten alde egiten jarraituko du EAJ-PNVko Udal Taldeak.