Vaquero: “Arazo bat daukagu berrerortze anizkoitzarekin, eta alarmismorik gabe heldu behar diogu, albait arinen konpontzeko”

Euskal Taldeko bozeramaile Maribel Vaquerok datorren asteazkenean, Kongresuan, Pedro Sánchezi galdetuko dio fenomeno honi nola helduko dion eta segurtasuna hobetzera begira hiritargoari zer tresna eskaini nahi dizkion

Vaquero: “Arazo bat daukagu berrerortze anizkoitzarekin, eta alarmismorik gabe heldu behar diogu, albait arinen konpontzeko” 24Urriak
UrriaK 24 |
Berria

PARTEKATU

Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaile Maribel Vaquerok gaur , ostiralarekin, gogoratu du azken inkestek erakusten dutela “segurtasuna hiritargoaren kezka dela”, eta ziurtatu duenez “arazo bat dugu berrerortze anizkoitzarekin”. “Alarmismorik sortu gabe, baina gai horri heldu behar zaio. Mahai gainean dagoen gaia da, eta zenbat eta arinago landu eta konponbide bat eman, orduan eta hobeto”.

Hori dela eta, Vaquerok gai horretaz galdetuko dio Espainiako gobernuko presidente Pedro Sánchezi, datorren asteazkenean Gobernuari kontrola egiteko bilkuran. Bozeramaile jeltzaleak jakin nahi du Gobernuak gai honi nola heldu nahi dion eta Junts-ek Berrerortzearen inguruan erregistratu duen Lege Proposamena izapidera eramango ote den. Kongresuak aintzakotzat hartzea onetsi zuen baina “tiraderan gordeta jarraitzen du”. “Oraindik ez da toki onera eraman”, deitoratu du Vaquerok Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.

“Kontua ez dagokio soilik zigor arloari, Zigor Kodea aldatzeari, hau da, zigorrak handitu behar izateari. Gertatzen da behar besteko auzitegirik ez dagoela gertakariak epaitzeko eta epaia emateko”, azaldu du Vaquerok lapurreten berrerortze anizkoitzen inguruan. Hala hitz egin du “epe laburrean indargabe geratzen diren lapurreta txikiez, dagokienean epaitu ezik, sekula gertatu ez balira bezala geratzen direlako. Horrek inpotentzia eragiten du segurtasun kidegoen artean, bai eta inpunitate sentsazioa ere”.

AHTerako laginak

Madrilen lantzen diren beste gaiei dagokienez, hala nola Aurrekontu Orokorrak, Vaquerok adierazi du uste osoa duela Sánchezek “aurkeztu eta negoziatu” egingo dituela, “beste gauza da onartzea”. EAJ, esan du, negoziaketa horretan egongo da aurreko Aurrekontuetarako negoziaketetan jorratu ziren eta aurrera atera ez ziren arren “euskal hiritargoari on egingo dieten” kontuak mahai gainean jartzeko.

“Konplikatu samar dago Kongresuan akordioetara iristea”, aitortu du Vaquerok, Gobernua delako “negoziaketa bakoitzean indarrik gabe geratzen den bigarren eskuko autoa”, baina “legealdiak jarraitzen duen bitartean ahal dena egiten jarraituko dugu akordioak eta hitzarmenak bete daitezen, eta ezbaiak bideratzen saiatuko gara, abiadura handiko trenerako laginen kontuarekin gertatu den moduan”.

Hala, adierazi egin du Óscar Puente Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako ministroarekin batzartu dela eta bertan bermatu egin ziola laginketak “Aralar inguratuz” egingo direla, Eusko Jaurlaritzak eginiko proposamena betez. “Ez dut zertan Puenteren hitza zalantzan jarri, eta horretan geratuko gara. Egin behar dena da gauzak bizkortzea, denbora luzea daramagulako. Azterketa zorroztasunez egin behar da, erabaki bat hartu ahal izateko eta abiadura handiko trena, eta ez bakarrik Nafarroa Euskal Y trenbidearekin lotzeko konexioa, errealitatea izan dadin”.

Interesatu Zaitez