Oihane Agirregoitia: “Gidabaimena erretiratzeko araua berrikusteak lagunduko du Europar Batasunaren barruan zigorgabetasuna desagerrarazten”

Europako Parlamentuak, EAJ-PNVko eurodiputatuaren babesarekin, Europako errepideetako segurtasunerako prestatu den neurri multzoa onetsi du

Oihane Agirregoitia: “Gidabaimena erretiratzeko araua berrikusteak lagunduko du Europar Batasunaren barruan zigorgabetasuna desagerrarazten” 21Urriak
UrriaK 21 |
Europako Legebiltzarra

PARTEKATU

Duela bost urte, Europar Batasunak asmo handiko helburu bat hitzeman zuen, 2030. urterako errepideetako heriotzak erdira murriztea, alegia. Azken datuek konfirmatu dute 2024an %2 heriotza gutxiago erregistratu zirela. Benetako aurrerapausoa, zalantzarik gabe, baina oraindik ez da nahikoa, aurreko urtean 19.940 pertsona hil zirelako. Gaur bertan gidabaimena kentzeari buruz onetsi dugun neurriak lagunduko digu helburu horretara iristen”, baloratu du Oihane Agirregoitia EAJko eurodiputatu eta Garraio batzordean Renew Taldeko txostengileak.

Europako Parlamentuko osokoak zuzentaraua bigarren irakurketan berrikusteko erabakia onetsi du gaur. Neurri hau indarrean sartzen denean, autoa gidatzean eman daitekeen zigorgabetasuna desagerrarazten lagunduko du, Europa osorako ezarriko direlako bideetako segurtasuna urratzeagatik ezarriko diren debekuak. Hau bereziki garrantzitsua izango da mugakide diren eskualdeetan.

Orain arte, gidari batek oso arau hauste larri bat egiten duenean gidabaimena galtzen du arau haustea gidabaimena atera zuen herrialdean egiten duenean. Horrek esan nahi du EBko beste herrialdeetan gida dezakeela, inolako arazorik gabe. “Neurri honekin egin duguna izan da arrakala hori ondo ixtea, arau hauste larriak EB osorako izan daitezen. Hau da, Europako errepideetan pertsonen biziak arriskutan jartzen dituenak dagokiona ordaindu beharko du, gidabaimena zer herrialdetan atera duen aintzat hartu gabe. Sistema bidezkoagoa eta koherenteagoa izango dugu Europa osorako", baloratu du eurodiputatu jeltzaleak parlamentuko izapidearen bozketa amaitutakoan.

Arauak jasotzen du gidabaimena kentzean neurri horrek eragina izango duela EBko herrialde guztietan. Gidabaimena kentzean, indargabetzean edo mugatzean gidabaimena eman zuen herrialdeari jakinaraziko zaio, zigorra bete dezan eta Batasun osoan betetzeko moduan jar dezan. Herrialdeek elkarri informatu beharko diote, behar ez den atzerapenik gabe, trafiko arau hauste larrienekin zerikusirik duten debekuen inguruan, bai eta eragindako gidariei jakinarazi ere, 20 laneguneko epe barruan.

Araua aplikatuko da errepideetan istripu eta heriotza gehien eragiten dituzten arau hausteetan. Hau da, gehiegizko abiadura larria, edanda gidatzea, drogatuta gidatzea edo bideetako segurtasunarekin zerikusia duten beste arau hausteren ondorioz heriotza edo zauri larriak eragitea. Neurria indarrean sartzen denetik bost urtera, Batzordeak ebaluatuko du gainerako zigorrak EB osora hedatu behar den eta arau berrien aplikazioa hobetzera begira epe zorrotzagoak sartu behar ote diren herrialdeen artean partekatu behar duten informazioari dagokionez.

Europako Parlamentuak gidabaimenari buruzko arau berri bat onartu du, zeinak besteak beste ondorengoak jasotzen baititu: gidabaimen digitala, prestakuntzarako baldintza berriak eta gidari berrientzako baldintza berriak, gidabaimena 17 urtetik aurrera atera eta lagunduta gidatu ahal izango baitute. Arau berriak indarrean sartuko dira Egunkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunetara, eta EBko herrialdeek hiru urte izango dute beren legerian jasotzeko eta beste urte bete neurri berriak aplikatzeko.

Interesatu Zaitez