Europako Alderdi Demokratak BECen egingo du bere urteroko Kongresua azaroaren 21ean

“All we need is democracy” goiburupean egingo den topaketa hau zati bitan egingo da. Barne estatutuen inguruan egingo den lehen saioa bukatutakoan, bigarren bilkura bat publikoari irekiko zaio europar proiektuak egun dituen erronka nagusiez eztabaidatzera begira. Kongresuari amaierako hitzak emango dizkiete Aitor Estebanek, Sandro Gozik eta François Bayrouk

Europako Alderdi Demokratak BECen egingo du bere urteroko Kongresua azaroaren 21ean 21Urriak
UrriaK 21 |
EBB

PARTEKATU

Europako Alderdi Demokratak (PDE) bere urteroko Kongresua Bilbon egingo du aurten, azaroaren 21ean, Bilbao Exhibition Centren (BEC). Aurtengo topaketa «All We Need is Democracy» goiburupean egingo da (Demokrazia da behar dugun guztia). Goiburu hau aukeratzerakoan Beatles musika taldearen abesti bat gogoratu nahi da, irtenbide autoritarioetara garamatzan joerak gidatzen duen mundu honetan demokraziaren aldeko lana guztiz premiazkoa eta presazkoa dela nabarmenduz.

Kongresua 14:00etan hasiko da alderdiaren estatutuen inguruan egingo den bilkurarekin, zeina Europa osotik etorriko diren PDEren ordezkarien artean egingo den. 16:00etan BECeko Auditorioko ateak irekiko dira publikoa eta hedabideak topaketara bigarren bilkurara sar daitezen. Bilkura honetan adituen arteko saioak egingo dira europar proiektuak egun dituen erronkei buruz eztabaidatzeko: demokraziaren aldeko lana, herrialde jakin batzuetan aldaketa bultzatzen duten gazteen mugimenduetan oinarri harturik, hala nola Serbian, AEBn eta Turkian, bai eta mugimendu hau inspiratzen dituzten eta sare sozialetan mugiarazten dituzten iritzi sortzaileak ere; eta mundu osoan gorako bidea hartu duten joera autoritarioei aurre egiteko beharra.

Imanol Pradales Lehendakariak inauguratuko du kongresua eta amaierako hitzak esango dituzte Aitor Esteban Euzko Alderdi Jeltzalearen EBBren presidenteak, Sandro Gozi Europako Alderdi Demokrataren idazkari nagusiak eta François Bayrou PDEren presidenteak. Egitaraua eta hizlarien zerrenda laster emango dira ezagutzera.

Europako Alderdi Demokrata (PDE) 2004an eratu zen eta lehen Kontseilu Politikoa Sabin Etxean egin zen hurrengo urteko otsailean. PDE da guztiz europazalea den alderdi politikoa, Batasunean diren nortasun nazionalak zaindu eta babestu beharra aldarrikatuz, Batasunaren osaera politikoan eskuduntza legegileak dituzten erregio eta herrien zeregina defendatzen duena. PDEk bederatzi eurodiputatu ditu gaur egun, horien artean Oihane Agirregoitia jeltzalea, 75 kide dituen Renew Europe parlamentuko taldearen barruan.

 

Interesatu Zaitez