IX. Batzar Nagusian onetsi zen `Antolakuntza demokratikoa´ txostena abiapuntutzat hartuz, EAJ-PNVk bere Aberri Estatutuak berrituko ditu militantzia indartzeko eta aktibatzeko, erakundearen barne funtzionamendua birformulatuz. Lehen zirriborroa eginda, alderdikideei bidali zaie, behar besteko ekarpenak egin ditzaten. Agiria Batzar Nagusiaren bilkura berri batean onetsiko da abenduaren 13an, Arabako hiriburuan
14Urriak Euzkadi Buru Batzarrak atzoko bileran ontzat eman ondoren, uri erakundetara bidali da Aberri Estatutuak erreformatzeko zirriborroa, alderdikide jeltzaleek hurrengo asteotan aztertu eta landuko dutena, egoki jotzen dituzten zuzenketak eginez. Agiria behin betiko onetsiko da EAJ-PNVk abenduaren 13an Gasteizen egingo duen IX. Batzar Nagusiaren hirugarren bilkuran. EBBk bete egin nahi izan du iragan martxoan Donostiako Atano III pilotalekuan egin zuen IX. Batzar Nagusiaren lehen bilkuran alderdikideek jarri zioten zeregina, eta hasierako zirriborro hau egin du ´Antolakuntza demokratikoa´ izenburuko txostena abiapuntutzat hartuz. Txosten honek proposatzen zuen militantzia jeltzalea indartzea eta aktibatzea, erakundearen barne funtzionamendua birformulatuz. Agiria landu eta hobetuko dute orain alderdikide jeltzaleek egingo dituzten ekarpenekin.
Jeltzaleen aberri burutzak proposatu duen eguneratze honen helburu nagusia da alderdikideekiko komunikazioa eta Alderdiaren bizitzan parte hartzeko bideak hobetzea, egungo errealitatera moldatuz eta prozesu horiek digitalago eginez. Hala, eta ondorengo araudi batean garatu ahal izango diren beste kontu eta tresnekin batera, zirriborroak planteatzen du Aberri Batzarrak proposatuta, galdeketa ez lotesleak egin ahal izatea, alderdikideek gai zehatzen inguruan dituzten iritziak ezagutzera begira. Kasu honetan, esate baterako, sistema hori ondorengo garapen batean zehaztuko da, kontsulta horiek telematikoki egitea aurreikusiz. Gainera, eta parte hartzeko eta komunikatzeko bideak zabaltzeko helburuarekin, araudi berrian jasoko da “Alderdizaleak” figura, alderdikideak izan gabe alderdiagandik hurbil dauden pertsonekin harreman zuzenagoa izan ahal izateko. Era berean proposatzen da udalez gaindiko buru batzarren artekoa sortzeko aukera ematea, hainbat udalerritako uri erakundeetako buru batzarren artekoa sortzera begira, eskualde edo kuadrillakoa, udalerrien arteko harremana abiapuntutzat hartuz.
Uri erakundeetara bidali den zirriborroak proposamenak egiten ditu barne hauteskunde prozesuetan gehien aipatzen den alderdietako baten inguruan: epeak. Hala, EBBk alderdikideei proposatzen die herrialde buru batzarrak edo Euzkadi Buru Batzarra arauz berritzeko prozesuak laburrago egitea, zirriborroan jasotzen dena ontzat ematen bada, hemendik aurrera epe hori gehienez 30 egunekoa izango baita. Era berean ezartzen dira Emakume eta gizonen arteko ordezkaritza orekaturako portzentajeak eta arauz formalizatzen dira Berdintasun Plana eta Indarkeria matxistaren kontrako Protokoloa.
Halaber, hainbat proposamen egiten dira Alderdiaren buru batzarreko burukide izateko orduan egun indarrean dauden bateraezintasunak aldatzeko, malguagoak izan daitezen, eta aldaketak ezartzen dira Alderdiaren barruko funtzionamenduan, arinagoa eta eraginkorragoa izan dadin.
Aldaketa hauek prestatu ditu EBBk eta herrialde buru batzarrek adostu duen lantaldeak, eta kontuan hartu dira Batzar Nagusiaren lehen bilkuran onetsi zen txostena, Alderdiaren beraren barruko errealitatea, araudiaren koherentzia eta lege eskakizunen betepena zainduz, betiere. Horrek denak ekarri du atzo bertan EBBk onetsi zuen agiria, orain uri erakundeetara bidali dena.
Euzkadi Buru Batzarrak, bere presidenteak Alderdi Egunean egin zuen moduan, alderdikide guztiak animatu eta gonbidatu nahi ditu orain hasiko den prozesuan parte hartzera, Euzko Alderdi Jeltzalea orain arte bezala aurrerantzean ere izan dadin Euskadi eraldatzeko lan tresna eta eragile nagusiena.