Europako Parlamentuko presidentearekin egin den ekitaldian Makroeskualde Atlantikoa sortzea erreklamatu du EAJ-PNVk

Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak antolatutako eta Roberta Metsola presidenteak itxitako bileran izan dira Fernando Sampedro Europako Gaietarako Estatu idazkaria, Ander Caballero Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusia, hainbat talde politikotako eurodiputatu eta merkataritza eta eskualdeetako ganberetako ordezkariak

Europako Parlamentuko presidentearekin egin den ekitaldian Makroeskualde Atlantikoa sortzea erreklamatu du EAJ-PNVk 14Urriak
UrriaK 14 |
Europako Legebiltzarra

PARTEKATU

Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko eurodiputatuak eskualde atlantikoek bete  dezaketen zeregina aldarrikatu du  gaur, asteartearekin, Arku Atlantikoaren Batzordearekin (CPMR) eta Eusko Jaurlaritzarekin batera  egin duen lan-jardunaldi batean, Europa mailan Atlantikoko Makroeskualdearen ekimena bultzatzeko. "Horrek pizgarri izan behar du makroeskualdeari laguntzeko Europako lobby-arentzat. Euskadin,  berezko nortasun industrial eta berritzaile argia duen eskualdean, Makroeskualde Atlantiko baten sorrera lehen mailako aukera estrategiko gisa ikusten dugu. Potentzial aeromaritimo eta teknologiko aparta duen espazio bat partekatzen dugu", nabarmendu du euskal ordezkariak Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidentearen babesarekin egin den ekitaldia amaitutakoan.

Roberta Metsolak adorezko hitzak eskaini ditu eta eskualdeen eta lankidetzaren garrantzia azpimarratu du. "Gaurko eztabaidatik atera dezakegun mezu bat badago, arku atlantikoaren potentziala ahalik eta gehien aprobetxatu behar dugula da, bai eskualdearen hazkunderako, bai, garrantzitsuagoa dena, Europaren etorkizunerako", ziurtatu du Agirregoitiak antolatutako ekitaldian. "Zentzuzkoa da Arku Atlantikoaren ikuspegi integratua izatea. Pragmatikoa eta estrategikoa da. Elkarrekin jarduteko, hobeto koordinatzeko eta gure tresnak eta baliabideak modu adimentsuagoan erabiltzeko aukera ematen digu, eta, aldi berean, eskualde bakar bat ere atzean ez geratzea bermatzen dugu (...) Europar Batasuneko beste makroeskualde batzuek arrakasta izan dutela ikusi dugu. Zalantzarik gabe, gauza bera gertatuko da testuinguru atlantikoan ", adierazi du.

Eurodiputatu jeltzaleak azpimarratu du Atlantikoko makroeskualdeak ez duela foro bat gehiago izan behar. "Benetako palanka bat izan behar du, hiru gauzatan lagunduko diguna: ikusgarritasuna irabazten, aukera berriak sortzen eta EBn gure eragin politiko, ekonomiko eta soziala handitzen", defendatu du, etorkizuneko makroeskualderako funtsezkotzat jotzen dituen bi elementu azpimarratuz.

Lehenik eta behin, eskualde atlantikoetako gobernuen arteko koordinazio politikorako plataforma moduko bat izan dadila, EBn beren interesak defendatzeko. Eta, bigarrenik, industrian, energian, berrikuntzan, azpiegituretan edo interes komuneko beste edozein eremutan ikuspegi partekatua duten proiektuak garatzen laguntzea. "Gure jendearen bizitza aldatuko duten proiektuak, hala nola Atlantikoko Trenbide Korridorea, interkonexio elektrikoak, Hidrogenoaren Korridorea edo portuen Europako etorkizuneko estrategia", nabarmendu du. "Europan bosgarren Makroeskualde bat sortzeko unea da (Danubio, Baltika, Alpina eta Adriatiko-Jonikakoaz gain). Asko dugu esateko eta emateko. Jardunaldi hau hasiera izatea espero dugu, izan ere, momentuaren konplexutasunak gure mugetatik haratago doazen proiektuetan lan egitea eskatzen du eta Makroreskualdeak aliantza indartu berriak ezartzeko aukera ematen du, baita Erresuma Batua bezalako beste herrialde batzuetako eskualdeekin ere ".

Europako Parlamentuaren Bruselako egoitzan egin den ekitaldian, Sandro Gozi Europako Alderdi Demokratako idazkari nagusi eta eurodiputatuak, Ander Caballero Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusiak eta Fernando Sampedro Espainiako Gobernuko Europako Gaietarako Estatu idazkariak hartu dute hitza. Hirurek bat egin dute ekimenarekin, eta aurrera ateratzeko lan egiteko konpromisoa agertu dute. Ekitaldian izan dira, halaber, Bilboko Merkataritza Ganberako idazkari nagusi Mikel Arieta-Araunabeña, Portugalgo iparraldeko Koordinazio eta Garapen Batzordeko presidente António Cunha, Baltikoko Makroreskualdeaz hitz egin duen Tom Schumacher, Paulo do Nascimiento Cabral (Portugal), Isabelle Le Callennec (Frantzia) eta Marcos Ros (Espainia) eurodiputatuak.

Interesatu Zaitez