EAJ-PNVk erabat gaitzesten ditu igandean Gasteizen eman ziren indarkeriazko gertakari onartezinak

Bilbon batzartuta, EAJ-PNVren aberri burutzak onartezintzat eta erabat kezkagarritzat jo ditu igandeko istiluak, indarkeriazko jokaerez eta istiluez gain Ertzaintzako agenteen zauriak eta hiri-altzarien eta jabetza pribatuen kalteak eragin baitzituzten, Arabako hiriburuko herritarrentzat arrisku-egoerak sortzeaz gain

EAJ-PNVk erabat gaitzesten ditu igandean Gasteizen eman ziren indarkeriazko gertakari onartezinak 13Urriak
UrriaK 13 |
EBB

PARTEKATU

EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak gaur baloratu ditu Falange Españolak eta GKSk eta Ernaik, besteak beste, deitutako elkarretaratzeetan atzo Gasteizen eragin ziren istilu larriak.

Lehenik eta behin, jeltzaleen aberri burutzak gogora ekarri du EAJ-PNVk aurkari politiko bat izan duela eta duela Espainiako Falangean, eta haren ideologia Herri honen gehiengoaren borondate demokratikoaren aurkakoa dela. EAJ-PNVk uste du, halaber, kontrako muturretik eta indarkeriazko forma berberak erabiliz, indarkeriazko zorgin gurpila baino ez dela elikatzen, herritarren arteko bizikidetza demokratikoa ezegonkortzea beste asmorik ez duena.

Ildo beretik, burutza jeltzalearen aburuz, onartezinak eta oso kezkagarriak dira gertatutako istiluak, Ertzaintzako agenteen zauriak eta hiri-altzarietan eta jabetza pribatuan kalteak eragiteaz gain Gasteizko herritarrentzat arrisku-egoerak sortu zituztenak.

EAJ-PNVk, gainera, egiaztatu ahal izan du atzokoak utzi dizkigunak beste garai batzuetako irudiak direla, gure gizartean lekurik ez izateaz gain euskal herritarrek nahi dutenaren kontrakoa adierazten baitute: bizikidetzan, errespetuan eta askatasunean oinarritutako demokrazia, aurrera begiratzea bilatzen duena eta atzo batzuek eta besteek, nostalgia historikoaren bi aldeen ordezkari gisa, hurbildu ziguten iragan ilun hori gainditutzat eman nahi duena.

EBBk ildo beretik baieztatu nahi du atzo gertatutakoaren erantzule bakarrak direla Gasteizko kaleetan indarkeria erabili zutenak: Falangea eta elkarretaratzeak deitu zituzten talde erradikalak.

Era berean, EAJ-PNVk biziki deitoratzen du EH Bildu, beste behin ere, begirada desbideratu nahian aritu dela, Gasteizko kaleetan bizi izandako indarkeria gaitzesteari uko eginez eta, Gasteizko Udalak, gaur eguerdian, adierazpen instituzional bat onartzea eragotziz. EBBk  jakin nahiko luke EH Bilduk atzo eta gaur goizean kaleratutako bi komunikatuetatik zeinek erantzuten dion bere jarrera ofizialari, batak eta besteak gertatutakoaren irakurketa bana eta elkarren artean ezberdina egiten dutela ikusita.

Jarrera horretatik aldenduz, EAJ-PNVk arbuiatu eta gaitzetsi egiten du indarkeria bere forma guztietan, edonondik datorrela ere, oso irakurketa kritikoa egiten du atzo gertatutakoaren inguruan, eta politika egiteko eta jarrera desberdinak errespetutik eta modu eraikitzailean adierazteko modu bat aldarrikatzen du.

Azkenik, EAJ-PNVk adierazi nahi du bere egiten duela Gasteizko Udalak gaur proposatu duen adierazpen instituzionala, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek onartu ez dutena, eta babesa eta aintzatespena adierazi nahi die Ertzaintzari eta Udaltzaingoari, egin duten lanagatik eta ,ertzain zaurituei opa die lehenbailehen sendatzea.

Interesatu Zaitez