Industria da Gipuzkoako motor ekonomikoa, eta Oronan egingo diren 60 milioi euroko inbertsioa eta 150 lanpostu berrien sorrera horren adibide dira

Argazkia Eusko Jaurlaritza 09Urriak
UrriaK 09 |
Berria

PARTEKATU

Orona kooperatibak gaur goizean aurkeztu du Hernanin instalazio berriak eraikitzeko proiektu estrategikoa, 60 milioi euroko inbertsioa eta 150 lanpostu berri aurreikusten dituena. Ekitaldian izan dira Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Mikel Jauregi, eta Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eider Mendoza, eta bertan azpimarratu da ekimena industria-politika sendo eta koherente baten emaitza dela. Jauregik berak adierazi duenez, “Oronako operazio hau Eusko Jaurlaritzatik gure Industria Planaren bidez garatzen ari garen industria-politikaren adibiderik onena da”.

Testuinguru horretan, proiektua EAJk gidatzen ari den industria-garapen ereduaren emaitza da, tokian errotutako eta nazioarteko bokazioa duten egitasmoak lehenesten duena. “Kalitatezko enplegua sortzeko, berrikuntza sustatzeko eta gure industriaren lehiakortasuna sendotzeko bidea horixe da”, azpimarratu du Jauregik. Halaber, sailburuak nabarmendu du lurzoru industrialaren erabilera estrategikoa funtsezkoa dela Euskadik etorkizuneko erronkei aurre egiteko, “eta Oronaren kasuan aukera hori errealitate bihurtu da”. 

Bestetik, Eider Mendozak gogorarazi du Oronaren apustua ez dela salbuespen, baizik eta Gipuzkoan martxan dagoen jauzi sozial eta ekonomikoaren parte dela: “Industria defendatu eta etorkizunerako prestatzeko testuinguru konplexu batean gaude, eta erronka horri ausardiaz eta lankidetzaz erantzuten ari gara lurralde osoan zehar abiatutako proiektu berritzaileen bidez”. Bere hitzetan, Oronaren ibilbidea berrikuntzaren, lan onaren eta herrialdearekiko konpromisoaren emaitza da, “eta balio horiek sendotzea da guztion ardura”. Ildo horretan, EAJk zuzendutako erakunde publikoek espazio eta baliabide berriak eskura jartzen jarraituko dute industria-sektorearentzat, errotuta dagoen, berritzailea eta etorkizunerako prestatua den industria-sarea indartzeko.

Interesatu Zaitez