EAJ-PNV Oñati, tokiko merkataritzaren alde

Talde jeltzaleak EH Bilduren Udal Gobernuari eskatu dio merkataritza txikiari laguntzeko plan bat egiteko, aurrekontu propioarekin, sustapen kanpainekin eta merkatarientzako TAO sistemaren hobekuntzekin.

EAJ-PNV Oñati, tokiko merkataritzaren alde 09Urriak
UrriaK 09 |
ONATI

PARTEKATU

Oñatiko EAJ-PNVren udal taldeak tokiko merkataritza indartzeko eta biziberritzeko hainbat proposamen helarazi dizkio EH Bilduren Udal Gobernuari, merkatarien elkartearekin bildu eta eskaera nagusiak jaso ondoren. Jeltzaleentzat, “gai estrategikoa da udalerriaren erdigunea bizirik mantentzeko, enplegua sortzeko eta Oñatik kalitatezko jarduera eta zerbitzuak dituen herria izaten jarraituko duela bermatzeko”, Amaia Erostarbe bozeramaileak azpimarratu duenez.

Proposatutako neurrien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

● Tokiko merkataritzaren diagnostikoa eguneratzea (azkena 2020an egin zen) eta ekintza plan bat egitea neurri argiekin, udal aurrekontuetan partida propio batekin.

● Sentsibilizazio- eta sustapen-kanpainak etengabe bultzatzea urtean zehar, eta udal-aurrekontuetan partida propioa ematea. Adibidez, Kontzejupetik udal aldizkarian hilero gune bat erreserbatzea hurbileko merkataritza ikusarazteko.

● Ikastetxeekin lankidetzan aritzea, tokiko merkataritzaren garrantziari buruzko unitate didaktikoak txertatuz, gazteen artean herrian erostearen balioa sustatzeko. Era berean, tokiko merkataritza aldarrikatzeko egun bat ezartzea.

● Bezeroen segurtasuna bermatzea merkataritza-kaleetan, bizikleten abiadura erregulatuz konkurrentzia bereziko eremuetan.

● Dinamizazio-proposamen berriei erantzutea:

     _ Merkatarientzat egokitutako TAO formulak ezartzea.

     _ Gabonetako argiztapena eta giroa indartzea, plazan pinua berreskuratuz eta argiak hobetuz.

     _ Puntu estrategikoetan pantaila digitalak instalatzea (Arrikutz, autobus geltokia, San Martingo autokarabanen gunea...), tokiko merkataritzari buruzko informazioa zabaltzeko.

     _ Oñatin kontsumo bonuak sartzea, udal lehiaketa eta jardueretan sari gisa (pintura, baratxuri zopak, jaietako programaren azala...).

Amaia Erostarbek azpimarratu duenez, “tokiko merkataritzak ezin du gehiago itxaron. Oñatik plan zehatz eta egonkor bat behar du, gure merkatarien alde egingo duena, haiek baitira gure kaleetan bizitza mantentzen dutenak eta udalerrian enplegua sortzen dutenak”.

Erostarbek gaineratu duenez, “kontua ez da denda gutxi batzuei laguntzea bakarrik: udalerri eredu bati buruz ari gara. Hurbileko merkataritza erortzen uzten badugu, bizi-kalitatea, segurtasuna eta gizarte-kohesioa galduko ditugu. EAJ-PNVtik eskua luzatzen dugu elkarrekin lan egiteko, baina hitzetatik ekintzetara pasatzea exijitzen dugu”.

Interesatu Zaitez