Hornidura-katean nekazarien eta abeltzainen kontratu-egoera indartzearen eta Boli Kostarekin arrantza-protokoloa berritzearen alde bozkatu du gaur Oihane Agirregoitiak
Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko eurodiputatuak Euskadiko lehen sektorerako ezinbesteko jotzen dituen bi txostenen alde bozkatu du gaur bertan, asteazkenarekin. Txosten horien helburua da, batetik, elikagai-horniduraren katean nekazarien eta abeltzainen egoera indartzea, eta, horri lotuta, haien diru-sarrerak egonkortzea, eta, bestetik, Boli Kostako uretan euskal atunontzien arrantza-jarduerarekin jarraitzea.
Lehenik eta behin, Agirregoitiak baiezkoa eman du nekazaritza-produktuen merkatuen antolaketa komunari buruzko arauak aldatzen dituen txostenaren bozketan. Txosten horretan, elikagai-kontratuak aldez aurretik sinatzeko betebeharra jasotzen da, ENBA nekazaritza-erakundeak eskatzen zuen bezala. Lehen sektorearentzat "berebiziko garrantzia duen" kontua da hau, ekoizpen-kostu aldakorren aurrean errentagarritasuna ziurtatzeko. "Nekazariek finantza-segurtasuna izan behar dute eta modu justuan lehiatzeko gai izan behar dute, eta txosten honek euren egoera indartzen lagunduko du", nabarmendu du eurodiputatu jeltzaleak.
Txostenak jasotzen du, halaber, "hornidura-kate laburra" terminoa etiketetan eta publizitatean jarri beharra, kontsumitzaileari ematen zaion informazioa hobetzeko eta ekoizleen erakundeek produktuen plangintzan eta merkaturatzean duten zeregina indartzeko. Lehen irakurketan onartutako dokumentuak, halaber, EBko lehia-arauen salbuespena lortzeko aplikatu behar diren jasangarritasun-arauen proposamen-zerrenda zabaltzen du, haien akordio, erabaki eta praktiketarako. Horri guztiari hainbat helburu gehitu zaizkio, hala nola baliabide hidrikoak erabiltzeko inbertsioak, tokiko ekoizpena sustatzea edo nekazarientzako diru-sarrera egonkor eta bidezkoak bermatzea.
Arrantza-protokoloa Boli Kostarekin
EAJ-PNVko ordezkariak Boli Kostarekin arrantza-protokoloa berritzearen alde ere bozkatu du, akordio garrantzitsua baita Atlantikoan eta Abiyanetik ari diren euskal atunontzientzat. Logistika zentro hori funtsezkoa da harrapaketak lehorreratzeko eta ontziz aldatzeko portu gisa. 2025-2029 aldirako aurreikusten den protokoloaren luzapenari esker, Europako 25 atunontzik eta 7 tretzaontzik Boli kostako uretara sartzen jarraitu ahal izango dute. Horren truke, EBk 740.000 euroko finantza-ekarpena egingo du urtean, 305.000 eurokoa ura eskuratzeko finantza-konpentsazioan, eta 435.000 eurokoa tokiko arrantza-sektoreari laguntzeko.
"Iaz amaitu zen protokoloaren indarraldia, eta 2024ko abuztuaz geroztik ontziak lizentziarik gabe daude; beraz, egoera oso zaila izan da. Sektoreak bere jarduerari eutsi nahi dio eremu horretan, eta, beraz, protokoloa berritzea positiboa da. Gainera, arrantzaren jarraipena, kontrola eta zaintza indartzen eta eskualdeko arrantza-jardueren gobernantza hobetzen lagunduko digu", ospatu du eurodiputatu jeltzaleak.