Ezin dira zergak modu orokorrean igo 16 milioirekin bankuan

Arrasateko EAJ-PNVk Udalaren politika fiskala berehala aldatzea eskatzen du. Talde jeltzaleak zergen igoera orokorrak arbuiatu ditu, kiroldegiko tasak ez igotzea eskatu du, zaborren tasa benetako kostura doitzea, eta egungo hobariak mantentzea eskatu du.

Ezin dira zergak modu orokorrean igo 16 milioirekin bankuan 08Urriak
UrriaK 08 |
Arrasate-Mondragon

PARTEKATU

Arrasateko EAJ-PNVk azken Udalbatzan onartutako Ordenantza Fiskalen aurka bozkatu du, EH Bilduren Gobernuaren eta Elkarrekin Arrasateren proposamenak politika fiskal bidegabea eta udalerriko benetako egoera ekonomikotik urrun dagoela iritzita.

“Hirugarren urtez jarraian, Udal Gobernuak zergen igoera orokorra proposatzen du, Arrasateko egoera ekonomikoa kontuan hartu gabe, 16 milioi eurotik gorako gerakina izanik”, salatu du Ander Garay bozeramaile jeltzaleak.

EAJ-PNVk kritikatu du Udalak igoera orokorrak planteatzea, justifikatuko dituen oinarri sendorik gabe. Uraren kasuan, igoera % 5ekoa izango da herritarrentzat, eta benetako kostua Udalarentzat berarentzat %2,3 baino ez da igoko.

“Zer datutan oinarritzen da Udal Gobernua arrasatearrei Udalak berak bere gain hartzen duen igoera bikoizten duen igoera aplikatzeko?”, zalantzan jarri du Garayk.

Era berean, talde jeltzaleak baztertu egin du Udal Gobernuak kiroldegiari buruz emandako justifikazioa, bertan planteatzen baita “etorkizunean tasak % 30 baino gehiago igo beharko direla”. “Ez gatoz bat baieztapen horrekin. Prezioei buruz hitz egin aurretik, Arrasatek kirol instalazio duinak behar ditu. Ezin da tasak igotzeaz hitz egin kiroldegi berri bat ere ez daukagunean”, azpimarratu du bozeramaile jeltzaleak.

Progresibitatearen aitzakian murriztutako hobariak

Tasa berriek irizpide progresiboak dakartzatela defendatu du gobernu taldeak. Hala ere, EAJ-PNVk salatu du benetan egin dena dela lehendik zeuden hobarien taulak aldatu, kasu batzuetan laguntzak murriztuz.

“Familia batzuek orain arte baino hobari gutxiago jasoko dute, adibidez, kiroldegiko kuotetan, urtean 30.000 €-ko diru-sarrera gordinak dituzten 4 pertsonako familia batek, lehen 91,75 € ordaintzen zuten urteko abonua, eta taula progresibo berriarekin, orain 183,51 € ordainduko dituzte, % 200eko igoera.

EAJ-PNVren proposamena: zaborren tasa benetako kostuari egokitzea

Zaborren tasari dagokionez, talde jeltzaleak berretsi du Arrasateko zerbitzuaren benetako kostuaren arabera kalkulatzeko proposamena, eta ez udalerriari kalte egiten dioten Mankomunitatearen irizpide generikoak aplikatuz.

“Gaur-gaurkoz, arrasatearrak dagokiguna baino ia % 20 gehiago ordaintzen ari gara, sistema garestiagoen kostua jasanarazten zaigulako, hala nola beste udalerri batzuetako atez atekoa”, azaldu du Garayk.

EAJ-PNVk azterketa tekniko bat egitea proposatu du, Arrasateko zerbitzuaren benetako kostua zehazteko eta, kalkulatu ondoren, zaborren tasari dagokion jaitsiera aplikatzeko.

EAJ-PNVren ustez, Arrasatek politika fiskal orekatuagoa, gardenagoa eta pertsonengan zentratuagoa behar du, Udalak baliabide nahikoak dituenean herritarren gain modu orokorrean egongo ez dena.

“Udal Gobernuak norabide aldaketa behar du zerga arloan. Politika hau ez da egokia Arrasaterentzat, ezta bertako bizilagunentzat ere. Horregatik guztiagatik, aurka bozkatu dugu”, amaitu du Garayk.

Interesatu Zaitez