Euskal Taldeko bozeramaileak iragarri du Benjamin Netanyahuk Nazioarteko Zigor Gortearen aurrean erantzun beharko duela Gazan egiten ari den genozidioagatik, eta aurreratu du alderdi jeltzaleak asteazkenean bozkatuko duela Israeli defentsarako materiala enbargatzea jasotzen duen Lege-Dekretuaren alde
“Oso itsu egon behar da, Nazioarteko Zigor Auzitegiak oraindik epaitu ez badu ere, argi dagoena ez ikusteko: (Benjamin) Netanyahu Gazan egiten ari dena sarraskia dela, genozidioa deritzon krimena", adierazi du Maribel Vaquero Euskal Taldeko bozeramaileak, Israelgo Gobernuak, presidentea buru duela, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aurrean erantzun beharko duela iragarri aurretik. Hitz horiek esandakoan jeltzaleen babesa berretsi du Gazako genozidioaren aurka eta palestinarrei babesa emateko premiazko neurriak hartzea aurreikusten duen Lege-Dekretua baliozkotzeko".Errege Lege-Dekretu hori gaur bertan eztabaidatu da Kongresuan eta biharko bilkuran bozkatuko da.
“Esan egin genuen behar-beharrezkoa zela adierazpenetatik ekintzetara igarotzea, eta Errege Dekretu hau, aplikatzean, egintza bilakatuko da. Borondate horrekin babestuko dugu Dekretua baliozkotzea, itxaropenezko denbora irekiko den esperantzarekin, etorkizun denbora berria palestinar herriarentzat”, azaldu du.
Hamasek 2023ko urriaren 7an Israelen egin zuen atentatuen bigarren urteurrena bete dela eta Israelgo Gobernuaren ondorengo erasoaldia ("Gaza suntsitu du eta 66.000 hildako baino gehiago utzi ditu") gogora ekarri ostean, Vaquerok esan du igaro den maiatzean Euskal Taldeak babestu egin zuela defentsa-materialaren eta erabilera bikoitzaren kanpo-merkataritzaren Legearen erreforma aintzat hartzea. Erreforma horren bidez enbargoaren figura sartzea planteatzen zen, "hutsune legal bat betetzen zuelako". "Gaur baliozkotzen ari garen Lege-Dekretuak ez du hutsune hori betetzen", azaldu du bozeramaile jeltzaleak, baina Lege hau "ad hoc aldatzea" dakar, "Israelera defentsa-materiala esportatzea eta inportatzea debekatzeko; erabilera militarra izan dezaketen erregaiak Israelera igarotzeko baimen-eskaerak debekatzeko; eta okupatutako lurretako kokaguneetako jatorrizko produktuak inportatzea debekatzeko".
Vaquerok, hala ere, itxaropena adierazi nahi izan du, kautelaz bada ere, berak espero baitu une honetan negoziatzen ari den bakea toki onera heltzea eta “Gazako biztanleriak sufritzen dituen erasoaldien amaiera iristea, laguntza humanitarioa bizirik daudenengana eraman ahal izatea eta bahituta eta espetxeratuta daudenak askatuak izan daitezela”.