Oihane Agirregoitia, Europako Parlamentuan Europa konektatu azpiegitura-programaren txostengile

EAJ-PNVko eurodiputatuak bere gain hartuko du Europako Parlamentuaren garraio eta turismo batzordean Europa Konektatu mekanismo berriaren inguruko txostena egiteko ardura. Mekanismo honek Europa zeharkatuko duten garraio eta energia sarearen garapena finantzatuko du, eta ezinbesteko proiektua da Euskal Y trenbidea edo Frantziarekiko interkonexio elektrikoa bezalako proiektuak aurrera eramateko

Oihane Agirregoitia,  Europako Parlamentuan Europa konektatu azpiegitura-programaren txostengile 03Urriak
UrriaK 03 |
Europako Legebiltzarra

PARTEKATU

Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzalea aste honetan izendatu dute Europako Parlamentuko garraio eta turismo batzordeak Europa Konektatu Mekanismoaren inguruan (ingelesez CEF) egin behar duen txostenaren egile. Hauxe da Europar Batasunak Euskadiren eta Europaren arteko konektibitaterako eta lurralde osoaren lehiakortasunerako azpiegiturak garraioa eta energia bezalako sektore estrategikoetan garatzeko dituen finantzaketa programarik nagusienetakoa, abiadura handiko trenarekin, sare elektriko adimendunekin eta Interneten gaitasun berriekin zerikusia duten proiektuak finantzatuz. Oraingo honetan, ahalegin berezia egin nahi da digitalizazio prozesuei bultzada emanez, hala nola ERTMS sistemaren hedapena bultzatuz.

“Kalitatezko azpiegituretan inbertitzea, europar kontinente osoa konektatzeko, guztiz funtsezkoa da Euskadi moduko erregioetan hazkundea bultzatzeko. Programa hau eragile izan daiteke, eta izan behar da, Europako merkatu bakarra zatikatzen duten botila lepo fisiko eta figitalak desagerrarazteko eta, horrela, gure lurralde- eta gizarte- kohesioa hobetzeko. Ekinean jarriko gara Europako hurrengo aurrekontuan finantzaketa nahikoa izan dezagun, konexio eraginkorrik ezean, dela garraioa, energia edo digitala, gure lehiakortasunak geldituta eta arriskutan jarraituko duelako. Trenbide-, energia- eta Internet-sare sendoak behar ditugu, bai eta erregioen inplikazio handiagoa ere”, aldarrikatu du Agirregoitiak.

Eurodiputatu jeltzaleak garrantzia eman dio trantsizio berde eta digitala bizkortzeko eta Euskadirentzat guztiz funtsezkoak diren mugaz gaindiko konexioak indartzeko mekanismoari, hala nola trenbide korridore atlantikoa, zeinek euskal Y trenbidea eta Frantziarekiko interkonexio elektrikoa barne hartzen baititu. Agirregoitiaren esanetan, ziurgabetasuna nagusi den egungo egoeran, programa sendo bat izateak eta finantzaketa nahikoa aurreikusteak nabarmen lagun dezakete merkatu bakarraren integrazioa, lurralde kohesioa eta Europako autonomia estrategikoa hobetzen. Lan horretan erantzukizuna duten batzorde parlamentarioak urrian bertan hasiko dira lanean, eta euren helburu nagusiena da albait arinen Europako Parlamentuan posizio bateratua lortzea, EBko Kontseiluarekin negoziatzen hastera begira.

Agintaldi berri honetan Europako Batzordeak konektibitateari ematen dion garrantziaren erakusle da CEF hori dela EBren hurrengo aurrekontua berrantolatzeko orduan mantendu nahi izan den programetako bat, kontuan izanik programa kopurua murriztu egin dela eta egungo 52 programetatik 16ra jaistea erabaki dela. Horri gehitzen zaio 2028-2034 aldirako proposatu den finantzaketaren kopurua. Batasuneko gobernuak proposatu du mekanismo horretara 81.351 milioi euro bideratzea: 33.864 millioi garraiorako, 29.900 milioi energiarako eta 17.651 milioi mugimen militarrerako, hau da, egungo aurrekontuan jasota dagoen 33.710 milioitako kopurua baino nabarmen gorago. Azken kopurua, hala ere, Europako Kontseiluak eta Europako Parlamentuak negoziatu beharko dute.

Mekanismo hau 2021-2024 aldian betetzeari buruzko txostenean Europako Batzordeak jaso dituen aurreikuspenen arabera, mugaz gaindiko proiektu elektrikoetarako eta itsasoko konexioetarako 130 milioi euroko aurrekontua beharko da 2024-2040 aldian.

Interesatu Zaitez