Herritar guztien erantzukizun partekaturako deia egiten du Udal talde jeltzaleak, eta balio komunitarioak indartzeko eta udalerriko segurtasuna hobetzeko neurriei buruzko hausnarketa abiarazteko deia egiten du.
Aretxabaletako EAJ-PNVren udal taldeak erabateko gaitzespena adierazi nahi du azken hilabeteetan herrian eman diren gertaeren aurrean, bereziki edukiontzien erreketen aurrean. Atxabaltarren osotasuna edo integritatea arriskuan jarri eta zuzenean erasotzen duten jarrerak eta portaerak dira.
Gertaera hauek onartezinak dira. EAJk gaitzetsi egiten du herritarrak arriskuan jartzen dituzten ekintza guztiak, eta, herria zaintzeko herritar guztion erantzukizunari dei egiten diogu, Aretxabaletak jarrai dezan izaten ondo eta seguru bizitzeko ingurunea.
Gure herria lotura komunitario indartsuak izateagatik nabarmentzen da. Horren erakusgarri dira euskara, kultura, gizarte-babesa, kirola edo ekonomia bezalako esparruetan garatu diren proiektu komunitario eta eraldatzaile ugariak.
Baina indibidualismoaren garai hauetan, batzuen gizalegearen kontrako portaerek Aretxabaletan bizi garen guztion ongiari eraso egiten dioten, gure komunitatearekiko konpromisoaren eta lankidetzaren kultura etengabe ahulduz. Etxekalte dira. Guztion ardura da - herritarrak, erakunde publikoak eta eragile pribatuak - izaera eta balio komunitarioak indartzeko asmoz elkarrekin lan egitea, Aretxabaleta izan dadin aurrerantzean ere ondo bizitzeko eta seguru sentitzeko herria.
Izan ere, azken puntu hori da, hain zuzen ere, Aretxabaletako herritarrak kezkatzen dituen gaietako bat. Testuinguru horretan, EAJk uste du garrantzitsua dela segurtasuna hobetuko duten eta guztioi kaleetan lasai ibiltzeko aukera emango diguten neurrien gaineko eztabaida mahai gainean jartzea.
EAJ-PNVk bi esparrutan lan egitea proposatzen du:
- komunitarioa: atxabaltarren komunitateko kide izatearen zentzuan sakonduz, eta, pertsonen eta tokiko ingurunearen zaintza naturalaren konpromisoa sustatuz.
- prebentziozkoa eta disuasiozkoa: espazio publikoetako ikuspena hobetzea (argiztapena, garbiketa eta mantentze-lanak); eta gune sentikorretan edo bereziki kalteberetan kamerak jartzea.
Funtsezkoa da pribatutasuna arriskuan jarri gabe segurtasuna bermatzeko moduari buruzko elkarrizketa irekitzea tokiko eragile, erakundeen eta herritarren arte, herritarrak eta haien ongizatea babestea baita gure lehentasuna.
Aretxabaletako EAJ-PNVk berretsi egiten du udalerri seguru baten aldeko konpromisoa, herritar guztiak babestuta eta lasai sentituko diren herri bat. Alderdi jeltzaleak udal- gobernuari eskatzen dio eztabaida publikoko prozesu bat abiarazi dezala. Eta herritarrak animatzen ditu erantzukizunez jokatu eta hausnarketa horretan parte hartzera, ongi eta seguru sentitzea guztion artean zaindu beharreko altxorra baita.