Taldeko eurodiputatuek euren urteroko mintegia egin dute Baltikoko herrialdean, eta hizpide nagusi izan dituzte segurtasuna, industria eta energia
Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko eurodiputatua Estonian izan da aste honetan, Renew Europe taldeak urtero antolatzen duen mintegian. Hiru lanegunetan zehar, eurodiputatuek beren agenda landu dute, Errusiako muga bisitatu dute eta proiektu berritzaileak ezagutu dituzte, hala nola ibilgailu elektrikoetan eta turbina eolikoetan erabiltzen diren lur arraroetako imanak ekoizteko lantegi bat.
"Europa hemen hasten da, azaldu diguten bezala. Bizitzen ari garen probokazio eta tentsio ugari dauden une honetan, garrantzitsua da jakitea nola bizi duten egungo errealitate geopolitikoa lehen lerroan dauden lekuetan, hala nola Estonian. Garrantzitsua da gai horiekiko sentikorrak izatea; izan ere, urrun sentitzen baditugu ere, gero eta gertuago daude dronen zibererasoak eta mehatxuak. Drone bidezko erasoak erabiltzen ari dira Errusia eta Netanyahu, azken hau Gazarantz doan ontzidiaren kontra. Bere erabilera normalizatzen hasi da batere demokratikoak ez diren liderren artean", adierazi du Agirregoitiak.
Lehenengo Tallinen eta ondoren Narvan, taldeko eurodiputatuek ondorengo gaiak jorratu dituzte, besteak beste: segurtasun eta defentsa politika, berrikuntzak enpresetan eta industrian duen zeregina, elektrizitatearen sorkuntza eta trantsizio energetikoa, eta Errusiarekin muga egiten duen eskualdeko aukera kultural eta sozialak. Halaber, Kristen Michal Estoniako lehen ministroarekin bildu dira, eta bakea "lurretik, itsasotik, airetik eta linean" defendatzeko neurri ausartak eskatu dituzte.
Errusiak azken asteetan droneekin egin dituen eraso eta probokazioek eta Europako aire-espazioaren urraketek oso markatuta,bisita honek eurodiputatuei ahalbidetu die Narva hiriko egoera hurbiletik ezagutzea. Narva, Estoniako hirugarren hiri handiena, 1944an Bigarren Mundu Gerran erabat suntsitua izan zen, eta bere kokapen geografikoak ekarri dio mendeetan zehar puntu estrategikoa izatea. Narva ibaiaren ertzean dago, EBren eta Errusiaren arteko muga naturalean, herrialdearen iparraldean. Zubia oraindik erabiltzen da Europako lurraldetik Errusiara oinez igarotzeko.
Europar Batasuneko kanpoko mugaren egoera zonaldea patruilatzen duten mugazainen eskutik ezagutzeaz gain, Renew Europe taldeak duela gutxi inauguratutako eta maiatzean trantsizio ekologikoan funtsezkoak diren lur arraroetatik abiatuta imanak fabrikatzen hasi zen lantegi baten instalazioak bisitatu ahal izan ditu.