EAJ-PNVk Pasaia udalerri tentsionatu izendatzea babestuko du, baina EHBilduri etxebizitzaren inguruan anbizio handiagoa eskatzen dio

Jeltzaleek berretsi egin dute etxebizitza-politikarekiko konpromisoa: politika horrek ez du mugatu behar prezioak kontrolatzera soilik, baizik eta Pasaiako udalerrian eskaintza berria sortzera, dagoena birgaitzera eta herritarrek emantzipatzeko eta duintasunez bizitzeko aukerak bermatzera.

EAJ-PNVk Pasaia udalerri tentsionatu izendatzea babestuko du, baina EHBilduri etxebizitzaren inguruan anbizio handiagoa eskatzen dio 30Irailak
IrailaK 30 |
PASAIA

PARTEKATU

Pasaiako Udalbatzak etxebizitzaren diagnostikoaren eta ekintza-planaren onarpenari heldu dio, udalerria bizitegi-merkatuko eremu tentsionatu izendapena eskatu ahal izateko, 12/2023 Legeak aurreikusitakoaren esparruan. Pasaiako EAJ-PNVk aldeko botoa eman du, prezioen igoera mugatzea eta etxebizitzarako sarbidea erraztea ezinbestekoa dela iritzita

Hala ere, jeltzaleek azpimarratu nahi dute kritikoak direla EH Bildu eta Podemosek bultzatutako etxebizitza-politikarekin. EAJ-PNVren udal taldearen ustez, prezioak mugatzea beharrezko tresna da, baina ez nahikoa: “Udalak anbizio handiagoko estrategia bat garatu behar du, Pasaiak bizi duen etxebizitza-larrialdiari erantzuteko, bereziki gazteriaren eta kolektibo ahulen artean”.

Zehazki, martxan dagoen HAPOaren Aurrerapenean, EAJ-PNVk lehentasunezkotzat jo du “etxebizitza-larrialdiari erantzutea” eta horretarako, jeltzaleek anbizio handiagoa eskatu zuten etxebizitzaren inguruan, helburu gisa planteatuz Donostialdeako Lurralde Plan Partzialean (PTP) aurreikusitako 727 etxebizitzen eraikuntza aurreikuspena jasotzea. Ulertzen dugu ez dela helburu erraza, baina bizi dugun une eta garaiotan ezinbestekoa da anbizio gehiago izatea eta gainerako erakundeekin elkarlanean aritzea planteatutako helburuak lortzeko.

EAJ-PNVk hazkunde-eredu baten alde egiten du: gaur egungo etxebizitzen berrikuntzan eta Pasaiako lurzoru urbano kontsolidatua osatzean oinarritua. Politika hori etxebizitza eskuragarria sustatzera bideratua dago, tipologia-aniztasunarekin eta sarbide eraginkorreko mekanismoekin. Horretarako, bereziki birgaitzea eta dentsifikazio selektiboa landu behar dira.

Hala ere, HAPOaren Aurrerapenaren hasierako idazketatik, Pasaian etxebizitza-egoera nabarmen okertu da. Jeltzaleen iritziz, etxebizitza-merkatuaren presioak aurreikusitako parametroak igotzea eskatzen du, eta horretarako honelako neurriak behar dira:

         • Aurreikusitako etxebizitzen kopurua handitzea, eraikigarritasun bideragarria ahalik eta gehien aprobetxatuz.

         • Sarbide-mekanismoak errealak sustatzea, pasaitarrek udalerrian beren bizitza-proiektua garatu ahal izateko.

         • Titulartasun publikoko eraikinetan etxebizitza dotazionalak egitea aztertzea, belaunaldien arteko proiektuak sortzea ahalbidetuz eta gizarte-kohesioa indartuz.

Horrek guztiak bateragarria izan behar du jasangarritasun eta lurralde-oreka irizpideekin, baina lehentasunez erantzun behar dio etxebizitza duin baterako eskubideari, Pasaiako hiri-eredu berriaren ardatz estrategikoetako bat bezala.

Era berean, Gobernu taldearen Ekintza Planean jasotako neurri batzuek kezkatu egiten dute EAJ-PNV. Hala nola, etxebizitza hutsen gaineko kanona ezartzeak. Ulertzen dugu etxebizitzak merkatura ateratzeko neurriak ezartzea beharrezkoa dela, baina herritarren poltsikoari heldu aurretik; jeltzaleen ustez, garrantzitsua da aurrez aukera eta politika ezberdin guztiak egoki inplementatzea, eta kezkatzen gaitu ez ote den horrela gertatzen ari.

Pasaiako EAJ-PNVk berresten du etxebizitza-politikarekiko konpromisoa, eta politika horrek ez du mugatu behar prezioak kontrolatzera soilik, baizik eta Pasaiako udalerrian eskaintza berria sortzera, egun dagoena birgaitzera eta herritarrek emantzipatzeko eta duintasunez bizitzeko aukerak bermatzera.

Interesatu Zaitez