Donostiako Udalak 494.456.134 euroko aurrekontu kontsolidatua izango du, hau da 2025ean baino %4,45 txikiagoa
Donostiako Udal gobernuak 2026.urterako aurrekontu-proiektuaren zirriborroa aurkeztu du. Aurrekontua %4,45 txikiagoa izango da eta 494.456.134 eurokoa izango da. Hurrengo urteko kontu publikoek bi helburu dituzte: alde batetik, Udalak etxebizitza berria sustatzeko egiten ari den esfortzua handitzea; eta bestetik, udal zerbitzu publikoak indartzea. Eta horretarako, guztira 26 lanpostu berri sortuko dira hainbat departamentutan, hiritarrei eskaintzen zaizkien arreta eta zerbitzuak hobetzeko.
Udal aurrekontuak hiru lehentasun ditu, Eneko Goia alkatearen iritziz: “Inor atzean ez uztea, donostiarroi eskaintzen zaizkigun kalitatezko zerbitzuak hobetzea eta garrantzi handia duten hiri-mantentzean, garraio publikoan eta hirigintza garapen eta etxebizitza aukera berrietan inbertsioak egiten jarraitzea”. Hortaz, alkateak adierazi du, udal gobernuak aurrekontu orekatua diseinatu duela, donostiarron eta auzoen beharrei erantzuna emateko. Eta horrenbestez, etxebizitza publiko berria sustatzearen alde egiten jarraitzen dugu, baita gizarte zerbitzuen beharraren handitzeari aurre egiteko ere, bereziki, adineko pertsonek behar dituzten zaintzak bermatzeko.
Goiak esan du, aurrekontuak erantzuten diela departamentu ezberdinek erakutsitako beharrei eta azpimarra jarri du hiri garbia eta zaindua, mugikortasun jasangarri eta eraginkorra izaten jarraitzeko sustatu beharreko ekintzatan, baita kultur- eta kirol-instalazioak hobetzeko eta donostiarrei ematen zaien arreta zerbitzua hobetzeko gune berriak sortzeko egin beharreko inbertsioak ere, Udala euren bizi kalitatea hobetzeko lan egiten duen erakundea dela sentitu dezaten.
Halaber, honakoa gaineratu du: “Segurtasuna une honetan hiritarrei gehien kezkatzen dien gaia izanik, proposatu dugun aurrekontuak Udaltzaingoari zein Prebentzio Su-Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuari material berria erosteko aurrekontu-sailak ditu”.
Donostiako alkate Eneko Goiak, Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotzi Kerman Orbegozok eta Berdintasun, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzi Ane Oyarbidek aurkeztu dute aurrekontu-proiektuaren zirriborroa, Tokiko Gobernu Batzarrak onartu aurretik. Behin onartuta, Ogasun Batzordean emango dira aurrekontu-proiektuaren gaineko azalpenak. .
Diru-sarrera eta gastu arruntak
Aurrekontu kontsolidatua txikiagoa izateak ez du eraginik gastu arruntetan, izan ere, kapitulu honetako aurrekontu-sailak 12,3 milioi eurotan handituko dira. Hortaz, Kerman Orbegozok zehaztu du, Pertsonal-Gastuari bideratutako aurrekontu-sailak %5,69 handitu direla, eta horien artean azpimarratu behar dela langileen soldatak %2 handituko direla eta 26 funtzionario lanpostu berri sortuko direla (6 suhiltzaile, 3 psikologo Gizarte Ekintzan, 5 gizarte-langile, Administrazio Orokorreko Teknikari 1 eta 3 administrari Gizarte Ekintzan, Finantza departamentuan Administrazio Orokorreko Teknikari 1, Idazkaritzan lanpostu 1, Hirigintzan juridikoen buruzagitza 1, 2 udaltzain, Hiri-Mantentze Zerbitzuetan administrari 1, Parke eta Lorategietako teknikari 1, eta Pertsonen departamentuan juridiko 1). Orbegozoren hitzetan, plaza hauek guztiak sortzeko helburua da hainbat departamentutako zenbait area hobetzea eta, ondorioz, hiritarrei zuzendutako zerbitzuak hobetzea.
Bestalde, eskaintzen diren zerbitzuek eragindako gastu arrunta iaz baino %1,63 handiagoa izango da, eta Udalak mendeko elkarte eta entitateei egiten dien ekarpena %2,6 handituko da.
Udalak gastu arruntari aurre egin ahal izango dio Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren ekarpena 194 milioi eurotakoa izango delako, betiere Udalaren lehen estimazioen arabera, eta zerga-politikan egindako eguneraketari esker aurreko urtean baino 3,1 milioi euro gehiago jaso ahal izango dituelako. Horrenbestez, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak mantendu eta hobetu ahal izango ditu, eta martxan dauden inbertsioei zein proiektu berriei heldu ahal izango die.
Gizarte gastua
Orbegozok honakoa azaldu du: “Aurrekontu proiektuaren lehentasuna gehien behar duten pertsonei laguntzen jarraitzea dela. Horren harian, Gizarte Zerbitzuetako aurrekontua iaz baino %8,3 handiagoa da, eta guztira departamentuak 40,5 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du.
Igoera honen arrazoia da gastu korrontea 1,78 milioi euro handituko dela (%3,24 gehiago), zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko kontratuen hitzarmen berriak eta langile plantillaren handitzea direla eta. Izan ere 12 langile gehiago sartuko dira. Era berean, kapital gastua 1,37 milioi eurotan handituko da, eta horri esker, Erdialde Zahar Etxearen eta Bretxan Parte Zaharreko gizarte zerbitzuen zentro berriaren proiektuak egin ahal izango dira
Arrandegia eraikinaren birgaitzea eta transformazioa
Ekonomia eta Bertako Enpleguko zinegotzi Ane Oyarbidek azpimarratu du, aurrekontu-proiektuak 13,5 milioi euroko saila jasotzen duela hurrengo bi urteetarako (7,6 milioi 2026an eta 5,9 milioi 2027an) Bretxako merkatuaren zaharberritzea eta eraldaketa gauzatzeko falta diren obrak egiteko. Oyarbideren iritziz, proiektu oso garrantzitsua da, eta duela urtebete kontzesioa jaso ondoren, Sustapen Sozietatearen lanari esker aurrerapausoak ematen jarraitzen duen proiektua da. Horiek horrela, honakoa iragarri du: “Hurrengo urteko udazkenean irekiko ditu ateak merkatu berriak asentadoreen beheko solairuan daudela. Horri esker, plazaren erdian dagoen “tuperra” eraitsi ahal izango da eta sotoaren lanei ekin ahal izango zaie, aukera berriak eskainiko dituen guneari forma ematen amaitzeko”. Inbertsio honen helburua da, Bretxak gizarte- eta ekonomia-balioa berreskuratzea eta hiriaren bihotzean dagoen erreferentziazko gune izatea”.
Mugikortasun jasangarria
Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotziak azpimarratu du, aurrekontu proiektuak beste urtebetez erakusten duela mugikortasun jasangarriaren alde egiten dugun apustu sendoa. Hortaz, aurrekontu-proiektuak 82,1 milioi euro bideratuko dizkio Mugikortasun eta Garraio departamentuari, eta Tranbiaren Konpainiaren gastu korronteari 36,2 milioi euroko ekarpena egingo dio, besteak beste, autobus flotaren elektrifikazioarekin jarraitzeko, mikrobus berriak erosteko eta kotxetegietan suteen aurkako sistema hobetzeko.
17.linea elektrikoa egiten jarraitzeko BEI programaren garapenak bere bidea jarraituko du eta 2026an 11 milioi euroko aurrekontua izango du, eta gainera, 23,6 milioi euro zenbatzen dituzten aurrekontu-sailak aurreikusten ditu 2028.urtea arte. Gainera, proiektu honek Eusko Jaurlaritzaren ekarpena izango du. Halaber, Next Generation Funtsak dituen ElectriZEN proiektuaren garapenak aurrera jarraituko du hurrengo urtean.
Etxebizitza eta Hirigintza
2026ko aurrekontu-proiektuak, halaber, inbertsioak aurreikusten ditu Hirigintza eta Etxebizitza arloetan, dagoeneko hasi diren edo laster ekingo zaien garapenei aurre egiteko. Hortaz, Lorategi Hiria, Illarra edo Infernuaren urbanizazio lanek aurrera jarraituko dute.
Bestalde, Donostiako Etxegintzak 2026an 6,6 milioi euro bideratuko ditu Kanpandegin zuzkidura-apartamentu gehiago egiteko eta Infernua, Illarra, Igara eta Añorgako Geltokia eremuetan, besteak beste, etxebizitza publikoa sustatzen jarraitzeko.
Hiri proiektuak, Mantentze-zerbitzuak, Segurtasuna eta Suhiltzaileak
Inbertsioei buruz, Kerman Orbegozok honakoa adierazi du: “Nahiz eta kapitaleko diru-sarrerak jaitsi diren, besteak beste, Illarra, Lorategi Hiria eta Infernuaren eremuak garatzeko lanak hasi direlako eta Altza birgaitzeko lanak oso aurreratuta daudelako, Udalaren finantza-egoera onari esker, dagoeneko garatzen hasi diren proiektuekin jarraitzeko zein proiektu berriei heltzeko gaitasuna izango du. Hortaz, Udalak inbertsioetarako 41,7 milioi euro aurreikusi ditu, hain zuzen ere, 2026an eta hurrengo urteetan garatuko diren inbertsioak”.
2025eko aurrekontu-proiektuak gutxi gorabehera inbertsioetarako 70 aurrekontu-sail aurreikusten ditu. Eta behin aurrekontua onartuta, aurrekontu-sail horiei 126 milioi euro zenbatzen duten beste hainbat gehituko zaizkio, aurreko urteetako aurrekontuetan aurreikusitako inbertsioak garatzen jarraitzeko.
Kirol arloan, Ekonomia eta Bertako Enpleguko zinegotziak azpimarratu duenez, 2026ko aurrekontu-proiektuak Illunbe erabilera anitzeko pabiloian bilakatzeko 4,8 milioiko urte anitzeko aurrekontu saila aurreikusi du, hain zuzen ere, hiriari hiru gune (erabilera anitzeko gunea, kirol pista eta entrenatzeko pista) dituen instalazio berria duen proiektua. Eta proiektu honek traktore ekonomiko gisa balioko du, bertan gozatu ahal izango ditugun kirol-ekitaldien eta ikuskizunen bultzadari esker. Era berean, Herrerako futbol zelaia berritzeko proiektua aurrera eramateko milioi bateko aurrekontu-saila egongo dela nabarmendu du.
Bestalde, Oyarbidek segidakoa esan du: “Aurrekontu honen ardatz nagusietako bat da hiria zaintzea, mantentzea eta hobetzea. Eta horretarako Hiri-Mantentze eta Zerbitzuetako departamentuak 104 milioi euroko aurrekontua izango du. Horri esker, helburua lortzeko behar diren ekintzak eta inbertsioak egiten jarraituko ditu”. Aurrekontu-sail esanguratsuenak honakoak dira: Bide publikoak mantentzeko (1.075.000 euro) eta asfaltatze lanak egiteko (750.000 euro).
Hiria hobetzeko beste hainbat inbertsio: 425.000 euro haur parkeak hobetzeko; 350.000 euro irisgarritasuna hobetzeko lanak egiteko; edo 550.000 euro zuhaitzen eta eremu berdeen gaineko hainbat eskuhartze egiteko. Era berean, Igeldoko eskola zaharra berritzeko 1,65 milioi euroko aurrekontu-saila aurreikusi da.
Era berean, Prebentzio, Su-Itzalketa eta Salbamendu zerbitzura bideratutako inbertsioak 1,1 milioi eurokoak izango dira. Eta Udaltzaingoak 950.000 euroko aurrekontu-saila izango du Egian Ertzaintzarekin partekatutako polizia-etxearen proiektua aurrera eramateko.
Tramitazioa
Aurrekontu-proiektuaren aurkezpenarekin Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantzetako departamentuak aurreikusitako tramitazioarekin jarraitzen du. Hortaz, behin proiektua Tokiko Gobernu Batzarran onartuta eta udal taldeei aurkeztuta, zuzenketak egiteko epea hasiko da.
Departamentuak aurreikusitako egutegiaren arabera, aurrekontua eta zuzenketak eztabaidatzeko Ogasun batzordea azaroan egingo litzateke, eta ondorioz, hasierako onarpena azaroko udalbatzarran egingo litzateke.