Fortunato Agirre Lukinen izena eta izana ekarri ditu gogora EAJ-PNVk, frankismoak erail zueneko 89. urteurrenean

Aitor Esteban EBBren presidenteak, Unai Hualde NBBrenak eta Pablo Ezkurra Lizarrako UBBren buruak omenaldi xume eta aldi berean hunkigarria egin diote Lizarrako alkate izan zen jeltzaleari

Fortunato Agirre Lukinen izena eta izana ekarri ditu gogora EAJ-PNVk, frankismoak erail zueneko 89. urteurrenean 30Irailak
IrailaK 30 |
Nafarroa

PARTEKATU

EAJ-PNVk omenaldi xume baina hunkigarria egin dio gaur Fortunato Agirre Lukini, frankismoak erail zueneko 89. urteurrena bete den egunean. Lizarrako Uri Erakunde jeltzaleak eta Napar Buru Batzarrak elkarren eskutik urtero antolatzen duten ekitaldian izan dira Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarraren presidentea, Unai Hualde Napar Buru Batzarraren presidentea, Pablo Ezkurra Lizarrako UBBren presidentea eta Agirreren senideak.

Eurekin ere, halaber, Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilaria, Blanca Regúlez Geroa Baiko zinegotzia, Koldo Viñuales Irujo Etxeko presidentea, María Solana RTVEko kontseilaria eta Napar Buru Batzarreko burukideak eta Lizarrako EAJ-PNVko alderdikideak. Ekitaldia aprobetxatu dute bertaratuek Manuel Irujoren figura aldarrikatzeko.

Taxoaren fusilatu zuten 1936ko irailaren 29an, bere balioak aldarrikatu zituelako eta  askatasunaren, justiziaren, elkarbizitzaren eta demokraziaren alde egin zuelako. Agirre Lizarrako lehen alkate abertzalea baino askoz gehiago izan zen: goitik beherako gizasemea, bere herriarekin, euskararekin, kulturarekin, kirolarekin eta giza duintasunarekin guztiz konprometitua. Lizarran Estatutuak egiteko lantaldearen presidente izan zen, bai eta Napar Buru Batzarreko kidea, Osasunaren, Izarra Kirol Klubaren eta Lizarrako ikastolaren sortzailea ere. Orduko garai zailetan aurrerapena bultzatu zuen eta errespetuarekin eta akordioen bidez gobernatu zuen.

Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarraren buruak bere aldetik azpimarratu du  Lizarrako alkate jeltzale izan zenaren izenean EAJ-PNVk Nafarroan egin duen bidea. “Fortunato Agirrek gogorarazten digu Nafarroako parte garela; PSOErekin batera, herri honetako alderdi politikorik zaharrena”, esan du. Era berean azpimarratu duenez “gure oinarri soziala zabaltzen jarraitzeko eskatzen digu. Estebanek gaineratu duenez Fortunato Agirrek “etorkizunera garamatza,  bere figura eredugarritzat hartuz aurrera egin dezagun”. “Gure helburua da Fortunato Agirre  gutaz harro egongo ote zen galdetzean, erantzun bakarra baietza izan dadila”, esan du. “Nekatuta gaudenean, gogoan izan ditzagun Agirre eta Irujo, eta aurrera egin dezagun”, amaitu du Aitor Esteban EBBren buruak.

Unai Hualde Napar Buru Batzarraren presidenteak bere aldetik adierazi duenez, "guztiz beharrezkoa da Fortunatori urtero egiten zaion omenaldi hau, inguratzen gaituzten olatu erreakzionarioa, populismoa, faxismoa eta gorrotoa kontuan hartzen baditugu". Horren aurrean, Fortunatoren eredua eta EAJ-PNVren eredua aldarrikatu ditu: "Demokraziaren defentsa. Konpromisoa, elkarrizketa, lana eta gizalegea;  giza eskubideen alde eta indarkeriaren aurka eginiko politika". Hualdek, gainera, gogoan izan du Agirreren familia eta, bereziki, duela hilabete batzuk zendu zen Mirentxu alaba. "Fortunatoren hilketak ez zituen bere ideiak desagerrarazi, eta haren eredugarritasunak bizirik dirau ahaztua izan ez dadin eta bere memoriaren alde familiak egin duen lanagatik. Bere memoria uztartzen dugu Mirentxu alabaren memoriarekin, izan ere, duela hilabete batzuk betiko utzi gaitu eta gaurkoa lako egunetan beti egon ohi zen hemen, gure artean”  adierazi du.

Amaitzeko Pablo Ezkurra Lizarrako UBBren presidenteak gogora ekarri duenez, "EAJ-PNVk 130 urte daramatza euskal aberriaren defentsan eta demokraziaren eta giza eskubideen defentsan. Euskaldun guztion etxe hau eraikitzen eman ditugun 130 urte hauek ez zuten ezertarako balioko oinarri sendorik izan ezean. Gaur omentzen dugun belaunaldiak eman zizkiguten oinarriak. Fortunato Agirre eta Manuel Irujoren belaunaldia". "Gizartean egunero hobi berriak irekitzen ari direla dirudien garai honetan, Fortunato Agirrek proiektatzen duen eredugarritasunak gidatu behar dute gure jarduera. Ahalegina, lan gogorra, gizatasuna, noblezia, baina, batez ere, elkarrizketa eta konpromisoa", amaitu du.

Interesatu Zaitez