"Gipuzkoa jauzia egiten ari da anbizioan eta horri eutsiko diogu: komunitatearen kohesioa indartuz eta aukerak eskaintzen dituen lurralde gisa finkatuz"

Munduan “ziurgabetasuna” hedatzen ari den honetan, Eider Mendoza diputatu nagusiak “elkarlanera” eta “akordioak lortzera” dei egin die oposizioko batzarkide taldeei, BNetako Politika Orokorreko bilkuran

30Irailak
IrailaK 30 |
GBB

PARTEKATU

“Gipuzkoa jauzia ematen ari da anbizioan eta gure industriaren berrikuntza gaitasunean. Horri eutsiko diogu, ikuspegi soziala eta ekonomikoa uztartuz, gure komunitatearen kohesioa indartuz eta Gipuzkoa aukerak eskaintzen dituen lurralde bezala finkatuz”. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendoza Larrañagak, gisa horretan definitu du Foru Aldundiak azken bi urte hauetan egindako ibilbidea eta, “munduan ziurgabetasuna nagusi” den honetan, “elkarlanera” eta “akordioak lortzera” dei egin die oposizioko batzarkide taldeei, Batzar Nagusietan izandako Politika Orokorreko bilkuran.

Ukrainako inbasioa eta Gaza jasaten ari den genozidioa salatuz hasi du bere hitzaldia Mendozak, eta sarraskia eten dezan exijitu dio Israelgo gobernuari. Testuinguru “ezegonkor eta beltz” honen aurrean, Aldundia “epe luzeko begiradarekin” lanean ari dela gogorarazi du, “aurrerakoiak” izanez gizarte politiketan, “berritzaileak” ekonomian eta “gertukoak gauzak egiteko moduan”. “Horretan ari gara buru-belarri, bulkada berritzailea eman nahian desafio sozial eta ekonomikoei elkarlanetik, ezberdinen arteko akordioak sustatuz”, aipatu du. “Ahalegin kolektibo handi” bati esker, bere ustez, lurraldeak “joko zelai ona” du aurrera begira.

Gaurko eta biharko ongizate integrala

Desafio nagusien artean aipatu ditu, lehenik, kalitatezko zaintzak hobetzen jarraitzea. Norabide horretan, mugarri gisa zerrendatu ditu dagoeneko 18 herritan martxan dauden zaintza ekosistema lokalak, zeinak adineko pertsonen nahia betetzen dute, etxean ahal beste bizitzeko testuingurua sortuz. Horrela, komunitate osoa aktibatuz, lortzen ari dira bost urtera arte atzeratzea adinekoak egoitzan sartzea. Gainera, hiru egoitza berriren lanak abian edo abiatzear daudela gogorarazi du –Elgoibarren, Pasaian eta Irunen–, 383 plaza eta 122,5 milioiko inbertsioa eragingo dutenak. Guztietan zaintza eredu berrian oinarritutako arreta eskainiko dute, “pertsonalizatua eta berritzailea, komunitateari irekia”. Azken hiru urteetan, gainontzeko egoitzak eredu berrira eraldatzen 100 milioitik gorako inbertsioa egin du foru erakundeak.

“Baina gure gizartearen etengabeko zahartze prozesuari aurre hartzeko” eta horretarako beharko diren “inbertsioak” gauzatu eta, aldi berean, “zerbitzu onenak” eskaintzen jarraitzeko, iragarri du sozietate publiko berria sortuko duela Aldundiak. “Ekipamendu berriak eraikitzea ahalbidetuko digu, besteak beste, egoitza berriak martxan jarriz Urola Kostan, Urola Erdian, Debabarrenan eta Buruntzaldean”, laburbildu du eta horretarako 100 miloi euro bideratuko dituela aurreratu du. “Zahartzaroaren erronkari aurre hartu, zaintza eredu berrian sakondu eta etorkizuneko zerbitzuak bermatu. Zaintza behar duen orok, gaur eta bihar kalitatezko zaintza pertsonalizatua jasotzea bermatua izan dezan”, nabarmendu du.

Edonola ere, Mendozak ohartarazi du “ongizate material ona izan arren”, horrek ez duela herritarren ongizate emozionala bermatzen eta, hala, herritar askok diote “triste sentitzen direla, bakarrik, itxaropenik gabe, adikzioen menpe, etorkizunari beldur”. “Gure betebeharra da horiei erantzuteko ekarpena egitea. Berrikuntzatik eta ausardiaz. Eta horretan ari gara, gizarte eragileekin elkarlanean”, laburtu du. Migratzaileei eman beharreko arretan eta berdintasunean emandako aurrerapausoak ere ahotan izan ditu.

Etxebizitzari dagokionez, berriz, Mendozak aurreratu du, azken zerga erreformaren eraginez, 200 miloi euroko inbertsioa egingo duela urtero Foru Ogasunak, desgrabazioen bitartez, etxebizitzara sarbidea erraztuz eta gazteen emantzipazio gaitasunean positiboki eraginez. 1.000 biztanletik beherako herrietan, berriz, etxebizitzak sustatzeko asmoa du Foru Aldundiak, baita ere, Etorlurren bitartez 50 etxebizitzaren eraikuntza edota egokitzea bultzatuz.

Industria sektore berriak

Bigarrenik, ekonomiaren alorrean, mundu zabalko “itsasoak handi” direla azaldu du diputatu nagusiak. Trantsizio teknologikoaz, ingurumenekoaz eta sozialaz gain, “haizea oso zakar” baitabil, testuinguru geopolitiko nahasiaren eraginez. “Egoera katramilatsu honetan Gipuzkoa ondo ari da nabigatzen, enpresen sendotasunari esker”, azpimarratu du, eta industria babesteko abian jarritako neurriak zerrendatu ditu, tartean enpresen lehiakortasuna indartzeko abiarazitako 31 milioiak. Aurrera begira, parke teknologikoa Ilunbera eta Hondarribiara hedatzeko lanak aipatu ditu eta Via Irun proiektuarekin duen konpromisoa berretsi du.

Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, 2025a urte “emankorra” izaten ari da ekonomia berria bultzatzeko ahaleginean, Mubil mugikortasun berriko zentroa inauguratu eta IBMren System Two super-ordenagailu kuantikoa aste gutxiren barruan martxan jarriko delako Ibaetako campusean. “Punta-puntako sektoreak” bultzatzeaz gain, bazterkeria arriskuan dauden herritarren lan munduratzea bultzatzeko Elkar Ekin Lanean proiektuari ere balioa eman dio. Aurten sei milioiko inbertsioa egin da bertan, eskualdeetako garapen agentziekin, inklusio sareekin eta hirugarren sektoreko entitateekin elkarlanean.

Bide azpiegituretan, 120 milioiko inbertsioak aurreikusi ditu lurraldeetan giltzarri diren hainbat proiektu gauzatzeko Zizurkilen, Iruran, Azpeitian, Ibarran eta Orion, nahiz Galarreta eta Miramongo parkeetako sarbideetan. Garraio publikoaren ikuspegitik, berriz, datozen urteetan Gipuzkoan “trenaren iraultza” biziko dugula aurreratu du eta “intermodalitatean eta interkonexioetan jauzia” emateko beharraz mintzatu da diputatu nagusia, geltoki nagusietan aparkaleku, geraleku eta gune intermodalak sortuz, autobus zerbitzuekin eta bidegorriekin lortzen direla bermatuz.

Basotik: 1.000 hektarea baso kudeatzen

Hirugarrenik, lurralde jasangarria eraikitzeari dagokionez, udan Estatu mailan izandako sute ikaragarriak hartu ditu gogoan, eta halakoak ekiditeko garaian lehen sektoreak duen funtzioan jarri du azpimarra Mendozak. Hala, Baserritar Mixto Profesionala egitasmoari esker aurten 14 baserritarrek euren lanaldia %50 murriztu ahal izan dute, baserria eta lantegiko lana bateragarri eginez, eta Basotik fundazioak dagoeneko 1.000 hektarea basoren kudeaketa bere gain hartu du.

Zubietako Berrerabilpenerako Zentroa ere aipatu du Mendozak, zeinak aukera emango duen datorren urtetik aurrera ehun hondakinak konpondu, berregokitu eta bigarren bizitza bat emateko. Bestalde, gogora ekarri du Gipuzkoan dagoeneko 61 energia komunitate daudela abian, 10.000 familia eta sei industrialderi esker. “Gipuzkoako udalerrien %70era ailegatu gara eta gure helburua da legealdi amaieran lurraldeko 88 herrietara iristea espero dugu”, adierazi du.

Aldundia arnasgune

Amaitzeko, gazteek “demokraziarekin bat egitea beharrezkotzat” jo du diputatu nagusiak. “Mundu zabalean hedatzen ari diren kontrako indarrei aurre egiteko premian gaude. Ez gaude etsipenean erortzeko prest. Herri honetan sinesten dugulako eta demokrazian sinesten dugulako”, gogoeta egin du. Era berean, Gernikako Estatutua “behingoz” bete dadin eskatu du eta, “ezegonkortasun” garaietan, “erakunde sendoak, autogobernurako tresna eraginkorrak eta izaera propio indartsua” beharrezkotzat jo ditu. “Horrek ahalbidetuko duelako komunitatearen atxikimendua, elkarrekin gogor arraun egiteko itsaso handi eta haize zakar guztiak gaindituz”, aldarrikatu du.

Aldi berean, Mendozak “errespetua” eskatu du euskararekiko eta euskal erakundeek hizkuntza berdintasunaren alde egindako herri politikekiko. Horregatik, “konpromiso osoa” adierazi nahi izan du “hemendik aurrera ere” lanean jarraitzeko herritarrei euskaraz arreta eskaini eta euskaraz lan egin ahal izateko. “Helburu hori mantenduz, bide berriak lantzen ari gara”, esan du, eta Aldundia “arnasgune sozio-funtzional izan dadin urrats berritzaileak” iragarri ditu.

“Lana, ondo egindako lana, elkarlana, komunitatea, herria, hizkuntza, aukerak, zaintza, lehiakortasuna, talentua, etorkizuna. Ardatz horiek definituko dute gure egunerokoa eta, balio horiek oinarri hartuta, eskua luzatzen dizuet, herritarren ongizatearen eta gure komunitatearen alde elkarrekin lan egiteko prest”, laburbildu du diputatu nagusiak.

Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia 

Interesatu Zaitez