Ahaldun nagusiak foru gobernuaren kudeaketa errepasatu du legealdiaren erdialdean Politika Orokorreko osoko bilkuran, eta Agintaldi Planaren %93,3 bete dela nabarmendu du, eta datozen bi urteetan amaituko diren proiektuak iragarri ditu
“Gobernatzea guztion baliabideak seriotasunez eta zorroztasunez kudeatzea da”; horixe da foru-gobernuaren jarduna gidatzen duen iparrorratza. Adierazpen horrekin hasi da Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia gaur Gernikako Batzar Nagusietan egindako politika orokorreko osoko bilkuran. Etxanobek nabarmendu duenez, ez bera, ez bere gobernu-taldea, ez dira geratu “ezta une batean ere” herritarrekin hartutako konpromisoak betetzen; konpromiso horiek kalitate-zerbitzuak eta etorkizuneko proiektuak bermatzen dituzte. Eta hori guztia, “nazioarteko testuinguru oso konplexu batean murgilduta egon arren” egin dute, aitortu duen bezala.
Ahaldun Nagusiak gehitu duenez, Bizkaia enplegua sortzen ari da eta, BPGa urte arteko % 2,1 hazi da, 2025eko lehen hiruhilekoan, ““eurogunearen gainetik”. Orobat, onartu duenez, “berrikuntzaren eta garapenaren zerbitzura jarri ditugun zerga-neurri guztiek ere emaitzak ematen dituzte”. Ildo horretan, hau gaineratu du: “Bildutako euro bakoitza inportantea den horretan inbertitzen da: zaintzetan, enpleguan, mugikortasunean, jasangarritasunean, kulturan...”. Eta iragarri du ezen legegintzaldiaren erdian Bizkaia Denontzat agintaldiko planean jasotako 120 jardueretatik 112 amaitu direla edo gauzatze-bidean daudela, hau da, % 93,3 bete direla.
Halaber, bere hitzaldian, lurraldearen hobekuntza ekonomiko eta soziala ekarriko duten eta abian dauden proiektuetako batzuk xehatu ditu, hala nola egoitza-ereduaren eraldaketa, zaintza-ekosistema berria, Urduñako filmatze zinematografikoen estudio berria, edo aitortu gabeko etxebizitza-alokairuen kontrol handiagoa. Azaldu du, halaber, foru-arauaren hainbat proiektutan lan egiten ari dela, besteak beste: langile kualifikatuen erakarpena eta fidelizazioa sustatzeko, bankari eta multinazionalei zerga bana ezartzeko, mendiei buruzko foru-arau bat edukitzeko, edo gobernantza digitaleko gaiak arautzeko, hala nola Administrazioarekiko izapideak sinplifikatzea eta automatizatzea.
Bizitza-luzeraren eta inoren kargura ez dauden adingabeen arretaren erronka
“Gaur hartzen ari garen erabakiek pertsona guztien bizi-kalitatea baldintzatuko dute datozen hamarkadetan”, adierazi du Etxanobek, bai eta biztanleen zahartze progresiboa egitura soziodemografikoa aldatzen ari dela ere. Erronka nagusia izango da “nola bermatu pertsona guztiok duintasunez, kalitatez, autonomiaz eta segurtasunez bizi ahal zango garela bizitza luzatu ditugun urte horietan”.
Etxanobek, puntu horretan, egungo gizartearen “gaitz handietako bat” aipatu du: nahi gabeko bakardadea. Horri aurre egiteko tresna bat BizkaiSare Herriz Herri proiektua da, zeinak ardatz izango duen udal-eremutik gizarte-kohesiorako eta bakardadearen prebentziorako planak egitea; izan ere, iragarri duenez, “2026an lau udalerriri eta mankomunitate bati lagunduko zaie halako planak egiten”.
Mendekotasuna Prebenitzeko eta Autonomia Pertsonala Sustatzeko Bizkaiko Itunak ere lekua izan du haren jardunean, bai eta “zaintzeko modua eraldatu” behar delako uste osoak ere. Ildo horretan, etxeTIC zerbitzua aipatu du, zeinak zerbitzua ematen dien 2.223 etxeri, mendekotasuna duten 2.533 pertsonari eta 2.378 zaintzaileri. Eta egoitza-ereduaren eraldaketaren alde egin du; bizikidetza-unitateei (728 adineko bizi dira) eta plaza soziosanitarioen zabaltzeari esker gauzatu da eraldaketa hori.
Inoren kargura ez dauden adingabe atzerritarren kapituluan, ahaldun nagusiak irmotasunez erreklamatu du “inplikazio sozial eta instituzional handiagoa”, bereziki, familia-erreferenterik gabeko adingabeen nazioarteko fluxua eta gure lurralderako sarbidea kontrolatzen duten mafien edo sare antolatuen aurka egiteari dagokionez. “Uste dut hausnarketa sakona egin behar dela adingabeen harrera-ereduari buruz”, adierazi du.
Bizkaiak enplegua sortzen du
Kapitulu ekonomikoan, Elixabete Etxanobek gogorarazi du duela bi urte baino 10.080 pertsona gehiago ari direla lanean Bizkaian. “Gizarte Segurantzako afiliazioen maximo historikoetan gaude”, esan du. Ildo horretan, II. Enplegu Plana nabarmendu du, gazteen enplegu inklusiboari eta emantzipazioari ekitera bideratua, eta lehen urteko balantzea egin du: 20.000 pertsona baino gehiago laneratu dira.
Ekonomiaren hazkundea eta enpleguaren egoera ona Ogasunaren diru-bilketan islatzen dira; izan ere, adierazi duen bezala, aurtengo abuztura arte % 7,4 igo da bildutako diru-kopurua, 2024ko aldi berarekin alderatuta. “Zerga-ahalmena erabiltzen jarraituko dugu gure ehun ekonomikoa indartzeko”, adierazi du, eta, orobat goraipatu du Batuz “zerga-iruzurraren eta lehia desleialaren aurka borrokatzeko diseinatutako neurri” gisa.
Ahaldun Nagusiak bere gobernuaren erronkatzat jo du Bizkaia Europako erreferente ekonomiko bihurtzea, “aldaketa-garai batean”. Horretarako, beharrezkoa da talentua erakarriz ehun ekonomikoa eta enplegua indartzea, enpresa handien trakzio-gaitasuna sendotzea eta ekintzailetza babestea. “Gaur aurreratuko dizuet 10 milioi euroko aparteko hornidura jarriko dugula Seed Capitalen esku, enpresak sortzeko, finkatzeko eta hazteko sustapenean eta laguntzan betetzen ari den zeregina indartu dezan”.
Eskualde-oreka eta entzute-prozesua Busturialdean
Eskualde-orekarekiko konpromisoa Bizkaia Orekan Sakonduz estrategian islatzen da. Estrategia horren bidez, enpresa guztietara iritsi nahi da, eta eskualde bakoitzaren beharrei eta indarguneei erantzuten dieten proiektuak identifikatu. Lehentasunezko jarduketa-eremu batzuek dagoeneko badute beren eskualdeko plan estrategikoa (EPE), eta beste batzuetan, hala nola Busturialdea-Urdaibain, abian jartzen ari da, 303 milioi euroko inbertsioarekin eta 13 trakzio-proiekturekin, gainera, entzute-prozesu bati ekin zaio.
”EPEa datozen urteetan garatuko da, Bizkaiko Foru Aldundiaren inplikazio handienarekin. “Eta berariaz eta argi esan nahi dut, Guggenheim Urdaibai proiektuari buruz azkenean erabakitzen dena gorabehera”, esan du Elixabete Etxanobek irmotasunez. Eta jarraitu du: Oso argi dago eztabaida hori ez dela ebatziko baietz edo ezetz batekin. Entzuteko prozesua amaitu arte itxarongo dugu”. Erabakia, argudiatu duenez, Guggenheim Fundazioaren Patronatuaren baitan hartuko da, “bideragarritasun-azterketek ematen dituzten emaitzak zein entzute-prozesutik ondorioztatzen dena kontuan hartuta”. Argi utzi duena zera da: bitartean, lurzoruak eta akuiferoak deskontaminatzen eta padurak lehengoratzen jarraituko dute.
Metroaren 4. linearen aldeko apustua, 200 milioi eurorekin
“Azken erabakia ez dago gure esku, baina lanean jarraituko dugu linea hori lehenbailehen egin dadin, zentzuz eta lehentasunak zein diren kontuan hartuta”, adierazi du metroaren 4. lineari buruz. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpen ekonomikoa handituko dela iragarri du: “Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailarekin egindako aurretiazko akordioak 170 milioiko foru-ekarpena jasotzen zuen. Erakunde honek bere gain hartu du adostu zen trazatuaren aldaketa, eta, gainera, 200 milioi eurora igo du zenbateko hori.”.
Bestalde, Ahaldun Nagusiak Bizkaibusek lurralde-konexioan duen “funtsezko zeregina” nabarmendu du, eta maiztasunen hobetzea eta barneko garraio-aldaketen kostua kendu izana aipatu du.
Errepideak eta bidegorriak
Lurralde-kohesioan eta mugikortasun jasangarrian sakonduz, Etxanobek Bizkaibizi zerbitzua nabarmendu du (35.000 erabiltzaile bederatzi udalerritan), bai eta bidegorrien bizikleta-sarea ere (All Iron zubia eta itsasadarreko bulebarra, besteak beste).
“Bizkaiak bere bide-sarea hobetzen jarraitzen du, errepidez mugitzen diren pertsonentzako joan-etorriak erosoagoak eta seguruagoak izan daitezen”. Horrez gainera, proiektu estrategikoak aipatu ditu, hala nola itsasadarraren azpiko tunela, Avanzada estaltzea edo Markinako, Errekaldeko eta Ermuko saihesbideak.
Hizkuntza-aniztasuna, aberasten duen balioa
Ahaldun Nagusiak kulturari eta euskarari buruzko aipamen esplizitu bat sartu du bere hitzaldian: “Herri gisa eusten digun sustraia eta mundura proiektatzeko baliatzen dugun leihoa dira”. Ildo horretan, defendatu duenez, “eleaniztasuna gizarte-balio aberasgarria da, adimenez kudeatzen jakin behar duguna” eta guztiz sinesturik dago: “epai judizialen boladak euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko adostasuna hautsi nahi izan du, eta adostasun hori ondo egituratuta eta lotuta dago duela 40 urte baino gehiago; mesede eskasa egiten ari zaie herritarren bizikidetzari eta euskararen erabileraren normalizazioari”.