Eurodiputatu jeltzaleak aste honetan antolatutako hainbat ekitalditan parte hartu du, horien amaiera izan delarik Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen Ordezkaritzan eginiko bilera
Ostiralean, irailak 26, Europan ospatuko da Hizkuntzen Eguna. Ospakizun horren kariaz, EAJ-PNVko eurodiputatu Oihane Agirregoitiak eleaniztasunaren garrantzia aldarrikatu du, euskara, galegoa eta katalanera Europar Batasunean hizkuntza ofizialtzat aitortzeko lanean jarraitzeko beharra azpimarratzeaz gain. "Lanean jarraituko dugu Europako Parlamentua bezalako erakundeetan hizkuntza hauek guztiak entzun eta erabiliak izan daitezen. Hizkuntzak aberastasuna eta aniztasuna dira. Ofizial bihur daitezela lortzea, gure balioak zalantzan jartzen diren une honetan, euskal nortasunak aitortzen eta babesten dituen proiektu politiko batean gaudela adierazten duen seinale sendoa izango litzateke.
Aste osoan zehar hainbat ekitaldi eta bilera egin dira hizkuntza ardatz hartuta. Europako Parlamentuaren egoitzan, esaterako, EAJ-PNVko eurodiputatua kide duen intertaldean mintegi bat egin da, eta bertan hartu dira Europako Elkarrizketa Foroko (FUEN) kideak, Europako gutxiengo nazionalen hizkuntza-eskubideez hitz egiteko.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen Ordezkaritzan ostegun honetan antolatutako lan-topaketa batean parte hartu dute Anna Jungner-Nordgren Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sareko presidenteak eta Aitor Aldasoro Iturbe Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Bertan gogorarazi dutenez, hizkuntzek "kidetza zentzua indartzeko eta pertsonak erdigunean jartzeko" balio dute, "aniztasunak hobe egiten gaituela" gogoan.
Bilera horretan, EBn ofizialtasun-estatusa lortzeko jarraitu beharreko prozedura eta Irlandako kasua izan dituzte hizpide. Irlandan ofiziala bazen ere, herrialdea Europar Batasunean sartu zenean, Gobernuak ez zuen eskatu Kontseiluaren 1/58 Erregelamenduan sartzeko, EBn ofizialtzat jotzen diren hizkuntzak ezartzen dituen erregelamenduan, alegia. Kasua eta eragozpenak eta ofizialtasuna nola lortu zuten azaltzea egokitu izan zaio Irlandako ministro ohi Éamon Ó Cuív-i, 2022an ofizialtasun osoa lortzera eraman zuen negoziatzaileen taldeko kideari.
Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen egoitzan egin den ekitaldian, Loránt Vincze hizkuntzen taldearteko presidentea, Europako Batzordeko, Europako Kontseiluko, Kataluniako Generalitateko eta Espainiak EBn duen Ordezkaritza Iraunkorreko ordezkariak ere izan dira. "Europar Batasuna" aniztasunean batuta" printzipioaren gainean eraiki zen; beraz, ofizialtasunaren proposamenari modu positiboan erantzuteak koherentzia eta konpromisoa ekarriko luke gure balio nagusietako bat den aniztasunarekiko", nabarmendu du Agirregoitiak.