Solemnitate handiz, Parisen bertan ospatu du EAJ-PNVk Marceau Etorbideko eraikinaren itzulketa historiko eta zuzena

Sinbolismoz beteriko ekitaldi batean, EBBren presidente Aitor Estebanek adierazi duenez Marceau da “Herri baten erresistentziaren sinboloa, faxismoaren eta nazismoaren kontrako borrokarena, deserriratze eta erbestealdi garai batean bizi izandakoa gogoan izatekoa eta, aldi berean, Europaren eraikuntzaren sinboloa”. EAJren Aberri Burutzaren aurreko buru Andoni Ortuzarrek bere aldetik adierazi duenez “justiziazko egintza baten aurrean gaude, memoria eta erreparazio ekitaldi batean”

Solemnitate handiz, Parisen bertan ospatu du EAJ-PNVk Marceau Etorbideko eraikinaren itzulketa historiko eta zuzena 20Irailak
IrailaK 20 |
EBB

PARTEKATU

EAJ-PNV Marceau Etorbidearen 11.era itzuli da gaur. Solemnitate handiz egin den ekitaldi hunkigarrian, alderdi jeltzaleak ospatu egin du Jose Antonio Agirre lehendakariaren Eusko Jaurlaritza erbestean hartzeko egokitu zen eta nazismoak Bigarren Mundu Gerran konfiskatu eta diktadura frankistari entregatu zion eraikinaren itzulketa historiko eta zuzena.

Eraikineko areto nagusia txiki geratu da gaur bertan egin den ospakizunean. Alderdikide eta alderdizale jeltzaleekin eta Frantziako euskal diasporako pertsonekin batera, bertan izan dira EAJ-PNVko barne ordezkariak eta euskal erakundeetako ordezkariak, gaurko ekitaldi garrantzitsuak eskatzen zuenaren neurrira. Horien artean, esaterako, egungo EBBko burukideak; bai eta jeltzaleen aurreko Aberri Burutzako kideak ere, beren agintaldian lortu baitzen eraikinaren itzulketa; Imanol Pradales Lehendakaria, Ibone Bengoetxea lehendakariordea; Noel d´Anjou, Nerea Melgosa eta Amaia Barredo sailburuak; Kongresuko eta Senatuko bozeramaile jeltzaleak, hurrenez hurren Maribel Vaquero eta Estefanía Beltrán de Heredia, Europako Parlamentuko diputatu jeltzale, Oihane Agirregoitia; Aberri Batzarraren presidente Julen Antoñana; Nafarroako Parlamentuko presidente eta aldi berean NBBren Presidente eta EBBko burukide Unai Hualde; eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Irma Basterra, Ana Otadui, eta Xabier Ezeizabarrena. Haien artean ere izan dira José Antonio Agirre Lehendakariaren eta Jesús María Leizaola Lehendakariaren senideak eta Marceau Etorbidearen 11.ean dagoen eraikina zaintzen zuen Errazti familiaren ondorengoak; eta Francisco Belausteguigoitia Landaluzerenak; Belausteguigoitia Mexikon bizi zen euskal emigrantea zen, zeinak 1936. urtean EAJ-PNVren diruzain Heliodoro de la Torreri 65.000 dolar bidali baitzizkion, eraikina eros zezan.

Esteban eta Pradales Lehendakaria izan dira Marceauko eraikinaren atetzar urdinetik sartzen lehenak, eta Pradalesek erakutsi du sarreran euskaraz eta frantsesez ondorengoa  idatzita duen plaka: “Erbesterapen, askatasun eta demokraziaren ikurra. Agirre Lehendakariak hemen izan zuen abegi. Naziek EAJ-PNVri ebatsia ta 2025ean berreskuratuta”.

Orduan hartu du hitza Aitor Esteban EBBren presidenteak, eta ezer baino lehenago gogoratu du Marceauko eraikina “Herri baten erresistentziaren sinboloa” dela, “faxismoaren eta nazismoaren kontrako borrokarena, deserriratze eta erbestealdi garai batean bizi izandakoa gogoan izatekoa eta, aldi berean, Europaren eraikuntzaren sinboloa: eraikin honek sinbolizatu izan ditu Alderdi honen oinarri diren printzipio guztiak, politikan aritzeak merezi egiten duela sinestarazten digutenak”. “Itzulketa hau ez da iraganera bueltatzea, etorkizunerako urratsa ematea baizik. Etorkizuna euskal belaunaldi berrientzat. Beren Herriak deitu egiten diela sentitzen dutenentzat. Hemen  dute konpromiso pertsonalaren adibide bat, emulatzea merezi duena, gaurko garai nahasi hauetan”, nabarmendu du.

Estebanek ildo beretik jarraitu du: “bihotzez ez ginen sekula Parisetik joan, baina gaur fisikoki itzultzen gara eta espero dut antolaketa aldetik ere laster itzuliko garela”, eta berretsi egin du EAJ-PNVk Iparralderekin duen konpromisoa. Halaber, EBBren presidenteak salatu egin du PP-k eta Vox-ek eraikinaren itzulketaren inguruan eragin duten “eskandalua”: “Ez dugu ahaztuko. Erregimen frankistaren ondorengo diren aldetik, hala jardun izan dute”. “Euskadi ez da indarraren bidez eraikiko, trinkotasunaren bidez eraikiko da, hitzekin eta borondate demokratikoarekin. Hori da konbentzitzeko modua. Indarraren bidez garaitzea, porroterako bidea baino ez dakar”, adierazi du.

Estebanek amaitzeko adierazi duenez “gazteek nahi dituzte  autoritarismo garaian EAJk defendatu zituen baloreak: demokrazia, elkarbizitza, adierazpen askatasuna, duintasuna. Konpromesu horretan izango da beti EAJ-PNV eta bertan izango dira ere belaunaldi berriak”.

Andoni Ortuzarrek bere aldetik gogoratu du iaz Marceauko eraikin honetan izan zela Europako Mugimendu Federalaren Espainiako Kontseiluaren urteurrenaren kariaz egin zen ekitaldian. EBBren presidente ohiak gogora ekarri du bere diskurtsoan ongi etorria eman ziela bertaratuei “gure etxe honetara”. “Baten bat harrituta agertu zen eta besteren bat atsekabetuta. Baina egia baino ez zen. Orduan bagenekien gure etxea zela, eta gaur hala da legez eta egitez”.

Ortuzarrek zentzu berean jarraitu du hitz egiten: “justiziazko egintza baten aurrean gaude. Memoria eta erreparazio ekintza batean. Edozein demokrataren gustukoa den horietako bat da". "Francok eta diktaduran izan zituen gobernuek eraikin hau beren garaipenaren ikur bihurtu nahi izan zuten, gure porrotaren sinbolo, euskaldun demokratena. Beren amarru eta okerkeria guztiekin borrokatu ziren, okupatzeko eta eurentzat gordetzeko", gogorarazi du. "Gaurko ekitaldi honek ere balio du horma hauek garbitzeko, nazien, Gestapoko agenteen eta polizia frankistaren agenteen aldetik eragin zen indarkeriaren arrastoak bertatik ezabatzeko, euskal herritar eta demokrata askoren biziak  eraman baitzituzten. Horien guztien omenez ere bagaude gaur hemen”, esan du.

EAJ-PNVk 1936ko irailaren 12an erosi zuen eraikina, urte bereko urriaren 7an lehen Eusko Jaurlaritza eratu aurretik. Gerra zibilaren eta erbestearen aurrean, faxismoari aurre egin zion Agirre lehendakaria buru zuen Eusko Jaurlaritza hartzeko gaitu zen. Nazismoak 1940an Frantzia inbaditu zuenean, nazien armadak eta Gestapok konfiskatu zuten eraikina. Eraikina 1944ko Bigarren Mundu Gerraren ondoren berreskuratu zen, baina Frantziak 1951n berriro eman zien agintari frankistei. EAJ-PNV hainbatetan saiatu da eraikina berreskuratzen, eta 2022az geroztik, Memoria Demokratikoaren Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriak atzerrian egindako konfiskazioak itzultzeko aukera ematen du. Horrela, eraikina jatorrizko eta legezko jabeari itzuli zaio. Gaur, 2025eko irailaren 20an, EAJ-PNV Marceau Etorbidearen 11. zenbakira itzuli da. Egun historikoa da.

Interesatu Zaitez