Pradales Lehendakariak agenda politikoaren erdigunean jarri ditu euskal gizartearen ongizate emozionalerako eta osasunerako erronka berriak

Alderdiei "eskuzabaltasuna, ardura eta seriotasuna" eskatu die, Euskadirentzako estatutu-itun berria lortzeko

Pradales Lehendakariak agenda politikoaren erdigunean jarri ditu euskal gizartearen ongizate emozionalerako eta osasunerako erronka berriak 18Irailak
IrailaK 18 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

“Nekez egingo diegu aurre 2025. urteko erronkei XX. mendeko paradigma eta tresnekin”. Lehendakariak gaur goizean iragarri du Eusko Legebiltzarrean euskal herritarren ongizate emozionalarekin lotutako gaiei erantzuteko neurri sorta bat bultzatuko duela, “'ondo sentitzen ez diren' pertsonen kopurua hazten ari delako”.

Legebiltzarraren ikasturteari hasiera emateko Politika Orokorreko eztabaidan, emozioen eta osasunaren arloan gizarteak aurre egin behar dien erronka berriei buruz hausnartu du Imanol Pradalesek. Erronka horiek norabide bikoitzeko kontratu sozial berri bat behar dute; komunitateak pertsona zaindu behar du eta pertsonak komunitatearekin duen konpromisoa adierazi behar du.

Herritarren arreta emozionala hobetu behar da. Horretarako, pantailen gehiegizko erabilerari erantzun behar zaio, gailu digitalen erabilerari buruzko Herri Estrategia integrala garatuta. Estrategia hori sailartekoa izango da, eta lehendakariak berak gidatuko du. Foru-aldundiek eta udalek ere parte hartzea nahi da, “ekarpen handia egin baitezakete”.

Bigarren jarduketa-sorta izango da Araialdean, Irunen, Gasteizen eta Etxebarrin 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionalari zuzendutako programa pilotua sustatzea. Entzuteko, laguntzeko eta babesteko ate berria izan nahi du; gazteek komunikazio- eta adierazpen-gune seguruak izango dituzte profesionalek lagunduta.

Halaber, Lehendakariak iragarri du Lehen Mailako Arretan psikologiako profesionalak hedatuko direla, osasun mentalean espezializatutako zerbitzuak arintzeko, eta kasurik arinenak eta terapia pribatuetara iritsi ezin diren biztanleak artatu ahal izateko. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko Ekintza Plana ere bultzatuko du.

Imanol Pradalesek 2025-26 ikasturterako iragarritako neurrien artean, honako hauek dira nabarmentzekoak: jaiotzagatiko 200 euroko dirulaguntzak haurrek 4 urte izan arte luzatuko dira, eta 7 urtera arte 100 euroko dirulaguntzak, familia ugarientzat edo guraso bakarreko familientzat; Osakidetzan 4.245 plazako EPE berri bat egingo da; Etxebizitzari dagokionez, 39 urtera arteko pertsonei etxebizitza eskuratzea errazteko abalen lerroa onartzea; uztailean Segurtasun arloan abian jarritako lan-foroaren ondorioak aurkeztuko dira; eta 33 milioi euro gehiago mobilizatuko dira zailtasun handienak dituzten herritarrak lan-munduan sartzen laguntzeko.

Gizartearen beharrei erantzuteko bide berri baten hasiera, Lehendakariak gogorarazi duenez, “ez da lortuko bi egunetan”. Ildo horretan, autokritika ere egin du; onartu du agintaldiaren lehen urtean Gobernuak ez duela lortu herritarren arteko desberdintasunak murriztea, ezta administrazioaren desburokratizazioan gehiago aurrera egitea ere. Hori dela eta, Euskal Administrazioaren desburokratizaziorako foro bat sustatuko duela iragarri du, eta Jaurlaritzak Administrazioa arintzeko eta sinplifikatzeko lege-proiektua aurkeztuko duela.

“Badakit Jaurlaritzak ez duela dena ondo egin, ezta gutxiago ere. Saiatu garen arren, ez dugu dena egiten asmatu”, onartu du. Jarraian, alderdi politikoen arteko elkarlanerako deia egin du: “talde-lana ezinbestekoa da datozkigun erronka handiei aurre egiteko”.

Estatutu-itun berria

Imanol Pradalesen ustez, estatutu-itun berri bat lortzeko “urratsak emateko eta arriskuak gain hartzeko garaia da”. Estatutu berri horrek edukia aldatu duten mekanismoen bidez aldatu diren eskumenak identifikatu eta zuzenduko ditu, eta “aldebikotasun eraginkorreko esparru bat eta berme-sistema inpartzial bat izatea” lortuko du.

Lehendakariak adierazi du itun berri horrek, hala ere, “eskuzabaltasuna, erantzukizuna eta seriotasuna” behar dituela, eta Euskadik, gainera, bere egonkortasunaz eta Estatuan bizi den une politikoaz baliatu behar duela egiteko dauden eskumenen eskualdatzea osatzeko. Azken finean, Imanol Pradalesen ustez, “funtsezko ikasturte politikoa” da “hitz egiteko, negoziatzeko eta akordio batera iristen saiatzeko”. Seriotasunez eta diskrezioz. Presarik gabe, baina etenik gabe”. Are gehiago, amaitu du, “Euskadirentzat oso garai zailak irits daitezke”, eskuinak edo ultraeskuinak botere-maila handiagoa lor dezakete eta, ondorioz, “gure autogobernua, identitatea eta erakundeak zalantzan jartzeko agertokia” irits daiteke.

Iturria: Irekia

Interesatu Zaitez