Onda Vascan egin dioten elkarrizketan, EBBren idazkariak ziurtatu duenez EAJ-PNVk “zentralitatetik funtzionatzen du”, “herritarren ardurak” jorratuz, ostegunean politika orokorreko osokoan Lehendakariak erakutsiko duenez
“130 urte daramatzagu politika egiten, zaratatik urrunduta eta jendearen arazoekin arduratuta. Etxebizitzaz hitz egiten dugu, Osasunaz eta Segurtasunaz. Konponbideak bilatzen dizkiegu euskal hiritargoaren ardura nagusiei. Alderdi politiko batzuek ezkerrean jartzen gaituzte eta besteek eskuinean; horrek esan nahi du gu erdian gaudela”. Eusko Legebiltzarrean politika orokorrari buruz egingo den osoko bilkurarako bi egun falta direla, Euzkadi Buru Batzarraren idazkari Maitane Ipiñazarrek EAJ-PNVren ibilbidea defendatu du eta esan du Imanol Pradales Lehendakariak bertan jorratuko dituela “hiritarren ardurak”. “Horixe da politika egiteko dugun era: elkarrizketa, zaratatik urrunduta eta kontsentsuetara iristeko borondatea. Zentraltasunetik ari gara”, berretsi du.
Hain zuzen ere, Espainiako gobernuarekin Gernikako Estatutuaren betepenaren inguruan bidean diren negoziaketez galdetu diotenean, Ipiñazarrek berretsi duenez “autogobernuari dagokionez azkenera iritsi nahi dugu”. “Atzo bertan buruzagi politiko bati entzun nion presaka gabiltzala transferentziak gauzatzeko. Presa baino gehiago, pazientzia daukagu, 45 urte baitaramatzagu zain Espainian une bakoitzean izan den gobernuak Gernikako Estatutuan jasotakoa bete zezan. Ekinean jarraituko dugu”, azpimarratu du.
Azkenik, EBBren idazkariak gogora ekarri eta nabarmendu nahi izan du larunbatean Parisko Marceau Etorbideko 11. Zenbakian egingo den ekitaldiaren “garrantzia”. “Oso hunkigarria izango da gure alderdikideentzat oso garrantzitsua eta sinbolikoa delako eraikina bere benetako jabeari itzuli izana: Euzko Alderdi Jeltzaleari”.