EBBren idazkari Maitane Ipiñazar, Agirre Lehendakariak Frantziako hiriburuan zuen bulegoan zegoen koadroa ondoan izan duela, gaur iragarri du talde jeltzalea datorren larunbatean itzuliko dela faszismoaren aurrean euskaldunek izan zuten askatasun eta demokraziaren sinbolo izan den eraikinera
EAJ-PNV Parisko Marceau Etorbideko 11. zenbakian duen eraikinera itzuliko da irailaren 20an. Euzkadi Buru Batzarraren idazkari Maitane Ipiñazarrek gaur bertan iragarri du datorren larunbatean talde jeltzaleak ekitaldi bat egingo duela bertan, “haren titulartasuna bere jatorrizko eta benetako jabeari, Euzko Alderdi Jeltzaleari, itzuli egin zaiola gogoan izanik”. EBBren idazkariak ondoan izan du Ricardo Arruek margotutako koadroa, José Antonio Agirre Lehendakariak Frantziako hiriburuan izan zuen bulegoan zegoena.
“Egungo Euzkadi Buru Batzarra eta EAJren aurreko Aberri Burutza baturik, ekitaldi baten bidez ospatuko dugu gure historiaren zati bat berreskuratu dugula. Hau ez da soilik EAJren historiaren parte bat, Euskadi osoaren historia delako. Eraikin hau askatasunen eta Euskal Herriari eman zitzaion babesaren sinbolo izan zelako herri honek bizi izan zituen unerik latzenetan”. Hitz hauekin adierazi du Ipiñazarrek irailaren 20an egingo den ekitaldiaren garrantzia.
Prentsakoak aurrean izan dituela, Ipiñazarrek gogora ekarri duenez eraikin hau “guda zibilean eta erbestealdian prestatu zen faszismoari planto egin zion orduko Eusko Jaurlaritzaren egoitza izan zedin”. EAJ-PNVk eraikina erosi zuen 1936ko irailaren 12an, urte bereko urriaren 7an lehen Eusko Jaurlaritza eratu aurretik. Eraikina indarrez hartu zuten nazien ejertzitoak eta Gestapoak naziek 1940. urtean Frantzia inbaditu zutenean. EAJ-PNV behin eta berriz saiatu izan da eraikin hau berreskuratzen, eta 2022. urtetik aurrera Memoria Demokratikoaren Legearen Bederatzigarren Xedapen Gehigarriak ahalbidetu egiten du atzerriko inkautazioak beren jabeei itzultzea. 2024ko abenduaren 23an Espainiako Gobernuak onartu egin zuen eraikinaren jabetza bere jatorrizko jabe legitimoari itzultzeko Lege-dekretua.