EBBren presidentea eta Erakunde Politikarako burukide arduradun Joseba Díez Antxustegi EAJ-PNVren ordezkari gisa izan dira Junts per Catalunyako ordezkaritzaren barruan Rafael Casanovari urtero bezala egin zaion lore eskaintzan
Beste behin ere, EAJ-PNVk bere errespetu eta elkartasuna adierazi dizkie kataluniar hiritargo osoari, Kataluniako Diada ospatzen den egunean. Euzkadi Buru Batzarraren presidente Aitor Esteban eta Erakunde gaietarako burukide arduradun Joseba Díez Antxustegi, Junts per Catalunya taldearen ordezkaritzaren barruan, urteroko lore eskaintza egin diote Rafael Casanovari, Bartzelonaren eta Kataluniako askatasunen defentsan 1714ko irailaren 11an hil zela gororatuz.
Ekitaldia amaitutakoan, Estebanek bertan batu diren hedabideei erantzun die eta bere esanetan “garrantzitsua da hemen egotea. Euskadi eta Kataluniako bizitza politikoen ezaugarriak desberdinak izan arren, antzeko arazoak ditugu eta gure subiranotasuna defendatzen dugu”. Halaber, EBBren presidenteak Europan jarri nahi izan du fokua: “Denok ditugun arazo horien barruan, kontuan hartu behar dugu munduko egoerak eta Europako egoerak ere eragiten digutela. Arretaz begiratu beharko diogu Europako ordena berri horren garapenari. Europa ezerezean gera ez dadin, derrigorrezko du indartzea, eta hor euskal eta kataluniar nazioek beren tokia bilatu behar dute . Uste dut Europako testuinguru berriari Espainiar estatukoari adinako arreta jarri behar diogula, edo behar bada handiagoa”.
Azkenik, Estebanek aipatu egin du bere lehen Diada dela EAJ-PNVren aberri burutzaren presidente bihurtu zenez geroztik , eta esan du “bete beharrekoa” zela Bartzelonako gaurko hitzordua. “EAJ etxean bezala dago Katalunian”, amaitu du.