"Oreka justu bat" proposatu du Euskal Taldeak, "inor atzean utzi gabe lanaldi-murrizketari heldu ahal izateko"

Idoia Sagastizabal diputatu jeltzaleak ez ditu babestu lanaldia murrizteko eta deskonektatzeko eskubidea aitortzeko Lege Proiektuari aurkeztu zaizkion osoko zuzenketak, eta “adostasunak eraikitzea” proposatu du, proiektuaren alderdi negatiboak elkarrizketa sozial gehiagorekin eta enpresei laguntzeko neurri gehiagoren bidez konpontzera begira

10Irailak
IrailaK 10 |
Kongresua

PARTEKATU

"Osoko zuzenketen aurka bozkatuko dugu. Ez arazoak ukatzeko, baizik eta elkarrizketa sozialarekin eta aldi baterako neurriekin konpontzeko eta enpresa txiki eta ertainei lagunduz. Ez inposatzeko, adostasunak eraikitzeko baizik", azaldu du Idoia Sagastizabal Euskal Taldeko diputatuak, gaur bertan, asteazkenarekin, Kongresuan lanaldi-murrizketarako, lanaldi-erregistroaren bermerako eta deskonexiorako  lege-proiektuari aurkeztu zaizkion osoko zuzenketen eztabaidan.

Zuzenketa horiek aurkeztu dituztenen edo "aurkeztutako erreformaren edozein aldaketak langileen eskubideak murriztea ekar dezakeela uste dutenen" aurrean, Sagastizabalek defendatu du beharrezkoa dela "oreka justu bat lortzea, inor atzean utzi gabe lanaldia murriztea ahalbidetuko duena: ez baldintza hobeak eskatzen dituzten langileak, ezta ekuazioaren parte den enpresa-sektorea ere".

Euskal Taldearen arabera, lanaldiaren murrizketa "ez da panazea bat, baina aukera bat izan daiteke bizi-kalitatea hobetzeko, lan-osasuna sustatzeko eta eredu iraunkorrago eta produktiboago baterantz aurrera egiteko". Izan ere, diputatu jeltzaleak ukatu egin du neurri horrek enpleguan eragin negatiboa izatea, eta Euskadi jarri du adibide gisa: "Hitzarmen askok 37,5 orduko lanaldiak finkatu dituzte dagoeneko, baita 35 ordukoak ere sektore publikoan, baina horrek ez du ekonomia geldiarazi, ezta enplegua murriztu ere. Aitzitik, jardunaldi hauek bateragarriak izan dira hazkundearekin eta lehiakortasunarekin ".

Hala ere, alderdi jeltzalearen ustez, aurkeztutako ekimenak  baditu bere zailtasunak eta arriskuak. Horregatik uste du proiektua hobetu daitekeela zuzenketa partzialen bidez, enpresentzat izan ditzakeen ondorio negatiboak arintzeko neurri batzuk ziurtatzera bideratuak, "pizgarriak zailtasun handiagoak dituzten sektore eta ETEentzat, araubide iragankorrak, malgutasun handiagoa lanaldiaren banaketa irregularrean, eta berariazko laguntza sektore estrategikoetan eta kontratu publikoetan, non Administrazioak ahaleginaren zati bat bere gain hartu behar duen prezioak berrikusteko mekanismoekin edo egokitzapen-klausulekin".

"Erronkak aitortzeak ez du esan nahi aurrera egiteari uko egingo zaionik,baizik eta erantzukizun politikoarekin aurre egitea bilatzen dela", esan du Sagastizabalek: "Enplegua sortzeko eta prozesu eraginkorragoetarantz eboluzionatzeko palanka bihur baitaiteke".

Interesatu Zaitez