Eurodiputatu jeltzaleak positibotzat jo du Elkartze Akordioaren alderdi komertziala bertan behera uzteko eta Benjamin Netanyahuren Gobernuko kolonoei eta eskuin muturreko ministroei zigorrak ezartzeko proposamena
Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko eurodiputatuak Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak gaur bertan, asteazkenarekin, iragarri duen proposamen sorta ospatu du, Batasunaren Egoerari buruz eta oso bereziki Israelen inguruan egin den eztabaidan, Benjamin Netanyahu Gazan egiten ari den basakeria dela eta.
"Genozidio baten aurrean gaude argi eta garbi, eta bazen garaia Europako Batzordeak Israelen aurkako jarrera eta erabakiak gogortzeko, Gazan gertatzen ari dena erabat onartezina delako eta gertatzen ari den hondamendi humanitarioa gelditu behar dugulako. Denbora luzea daramagu konponbide eta neurri sendoak eskatzen sarraski hau geldiarazteko. Gaur, asteazkena, jarrera aldaketa bat ikusi dugu, eskuin muturreko ministro eta kolonoen aurkako zigorrak proposatuz, Gazari laguntzeko emaile talde bat sortuz eta, batez ere, elkartzeko akordioaren arlo komertziala bertan behera utziz. Gobernuek erabakiak hartzeko garaia da, eta espero dugu Europako Parlamentuak ere mezu indartsu eta bateratua bidaltzea, Gazako basakeria geldiarazten laguntzeko", nabarmendu du Europako Parlamentuan Batasunaren egoerari buruz egindako eztabaidaren ostean.
Agirregoitiak kontuan hartu ditu, halaber, Ursula von der Leyenek batasunerako, independentziarako eta "Europa berrirako" egin dituen deiak, baita Ukrainari laguntzen jarraitzeko beharra eta Europak bere segurtasuna bere gain hartzea eta bere teknologien kontrola hartzea ere. Europako lehiakortasuna sustatzeko konpromisoei dagokienez, eurodiputatu jeltzaleak gogora ekarri du sektore eta teknologia estrategikoen industria bizkortzeko legea egiteko agindua eta industriari lehia desleialetik babesteko beharra aldarrikatu du kalitatezko enpleguaren lege berri bat eta pobreziaren aurka borrokatzeko Europako estrategia abian jartzea erreklamatuz.
"Beharrezko ditugu anbizioa eta Europaren lidergo ona, Europa integratuagoa eta subiranoagoa, gure interesak defendatuko dituena. Denbora luzea daramagu entzuten, eta orain hitzetatik ekintzetara igaro behar dugu, Europa ezin baita promesetatik bizi. Aurkeztu zaigun ikuspegi estrategikoa martxan jartzea behar dugu. Espero dugu Europako Batzordeak egoera honek eskatzen duen maila ematen jakitea eta lan hau anbizio osoz aurrera eramatea", gaineratu du.
Von de Leyenek hizpide izan ditu Europaren mendekotasun energetikoa eta Europan zortzi autobide energetiko berri bultzatzeko ekimen bat, eta auto txiki eskuragarriak fabrikatzeko plan bat eta merkataritza-akordioen garrantzia aipatu ditu, Estatu Batuekikoa barne.
Europako Parlamentuan Batasunaren egoerari buruz egin ohi den eztabaida oso bilkura garrantzitsua da Europako egutegi politikoan. Europako Batzordeak aurreko urtearen balantzea egin du eta datorren urteko lehentasun politikoak aurkeztu ditu, Europar Batasunak hemendik aurrera izango dituen erronkei aurre egiteko.